EAEko VII. berdintasun planak zaintzan eta ekonomian jarri du begirada

Administrazio publiko guztien ibilbide orria ezarriko du, «denek norabide berean indar egiteko». Sindikatuek salatu dute Eusko Jaurlaritzak berak ez duela betetzen plana

Izaskun Landaida eta Josu Erkoreka, atzoko gobernu bileraren ostean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Ekonomia eraldatzea eta zaintza lanak ikusgai egitea jomugan jarri ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planak. Helburu horiek aurreko planean zeharka agertzen baziren ere, plan berriak esku hartzeko ardatz batean bateratu ditu. «Eztabaida politiko bat bultzatu behar dugu egungo eredu ekonomikoei buruz», jaso du EAEko administrazioen berdintasun politiken norabidea zehaztuko dituen planak. Are, alderdi batzuk agerian jarri behar direla gaineratu du: emakumeen enpleguak behin-behinekotasun handiagoa duela; pobrezia feminizatua dagoela...

Eusko Jaurlaritzako gobernu bilerak onartu zuen berdintasun plana, atzo. «Administrazio guztiek norabide berean indar egitea» du helburu, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak azaldu zuenez: «Herrialde izaera duten berdintasun politiken oinarria da plana, gero bakoitzak bere aukeren arabera gara dezan». Lau lan eremu, 37 helburu estrategiko eta 150 helburu operatibo ezarri ditu dokumentuak.

Ekonomia eta gizarte antolakuntza eraldatzeko atalean, hezkidetzaren eta «berdintasunaren balioa» nabarmendu du planak, baita zaintza lanen «ikusgaitasuna» handitzea ere: ezinbestekoak direla erakustea, balioa aitortzea, eta, azkenik, horien gaineko ardurak banatzea. Enpresen eta erakundeen antolaketa kultura berdintasunerantz bideratzea ere aipatu du, andreentzako enplegu hobeak sortze aldera.

Esku hartze eremu horretaz gain, planak beste hiru lan ildo ezarri ditu: «berdintasunerako gobernantza», emakumeen ahalduntzea, eta emakumeen aurkako indarkeria. Azken horren kasuan, planak hiru arreta puntu ditu: sentsibilizatu eta indarkeriari aurrea hartu; indarkeria antzeman, arreta eman eta erreparatu —bortizkeria jasan duten andreekin ez ezik, haien seme-alabekin ere jorratzekoa—; eta, azkenik, erakundeen arteko esku hartze koordinatua sustatzea. Landaidak gogora ekarri du indarkeria matxistari aurre egiteko lege bat prestatzen ari dela Emakunde. «Lan serio eta sakona» egiten ari direla esan du, eta EAEko Berdintasun Legeak horri erantzuten diola gaineratu: gai horri buruzko kapitulu zehatz bat duela gogorarazi du.

Kritikak Jaurlaritzari

Plana aurkeztu eta minutu gutxira, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Eusko Jaurlaritzaren jokabidea kritikatu zuten. Berdintasun planaren edukiak baino gehiago, eduki horiek aurrera eraman ez izana leporatu zioten: «Jaurlaritzak ez ditu bere etxean ezartzen gizarte osorako aldarrikatzen dituen berdintasun printzipioak».

Sindikatuek Zuzenean herritarrentzako zerbitzuko langileen egoera baliatu dute adibide gisa. Salatu dute Jaurlaritzak ordutegi malgua kendu ziela martxoan. Malgutasun hori duela hamarkada bat ezarri zela zehaztu dute, eta kentzeko erabakia «alde bakarrekoa» izan zela: «Arauen, lan itunen eta gobernuak aldarrikatzen dituen printzipioen kontra».

Zuzenean zerbitzuko langileei ezarritako erabakia planean xehatutako bi helbururen kontra doa, sindikatuen arabera: kontziliazio erantzukidearen aurka, eta soldata arrakala gutxitzearen aurka. Batetik, malgutasuna kentzearen ondorioz lana eta bizitza pribatua bateratzeko zailtasunak eragiten dituela azaldu dute. Bestetik, gaineratu dute beranduago sartu behar duten langile askok ordutegia murriztu beharko dutela, eta, ondorioz, soldata murriztu. Horren harira, sindikatuek gogoratu dute zerbitzu horretako langile gehienak emakumeak direla, eta, beraz, horrek soldata arrakala handituko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.