Epaiketak. 11/2013 sumarioa

Estatuak «mendekua» nahia duela salatu dute auzipetuek

Auzitegi Nazionalera agertu behar dute 46 akusatuek prozesamendu jakinarazpena jasotzera. ETAren «espetxe frontea» osatzea leporatzen die Velasco epaileak

J. DANAE / ARGAZKI PRESS.
Gorka Berasategi Otamendi.
2016ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
ETAren «espetxe frontea» osatzea leporatuta, Auzitegi Nazionalera deitu ditu Velasco epaileak46 euskal herritar. EPPKren bitartekariek, abokatuek, eta Etxerat, Jaiki Hadi eta Herrira-ko kideek Madrilera bidaiatu zuten atzo, auzitaratzearen jakinarazpena zuzenean jasotzeko. Auzitegiaren atarian, Amaia Izko abokatuak Espainiako Estatuaren «mendeku» jarrera salatu du.

Izkoren esanetan, Guardia Zibilak, polizia operazioen bidez, «ito» eta «kolpatu» egin nahi izan du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) konponbidearen alde eginiko hautua. «Mendeku hori gure kide Arantza Zuluetarekin ari da grinatzen; bi urte eta erdi luze daramatza bakartze egoera basati eta ankerrean, bere etxetik 1.000 kilometrora dagoen Puerto III espetxean [Cadiz, Espainia]».

Hain zuzen, Zuluetaren lekualdatzea eragozteko eta gainontzeko auzipetuen Madrilerainoko bidaia saihestearren, prozeduraren jakinarazpena bideo konferentziaz egiteko eskatu zuen defentsak. Epaileak atzera bota zuen eskaria, auzipetu gutxi batzuen kasuan izan ezik —aitatasun eta amatasun egoerengatik—. Izkok azaldu duenez, «tramite garrantzitsua» dela iritzita behartu ditu epaileak auzitegian agertzera. Atzo, ordea, epailea eta fiskaltza ez ziren bertan izan.

Velasco epaileak 11/2013 sumarioan bildu dituen akusazioek 2013 eta 2015 arteko polizia operazioetan dute oinarria. 2013ko irailean, Herrira-ko 18 kide atxilotu zituen Guardia Zibilak. Urte berean, abenduan, EPPK-k lege baliabideak erabiltzearen aldeko jarrera agertu zuen. 2014ko urtarrilean, bitartekari taldeko zortzi kide atxilotu zituzten, eta, handik urtebetera, abokatuen eta beste lau lagunen aurkako operazioa izan zen. Azkenik, 2015eko martxoan, Jaiki Hadi eta Etxerat-eko kideak atxilotu zituzten.

Sumarioak aparteko pieza bat ere biltzen du, delitu ekonomikoei lotua. Auzipetutako abokatuei zergarik ez ordaintzea eta dirua zuritzea leporatzen diete, eta Herrira-ri, langileen segurtasunaren kontrako delitua.

Auzipetzearen kontra

Auzipetuek deklaratu dute ez daudela ados prozedurarekin, eta defentsa abokatuek, era berean, aurkeztua dute auzipetzearen kontrako helegitea.

Amaia Izko abokatuaren iritziz, «ez dago arrazoi nahikorik» akusatuak leporatzen zaizkien delituengatik prozesatzeko.

Helegiteak dio epaitzen diren gertakariak «aktibitate politikoa, profesionala edo elkartasun ekonomikoa» direla, «beti publikoak» izan direla, eta horiek ETArekin lotzeko zantzurik ez dagoela. Izkoren esanetan, «hemen dagoen gauza bakarra Poliziaren hipotesi bat da, inondik inora frogatu ez dena». Abokatuak salatu duenez, «hipotesia betikoa da: dena ETA da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.