Bide oso bat dute egiteko oraindik

EAEko estatutu politiko berriaren testu artikulatu baterako proposamenak aurkeztuko dituzte taldeek astebete barru. Ez dute erraza urte amaierarako akordioa
Egibar eta Iturrate EAJkoak, lantaldearen bilera batean.
Egibar eta Iturrate EAJkoak, lantaldearen bilera batean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Edurne Begiristain -

2018ko urtarrilak 31
Oinarrizko adostasun bat erdiesteko baldintzak badaude, baina izerdia bota beharko dute akordioa lortzeko. Legealdi honetan EAEko estatutu politiko berri baten inguruan ados jartzea ez dute samurra izango alderdiek. Noiz egingo duten, eta, garrantzitsua dena, akordioa nolakoa izango den, ez dago hain argi. Oinarrizko testua osatzeko garaian sartu dira Eusko Legebiltzarreko taldeak, eta hemendik aurrera ikusiko da EAEko estatutu politiko berriak zer bide egingo duen.

Oraingoz, urtea nahi baino motelago hasi dute Autogobernu Lantaldeko kideek. Gaurko zuten jarrita EAEko estatutu politiko berri baten inguruko testu artikulatuak aurkezteko azken eguna, baina datorren asteazkenera arte atzeratu dute epea. Talderen batek bere proposamena epearen barruan aurkezteko zailtasunak izan dituelako erabaki dute eguna atzeratzea. Hortaz, ezusterik ezean, otsailaren 7rako erregistratuta egongo dira proposamenak. Autogobernu Lantaldeak abenduaren 20an egindako azken bileratik alderdiek jasotako enkargua horixe izan baitzen: gainerako taldeen ekarpenak aztertu ostean topatutako adostasunak oinarri hartuta, testu egituratu baterako proposamenak lantzea. Ondoren, testu horiek guztiak mahai gainean jarri, eta estatutu berri baten oinarriak adosten hasi beharko lukete alderdiek.

Autogobernu lantaldeak hilabete batzuk beharko ditu oinarri horiek adosteko, eta, gaur-gaurkoz, ez dago argi noizko egingo duen. Ezta nork egingo duen ere. EAJren asmoa da lantaldeko koordinatzaile Jone Berriozabalek idaztea oinarrizko testu hori, baina azken erabakia talde guztiek adostu beharko dute. Ondorengo pausoa testu artikulatua zehatz-mehatz idaztea litzateke, baina hori nork egingo duen ere ez dute erabaki. Bi ideia daude: ospea duen instituzio bati testuaren zirriborroa «modu tekniko-juridiko-estatutario batean» idazteko enkargua ematea, edo aditu talde bati lan hori eskatzea. Testu artikuludunaren zirriborro proposamena, egiteko agintzen denetik zortzi hilabeteko gutxi gorabeherako epean idatzita egotea adostu dute alderdiek. Hala, urtea amaitu aurretik nahiko lukete alderdiek testu artikulatuaren inguruko akordioa egotea; beranduenez, legealdia amaitu baino lehen.

Erabakitzeko eskubidea

Lortuko duten, ostera, ikusteko dago. Izan ere, taldeek zailtasunak dituzte batzordearen lan metodologia zehatz bat finkatzeko, eta bilera bakoitzean nola edo hala ari dira hurrengo pausoak erabakitzen. Atzerapenak eta lantaldearen erritmo motela ikusita, akordioa legealdi honetan lortzea zail ikusten duenik bada. «Baikor hasi ginen lanean, baina orain ez gara hain baikorrak», azaldu dio BERRIAri Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak. Martinezek beharrezkoa ikusten du akordioa lortzea, baina aitortu du ez duela «borondate politikorik» sumatzen eta oraintxe lantaldea «blokeatuta» dagoela. Baikorragoak dira sozialistak: «Legealdi honetan estatutuaren erreformari buruzko akordio sendo bat lortzeko aukera handia dugu», adierazi diote PSEko iturriek egunkari honi.

Joan den abenduaren 20an elkartu ziren azkenekoz lantaldeko ordezkariak, eta, gainerakoek aurkeztutako proposamenak aztertuta, adostasun puntuak zerrendatu zituzten. Funtsean, ideia bat geratu zen agerian: erabakitzeko eskubidearen inguruan ados jartzeko moduan daudela EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos. Errealitate eta legezkotasun printzipioak bete behar direla esateaz gain, hirurek diote Euskal Herria nazio bat dela eta herritarrek erabakitzeko eskubidea dutela. Hiru talde horiek gehiengoa dute legebiltzarrean (75 legebiltzarkideetatik 57). Nolanahi ere, ez dute bat egiten eskubide hori testuan nola txertatu behar den.

Datorren asteazkenean jakingo da talde bakoitzak zehatz-mehatz zein proposamen egiten duen —EH Bilduk berea jendaurrean aurkezteko asmoa du igande honetan—, baina ezagunak dira batzuek eta besteek defendatzen dituzten printzipio nagusiak. Jeltzaleek estatus politiko berri bat aldarrikatzen dute, nazio izaeran eta erabakitzeko eskubidean oinarritutakoa, eta, horretarako, akordioa lortu nahi dute Espainiako Estatuarekin, gero ere aldebiko harreman batean aritzeko. EAJk uste du eskubide historikoen eguneraketa «heldulekua» izan daitekeela erabakitzeko eskubidea itun berrian txertatzeko, eta hori lor daitekeela Espainiako Konstituzioa aldatu gabe.

EH Bilduk hainbat oinarri eta printzipioren gainean lortu nahi du estatus politiko berria. Batetik, Euskal Herriaren nazio aitortza onartzea nahi du. Euskal Herriak, nazio den heinean, bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea duela uste du. Bestetik, uste du herritarren borondate demokratikoak izan behar duela muga bakarra etorkizun politikoa erabakitzerakoan.

Elkarrekin Podemosek nahiago du Estatutuaren erreforma eta erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaidak banatzea, eta gizartearen gehiengoa bilduko duen akordio «transbertsala» eta «plurala» lortu nahiko du, arlo soziala lehenetsita.

Itun berriaren eduki soziala «blindatzeko» asmo horretan, adostasun puntuak ditu PSEk Elkarrekin Podemosekin. Erabakitzeko eskubidea itun berrian jasotzearen aurka eta legedia errespetatzearen alde daude sozialistak: «Erabakitzeko eskubidea txertatzeko konstituzioa erreformatu beharko litzateke. Hala nahi badute, egin dezatela, baina horrek ez dezala blokeatu estatutuaren erreforma».

PPk, berriz, ukatu egiten ditu Euskal Herriaren nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna