Carlos Urkijok helegitea ezarri dio Berastegi Ueman sartzeko erabakiari

Martxoan egin zuen Berastegiko Udalak Ueman sartzeko hautua, baina Urkijok uste du «legez kanpokoa» dela.Uemak salatu du udal ugari ari dela «erasoak» jasaten

Maren Belastegi Uemako lehendakaria, ezkerrean, eta Uemako zuzendaritzako zenbait kide. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2014ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Euskara ez omen delako zerbitzu bat. Carlos Urkijok, Espainiak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak, argudio hori erabilita ezarri du helegitea Berastegiko Udalaren aurka (Gipuzkoa), Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko erabakia hartzeagatik. Izan ere, haren arabera, Uema euskara-zerbitzu mankomunitate bat denez eta euskara zerbitzu bat ez izanik, «legez kanpokoa» da herri bat han sartzea. Hala azaldu zuten atzo Uemako zuzendaritzako hainbat kidek eta Haritz Mujika Berastegiko alkateak Urkijok udalaren aurka auzitara jotzeko emandako arrazoia.

Ez da, ordea, gaitzetsi duten gertakari bakarra. Izan ere, atzo Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egindako agerraldian, Uemako zuzendaritza batzordeko kideek salatu zuten mankomunitatearen parte diren hainbat udalek izaten dituztela antzeko oztopoak, eta gaitzetsi zuten Berastegiko Udalari gertatutakoa «Uemaren eta ondorioz euskararen aurkako erasoa» dela. Berastegiko Udalari, bestalde, «babes osoa» agertu zioten. EAJ, Aralar eta EH Bilduko Uemako zinegotziek sostengatu zuten atzo egindako salaketa.

Martxoaren 31ko osoko bilkuran hartu zuen Berastegiko Udalak Ueman sartzeko erabakia, Mujika alkateak azaldu duenez euskararekiko «konpromisoa» hartu nahi zutelako. Mujikak uste du euskarak nagusi den «lurgunea» behar duela bizi ahal izateko eta Berastegik ere «arnasgune linguistiko kulturalaren lurralde-sarea» osatzeko ardura duela. Erabakia hartu eta bi hilabetera jaso zuten lehendabiziko errekerimendua udalean, eta irailaren 1ean jarri zion Urkijok helegitea Ueman sartzeko erabakiari. Mujikak, hala ere, egindako hautua berretsi du: «Ongi pentsatu, eztabaidatu eta gehiengoaren erabakiz egin genuen, eta ez dugu atzera egingo: epaitegietan defendatuko dugu. Berastegi Uemako kide da eta izango da aurrerantzean ere».

Uema, euskararen arnas

Uemako zuzendaritzako kideek gogora ekarri dutenez, herritarren %70ek baino gehiagok euskaraz dakite Uemako herrietan, eta «hizkuntza normal erabiltzeko baldintzak» dituzte. Harago joanez, erran dute bertze eremuetan egindako ahaleginak «alferrik» izan daitezkeela «arnasguneak sendotu eta zabaldu ezean». Hori dela eta, Uemako herriei jarritako trabak bertan behera uzteko eskatu dute, euskara indartu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.