EAJ eta Sortu konponbide bila bildu dira

Ia hiru orduko bilera egin dute, «giro onean».Gatazkaren ondorioak gainditzeari eta erabakitzeko eskubideari begirako urratsak adosteko lanean jarraitzeko asmoa dute

Maribi Ugarteburu, Oskar Matute, Rebeka Ubera eta Pello Urizar, atzo egindako agerraldian. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Urtearen lehen erdiko giro gaiztotuaren ondoren, EAJren eta Sorturen arteko harremanak bere onera itzultzen ari direla dirudi. Bi alderdietako buruak bi ordu eta 45 minutuz bilduta egon ziren atzo goizean Bilbon, EAJren egoitza nagusian. «Giro onean» joan zen bilera, Sabin Etxean, eta elkarrizketei eusteko konpromisoa hartu zuten bi aldeek.

Uztailaren 24an batzartu ziren azkenekoz EAJ eta Sortu, Sabin Etxean bertan. Mintzakideak ere atzoko berak izan ziren: jeltzaleen aldetik, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea eta Joseba Aurrekoetxea burkidea, eta, Sorturen ordezkari, Hasier Arraiz presidentea eta Rufi Etxeberria Gatazkaren Konponbiderako atalaren arduraduna.

Biltzen jarraitzea hitzartu zuten azken bilera hartan, hainbat hilabeteetan harremanak etenda eduki ondoren. Hain zuzen, urtebete lehenago ekin zioten aldiro biltzeari, bake eta elkarbizitzari begirako urratsak lantzeko eta esparru politiko juridiko berri bati begirako urratsak adosteko.

Otsail arte, hilero bildu ziren ardatz horiek oinarri hartuta, baina orduan hasi ziren liskarrak. Gaiak proposatzeko moduan eta metodologian desadostasunak izan zituzten, eta eten egin zituzten elkarrizketak. Udaberrian zeharo gaiztotu zen harremana, eta elkarri mokoka aritu ziren. Haserreak uztailean jo zuen goia, presoen gaia elkarri erasotzeko gai nagusi bihurtu zutenean.

Orduan hausnartu zuten egoera bideratu beharrari buruz. Sortuk bilera bat eskatu zion EAJri; batzartu ziren, eta harremanetan jarraitzea adostu zuten, «beste ahalegin bat» egitea. Erabakiaren berri emateko kaleratu zuen oharrean, EAJk zehaztu zuen «Euskadiren normalizazioa eta haren nazio nortasunaren aitorpena lortzea» izango zela ahalegin berrituaren helburua. Udara ondoren biltzekotan geratu ziren.

Erabakitzeko eskubidea

Atzo izan zuten hitzordua. Eta, parte hartzaileen esanetan, egoera politikoaren azterketa trukatu zuten. Egoerak hala eskatuta, «arreta berezia» jarri zuten Eskoziako eta Kataluniako burujabetza prozesuen inguruan.

Harremanetan egongo dira hemendik aurrera ere, gatazkaren ondorioak konpontzeko prozesuan eta erabakitze eskubidearen inguruan «aurrerapausoak eragingo dituzten akordioak lortzeko lanean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.