Mosuldik desplazatutako 800 bat errefuxiatu pozoitu dira

Igor Susaeta.
2017ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Mosulen (Irak) EI Estatu Islamikoaren aurka egiten ari diren erasoen ondorioz, 6.000 pasa desplazatu daude Hasanxam U2 kanpalekuan, eta horietako 800 bat kutsatu egin dira ustez pozoituta zegoen elikagai bat jateagatik. Adila Hamud Irakeko Osasun ministroak jakinarazi zuen horietako bi hil direla, bi emakumezko. 300 lagun baino gehiago ospitaleratu dituzte, gainera.

Botaka egiten eta desidratazioak jota esnatu ziren ehunka errefuxiatu atzo, ramadana hausteko iftar-ean jaten duten elikagaia ustez egoera txarrean zegoelako. Arbilgo jatetxe batean (Kurdistango Eskualde Autonomoan) prestatu zuten babarrun, oilasko eta jogurtaz osatutako jaki hori, eta gobernuz kanpoko erakunde batek eraman zuen Hasanxam U2 gunera. Jatetxeko kideak atxilotu dituzte, Rudaw berri agentziak jakinarazi duenez. IOM Migrazioen Munduko Erakundeko iturrien esanetan, Qatarren egoitza duen GKE gobernuz kanpoko erakunde batek erabaki zuen janaria jatetxe horretan erostea.

Hasanxameko U2 kanpalekuan 6.235 iheslari daude egun, eta UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak eremuan dituen hamahiru guneetako bat da. Dagoeneko 819.000 pertsona lekualdatu dira Mosulgo borroketatik ihesi.

Bestalde, Irakeko segurtasun indarrek Mosulgo alde zaharra inguratzeko ahaleginean jarraitzen dute, eta, Qasem Nazal Irakeko armadako komandantearen esanetan, atzo EIko 40 kide hil zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.