Baigorriko atseden zentroan daude Calaistik iritsi diren beste 42 errefuxiatu

Atzo goizaldean iritsi ziren, nekatuta eta eri hainbat, baina onik daude denak. Otsailera arte izango dute aterpea Nafarroa Beherean. Guztira, 49 dira heldu diren iheslariak

Baigorrin dauden errefuxiatuak, atzo eguerdian, bazkaritan. Otsailera arte hartuko dituzte Nafarroa Beherean. BOB EDME.
Eskeine Legorburu - Jone Amonarriz
2015eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
«Akituta» iritsi dira beste 42 errefuxiatu Baigorrira (Nafarroa Beherea). Calais hirian hasita, hamabi ordutik gorako bidaia egin dute autobusez, eta aurreko ostiralean iritsitako gainerako zazpi iheslariekin elkartu dira atseden zentroan. Sudan, Eritrea, Iran, Irak, Niger, Siria eta Afganistangoak dira. Kenyatik etorritako iheslaririk ere bada Baigorrin. Denera, 49 dira, eta hiru hilabeterako hartuko dituzte —Pirinio Atlantikoetako prefetaren erabakiz, orotara 50 hartu ditzakete—.

Baionako Atherbea elkartea errefuxiatuen laguntza lanetan ari da, eta hark du haien ardura nagusia, baina Jean Mixel Koskarat Baigorriko auzapeza ere ari da iheslariei laguntzen. Azaldu duenez, eri iritsi dira 42 lagunetako hainbat, eta medikuek artatu dituzte atseden zentrora iritsi berritan. Ospitalera ere eraman dute bakarren bat, baina gainerako kideekin zen berriz bueltan bazkalordurako.

Gehienez ere otsailaren 15era arte hartuko dituzte Baigorriko VVF gunean, orduan irekiko baitute berriz ere oporretarako leku gisa. Ordutik aurrera, «ikusi egin behar» zer gertatzen den, Koskaratek azaldu duenez. Errefuxiatu gehienen ametsa Erresuma Batura iristea da, han asiloa eta lana eskuratzea errazagoa dela iritzita. Baigorriko errefuxiatuek ere Erresuma Batua dute helburu, «baina konplikatua da zinez» hara iristea, auzapezak dioenez.

OFII Integrazio eta Migraziorako Frantziako erakundearekin harremanetan jartzen ari dira Baxenabarrera iritsitakoak. Asiloa lortzea da iheslarien helburua, eta lehen urratsak eginak dituzte dagoeneko lehenengo iritsitakoek. Bakoitzaren egoera aztertu, eta, asilorako eskubiderik badute, eskaerak martxan jarriko dituzte atzo iritsi zirenentzat ere.

Baigorriko auzapezak esan du xede nagusia «gizon hauen lasaitasuna» lortzea dela orain. «Bidaia luzea egin dute, eta dituzten bizipenak ere ez dira aski samurrak. Baigorrin iraganen duten denboran laguntza emanen diegu, eta gero ikusiko».

Gizonak dira denak

Baigorriko atseden zentroan gaua igarota, elkarrekin bazkaldu zuten atzo 49 errefuxiatuek. Gizonak dira denak, gazteak gehienak, 16 eta 30 urte bitartekoak. Lehen harreran «akituta» ikusi zituen iheslariak Koskaratek, eta atzo lanetik irten berritan elkartu zen berriz haiekin. «Pausatzeko aukera izanen dute orain Baigorrin», eta pozik da auzapeza.

Pirinio Atlantikoetako prefetak egin zion errefuxiatuak hartzeko eskaera. Normalean neguan itxita egoten den oporretarako gunea prestatzerik zuten galdegin zien, eta herriko etxeak berehala eman zuen baiezkoa. Baigorrikoari ez ezik, Donibane Garazikoari ere egin zion eskaera prefetak.

Baigorrin jada ezingo dute errefuxiatu gehiagorik hartu. Koskaratek dio badela «leku sobera», baina prefetak 50ean mugatu zuen iheslari kopurua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.