Atentatua Parisen. 'Charlie Hebdo'-ren aurkako erasoa

Sudur guztietako garatxo

Probokatzaile, ezkerreko eta zirikatzaile, sorreratik izan ditu ezagun 'Charlie Hebdo' aldizkari satirikoak epaitegi, mehatxu eta zuzeneko erasoak
'Charlie Hebdo' aldizkariaren azken urteetako zenbait azal. Korana kaka bat dela dioena, tartean.
'Charlie Hebdo' aldizkariaren azken urteetako zenbait azal. Korana kaka bat dela dioena, tartean. CHARLIE HEBDO

Iñigo Astiz -

2015eko urtarrilak 8
2014koa da autorretratua. «Kontsentsu mediatikoaren sudurreko garatxo ezin ederrago hori izaten jarraitu behar du Charlie Hebdo-k! Zer litzateke bestela txandaka maritxu, homofobo, judu, arabiar, islamofobo, kristaufobo, laikokote, feminista, misogino, marmarti, arrazista, ezkerti, sozialista, begetariano, gorpujale, anarkista, estalinista, txakurdun punki edo katudun zentrista izendatzen gaituzten pentsamendu zuzenaren apaiz saldoaz!». Horixe Frantziako aldizkari satiriko, politiko eta sozial nagusiak bere buruaz egindako deskribapen satiriko, politiko eta soziala. Probokatzaile, ezkerreko eta zirikatzaile. Aske izan nahi, eta publizitaterik batere gabe eutsi dio 1969tik 1981erako tartean lehenik eta 1992tik gaur egunera artekoari gero. Prentsaren krisiak gogor kolpatu, ordea, eta laguntza eske jo zuen irakurleengana iaz. Garatxo izaten jarraitu ahal izateko. Epaiak epai, mehatxuak mehatxu, hori izan da beren aldarrikapena: erabateko askatasuna. «Munduko bi erlijio nagusien aurkako erresistentzia manten dezakezu: Intolerantziaren eta Ergelkeriaren aurkakoa». 2011n erre egin zieten egoitza, 2012an eraso informatiko bat jasan zuten, eta atzo tiroz eraso zieten.

Ezkerrerako joera argikoa, baina ezker zehatz batekoa izan gabe. Libertarioa, erredakzio zuzendaritzaren hitzetan, eta ezker pluraleko osagarri guztien topaleku atzo zendutako Stephane Charbonnier Charb zuzendariaren hitzetan. Ezkerreko eskuaz egin duela hazka da seguruenik aldizkariaz esan daitekeena, eta hazka egin duela da ziurtatu daitekeena. Eskuin muturreko alderdiekin zorrotz, ezkerrarekin, katolizismoarekin, judaismoarekin, islamismoarekin eta baita euskal herritarrekin ere. Inoiz zirikatzaile bezain mingarri ere egin zaiola dio Asisko Urmeneta marrazkilariak horregatik. «Ezker-eskuin banatzen ditu zartak: boterearen kontra, sinesmen guztien kontra, eta baita korsikarren, bretoien eta euskaldunen kontra ere. Batzuetan mindua sentitu naiz satira horiekin, baina hori da satira; irrizkoa baina zauritzen ahal duena».

Erlijioarekin izan ditu dema handienetariko batzuk aldizkariak, eta islamismoarekin izandako talkak dira ezagunenak. Epaiketetan izan ziren 2007an Mahomaren irudiak argitaratzeagatik, epaitegiek aldizkariaren adierazpen askatasuna defendatu eta Mahomaren irudi gehiago argitaratuz ospatu zuten epaia. 2011n ere Tunisian Ennahda alderdi islamistaren garaipenaren harira ale berezia prestatu zuten, baina publikatu aurreko gauean su eman zioten beren egoitzari eta Liberation egunkarian hartu behar izan zuten babes denbora batez. Baina etenik ez, ordea. 2012an berriz irudikatu zuten profeta biluzik eta Koranak balarik gelditzeko balio ez zuela eta «kaka» zela zioen azala kaleratu zuten 2014an.

Mehatxu sorta jaso dute horiengatik guztiengatik, baina ez da soilik islamismoa izan, ordea. Izan ditu arazoak juduekin eta kristauekin ere. Gabonotan zenbait udaletxetan jarritako jaiotzen kontura sortutako polemika bildu duen alea du gogoan Urmenetak, adibidez. Herrialde laiko batean espazio publikoan sinesmen zehatz bati egindako adierazpen horiek muturrera eraman zituen Charlie Hebdo-k. «Pixatoki publiko baten, gizonezkoentzako pixontziaren barnean irriz eta ahoa zabalik irudikatu dute». Hori izan da aldizkariaren jarrera bere ibilbide guztian, marrazkilariak dioenez. «Gogoan dut [François] Mitterrand hil zen astean haren hezurdura ageri zuen txistea egin zutela azalean».

Michelle Houllebecq idazleari eskaini zioten azkena. Musulmanen menpe irudikatu du Frantzia bere azken eleberrian, eta hari ere kolpe aldizkariak. Mago mozkor baten gisa irudikatu dute, sudur handi: «2014an hortzak galduko ditut, 2020an Ramadana egingo dut». Eta sudur horretan ere garatxo aldizkaria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna