Espainiarekin leialtasuna lantzera

Iñigo Urkullu Zarzuelan izan da ia ordubetez, Felipe VI.arekin.Elkarrizketa eskatu du Urkulluk.EH Bilduren ustez, lehendakariak ez dio begirunerik adierazi behar erregeari

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Madrilera joan zen atzo, Zarzuela jauregira, Felipe VI.a Espainiako erregearekin biltzera. Harremanak estutzera joan zen Espainiako erregearengana, elkarrizketaren bidean sakondu eta leialtasuna lantzera. Halaxe azaldu zuen goizean Mungian (Bizkaia), Madrilerako bidea hartu aurretik, eta halaxe jakinarazi zuten lehendakaritzako iturriek bileraren ostean ere.

Iturri horien arabera, bi agintarien arteko bilera «beharrezkoa eta giro onean egindakoa» izan zen. Lehendakariak Felipe VI.ari azaldu ei zion egungo eredua ez dela eraginkorra eta eredu hori luzatzeak «atzera bueltarik ez duen ulertezintasuna eta urruntzea» ekarriko lukeela. Horri aurre egiteko, estatu eredu berri bat osatzea proposatu zion Urkulluk Felipe VI.ari, «elkarrekiko leialtasun politiko eta instituzionalean» oinarrituz. Garai berri horren printzipioek zeintzuk izan behar duten ere esan zuen: «Errespetua, menpekotasunik eza eta aldebikotasun bermedun eraginkorra». Beraz, eredu berriaz mintzatu zitzaion Urkullu Espainiako erregeari, eta lehendakariak argi dauka eredu berri horrek aintzat zer hartu behar lukeen: «Esperientzia, Europako errealitate berria eta autogobernurako nahia».

Madrilera joan aurretik ere elkarrizketan sakondu beharraz mintzatu zen Urkullu, Mungian (Bizkaia). «Politikan sinesten dut; elkarrizketan, negoziazioan, akordioan eta harreman politikoen arteko leialtasunean oinarritutako politikan», azaldu zuen. «Desberdintasunak izan arren, oso desadostasun handiak izan arren, ohiko jardunean eta jardun politikoan beti egon behar du akordiorako lekuak. Horixe berretsiko dut Madrilen».

Arratsaldeko seietatik aurrera izan zuen horretarako aukera. Espainiako erregeak adeitsu hartu zuen Zarzuelako jauregian; irribarretsu eman zion bostekoa, luzaro, eta, ohiko argazkietarako tartea utzi ondoren, erregearen bulegora sartu ziren biak. Ia ordubetez egon ziren bilduta.

Elkar ulertzeko nahia azaldu zion lehendakariak Espainiako erregeari, duela egun batzuk Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuari adierazi zion bezala. Orduan, elkarrizketaren bideari heltzeko gonbita egin zion Rajoyri. Zehazki, «kultura demokratikoan aurrerapausoa» eman dezala eta «elkarrizketaren eta negoziazioaren atea» ireki dezala esan zion. Ez du erantzunik izan.

«Emaitza, hutsa»

EH Bilduri ez zitzaion lehendakariaren adeitasun hori gustatu. «Ez dio inolako begirunerik adierazi behar erabakitzeko eskubidea onartzen ez duen errege bati», esan zuen Maribi Ugarteburuk goizean egindako agerraldi batean. «Estatuak ez dauka inolako asmorik Euskal Herria eta Kataluniako herritarren borondatea entzuteko eta errespetatzeko», adierazi zuen.

Gauzak horrela, bilerak emandakoa hasi aurretik «oso argi» zuela adierazi zuen Ugarteburuk: «Ez dakigu zein diren Urkulluren asmoak, baina oso argi dugu emaitza zein izango den: hutsa, ezer ez; berriro denbora galtzea».

EH bilduren ustez, zerbait esatekotan, Euskal Herritik «bi mezu argi» helarazi behar litzaizkioke Espainiako erregeari: batetik, «akordio eta lege baliagarri bakarra» Euskal Herria erabakigune gisa onartzen duena dela; bestetik, erabakitzeko eskubide hori «inoren baimenaren zain egon gabe» gauzatu behar dela; eta gauzatuko dela aurreratu zuen Ugarteburuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.