Urkullu eta Mas, nork bere bidea finkatuta

Urkulluk jakinarazi du estatu eredu berriaren aldeko elkarlana eskaini ziola Masi baina hark bere bidea hartu zuela.Espainiari «leial» izatea egotzi dio Arraizek Jaurlaritzari

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2015eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Jakina da Iñigo Urkullu lehendakariak EAErako estatus politiko berria lortzeko sistema hitzartuan sinesten duela eta estatuarekin akordioa lortzeko aldebikotasunaren aldeko apustua egiten duela. Ideia horren alde egin du berriro, Kataluniak independentziarantz abiatutako bidetik aldenduta. «Nork bere bidean sinesten dugu», azpimarratu du. Eusko Legebiltzarrean mintzatu da Urkullu, gobernuaren kontrol saioan EH Bilduk eta UPDk Kataluniari buruz egindako galderei erantzunez.

Urkulluk azaldu duenez, lehendakaria denetik hiru alditan batzartu da Masekin, birritan Ajuria Enean eta behin Generalitatean, eta hartu-eman horietan elkarrekin aztertu dituzte estatuaren jarrera, norberaren erantzunak eta bideak. Bi agintariak ondorio berara iritsi dira bilera horietan, lehendakariaren arabera: estatuak ateak itxi egiten dizkiela eta ez duela onartzen estatuaren «nazio izaera plurala» eta «herri ezberdinen nortasuna». Horren ondorioz, biak ala biak bat datoz estatu ereduaren aldaketa ezinbestekoa dela eta elkarrizketa, negoziazioa eta akordioaren bidea jorratu beharra dagoela.

Haatik, diagnosian bat egiten badute ere, jarraitu beharreko ibilbide orrian ikuspuntu ezberdinak dituzte Urkulluk eta Masek. Izan ere, lehendakariak jakinarazi du bilera horietan «estatu eredu berria» lortzeko asmoz elkarlanerako eskua luzatu izan diola Generalitateko presidenteari, baina ez direla ados jarri. «Kataluniak erabaki du bere bidea hastea, eta Euskadik, berea, bere historian, errealitatean eta inguruabarren arabera», azaldu du.

Mariano Rajoyren gobernuak elkarrizketaren «ateak itxita» edukitzea deitoratu du lehendakariak, eta ziur da hori aldatzeko aukera bakarra abenduaren 20ko bozen ostean Espainiako Gobernu berri bat izatea dela. Arazoa, haren aburuz, Madrilen dagoelako, «estatu ereduaren krisian».

Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak estu hartu du lehendakaria bilkuran, Generalitateak ez bezala Eusko Jaurlaritzak «leialtasunez» jokatzen duelako Espainiako Erreinuarekin. Gainera, Eusko Legebiltzarrean eratu den autogobernu lantaldearen «komodina» jada agortuta dagoela salatu du Arraizek, EAJrentzat hura «ez eztabaidatzeko, ez adosteko eta kontsulta ez egiteko zuribidea» delako. Eta burujabetzarako «borondate politikoa» egonez gero legebiltzarreko gehiengoa aktibatu baino ez dela egin behar gogoratu dio Arraizek Urkulluri. Lehendakariak erantzun dio posible dela autogobernu lantaldean akordioak bilatzea, eta baita estatuarekin aldebikotasun harreman bat lortzea ere. Lantaldetik kanpo, ordea, «ezinezkoa» dela ohartarazi du.

Dokumentala

Urkulluk PSEk egindako beste galdera bati erantzunez adierazi du ez zela «egokia» izan Barrura begiratzeko leihoak dokumentala Euskal Telebistan ematea. Halaber, esan du emanaldiaren berri emanez EITBk bidali zuen prentsa oharra ere «okerrekoa» izan zela, dokumentalean preso politiko deitzen zitzaielako protagonistak diren euskal presoei. Gogorarazi du, halaber, EITBk onartu zuela oker hori egin izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.