Albistea entzun

Katalunia. Euskal Herriko erreakzioak

Urkulluren bitartekaritza bitarteko

Jaurlaritzako lehendakariak bitartekari lanak egin ditu Puigdemontek bozak antola zitzan. Kataluniako hainbat enpresabururekin batzartu zen asteazkenean, irtenbide bila
Urkullu lehendakaria, atzo, kazetariz inguratuta, legebiltzarreko korridoreetan.
Urkullu lehendakaria, atzo, kazetariz inguratuta, legebiltzarreko korridoreetan. DAVID AGUILAR / EFE

Edurne Begiristain -

2017ko urriak 27

Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidenteak hauteskundeak antolatuko zituela zabaldu zen atzo eguerdian, eta, zurrumurru horiekin batera, hainbat hedabidek jakitera eman zuten erabaki horretan Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak ezinbesteko tokia izan zuela. Alegia, Urkulluk bitartekari lanak egin zituela Puigdemontek bozak antola zitzan PSCko hainbat buruzagiren bitartekaritza ere aipatu zuten.

El Periódico eta La Vanguardia egunkariek aurreratu zuten informazioa, eta hainbat albiste agentziak zabaldu zuten gero. Haien arabera, Urkulluk bitartekari lanak egin zituen Puigdemontek bozetara dei zezan eta Espainiako Gobernuak 155. artikulua ezar ez zezan. Arratsaldean, Generalitatearen jauregian egindako agerraldian, Puigdemontek aitortu egin zuen bozak antolatzea aztertu zuela, baina azkenean erabaki zuela bide hori ez zuela hartuko, «berme faltagatik».

Jakina da, nolanahi ere, Urkullu saiatu egin dela Espainiako Gobernuaren eta Kataluniako Generalitatearen arteko zubi lanak egiten, nahiz eta egindako ahaleginak ez duen oraingoz fruiturik eman. Asteazkenean Kataluniako hainbat enpresabururekin batzartu zen Urkullu Gasteizen; enpresaburu horiek «erakundeen eta gizarte zibilaren talde zabalago bat ordezkatuta» joan ziren batzarrera. Haien bitartez bidali zion Urkulluk mezua Puigdemonti, eskaera zehatza eginez: Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak 155. artikulua ez ezartzearen truke, independentzia aldarrikapena baztertu eta hauteskundeak antolatzea galdegin zion. Puigdemontek baiezkoa eman zion posta elektroniko bidez, iturri horien arabera.

Lehendakaritzatik ez da baieztapen ofizialik egon. «Oraingoz, ezin dugu ezer esan», besterik ez zuten adierazi atzo lehendakaritzako iturriek. Lehendakariak ere ez zuen adierazpenik egin. Eguerdian, hauteskundeen inguruko zurrumurruak indarra hartzen ari zirenean, bitartekaritzaz galdetu zioten kazetariek legebiltzarreko korridoreetan, eta irribarre batekin erantzun zien Urkulluk.

Bere burua eskaini du maiz

Urkulluk behin baino gehiagotan eskaini du bere burua Kataluniako auzian bitartekari lanak egiteko; bai urriaren 1eko erreferendumaren aurretik, bai gero. Urriaren 1a iritsi aurretik elkarrizketarako denbora bazegoela esan zuen, eta hainbatetan luzatu zien eskua bi aldeei: tentsio handieneko egunetan, hauteskunde kanpainan eta Estatuko Fiskaltzak Generalitatearen aurkako neurriak hartu zituenean.

Hilaren 2an, Katalunian erreferenduma egin eta biharamunean, Bilbon egin zuen hitzaldian, Urkulluk garrantzia kendu zion bitartekari gisa egin zezakeen lanari, eta esan zuen bera bezala «jende asko» aritu dela zeregin horretan lagundu nahian. Hala ere, ordurako —baita ordutik ere indarra hartua zuten Espainiako Gobernuaren eta Kataluniako Generalitatearen artean bitartekaritza lanaren beharra nabarmentzen zuten ahotsek. Erreferenduma egin eta egun batzuk geroago, legebiltzarreko saioan, berriro eskaini zuen bere burua bitartekari lanak egiteko. «Nire aldetik, behintzat, ez naiz eserita geratuko trenen talka gertatu eta bidetik irten bitartean».

Nazioarteko agintariekin ere zubi lanak egiten saiatu da lehendakaria. Urkullu bera eskutitz bidez jarri zen harremanetan Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin, eta bere burua eskaini zion Europaren eta Kataluniaren artean bitartekaritza lana egiteko eta aferari soluzioa emateko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskal Hiriguneko biltzarra, joan den abenduan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Euskal Elkargoa gainditu beharra

Ekhi Erremundegi Beloki

Euskal Hirigune Elkargoak bost urte beteko ditu igande honetan. Ipar Euskal Herriak izan duen lehen instituzio propioa eraikitze fasetik politika publikoak ontzera iragan zen 2020ko hauteskundeen ondotik, baina, anitzen ustez, bere mugak erakutsi ditu jadaneko.
Izadi haurraren alde joan den azaroan Burlatan egindako jaialdi bat. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Amarik gabeko urtebetetze eguna

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoen alaba Izadik bihar beteko ditu 3 urte. Kartzelatik atera beharko du orduan, Espainiako espetxe legediak hala aginduta, eta amarengandik bereizi. Gutierrez atzo atera zen espetxetik, hirugarren graduan.
Aurreneko lerroan, ezkerretik, Gorka Urrutia, Beatriz Artolazabal eta Jose Ramon Intxaurbe, atzo. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Espainiako segurtasun indarren lana balioesteko eskatu diote Jaurlaritzari

Gotzon Hermosilla

Txosten bat egin dute ETAk Guardia Zibilean eta Espainiako Polizian eragindako sufrimenduaz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.