Hezkuntzako aldarriak, ataka berri batean

Greba egunak dituzte sare publikoan gaur eta bihar. Steilas eta ELAk sektore orotan egin dute deialdia; LABek, irakaskuntzan. Jaurlaritzak «erantzukizuna» eskatu du
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2018ko martxoak 14
26.000 langile inguru bi greba egunetara deituta daude gaurko eta biharko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publiko ez-unibertsitarioan. Orotara, urtebetean, sindikatuek sei grebatara deitu dituzte sare publikoko sektore guztietako beharginak. Egunotako mobilizazioek, hala ere, zerikusi gutxi izango dute, esaterako, 2017ko abenduaren 12an egin zutenarekin. Leloa aurrekoena izango da: Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki. Baina, orain, sindikatuen arteko batasuna kolokan dago.

ELAk eta Steilasek hezkuntza publiko ez-unibertsitarioko lau sektoreetan deitu dute grebara: irakaskuntza, heziketa berezia, Haurreskolak partzuergoa eta sukalde eta garbiketa zerbitzuak. LABek irakasleen grebara baino ez du deitu, aurreko greba guztietan aipatu bi sindikatuen bidelagun izan ondoren. Izan ere, sukaldekoen eta garbitzaileen, eta Haurreskolen hitzarmenak sinatu zituen Hezkuntza Sailarekin iragan astean. Heziketa berezian ere ados zegoen Jaurlaritzaren proposamenarekin, baina azkenean ez zuen sinatu: esan zuen akordioak babes zabalagoa behar zuela.

Prozesu horretan, sindikatuen arteko kritikak izan dira; grebaren atarian ere agerian geratu dira. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk atzo bertan leporatu zion ELAri greba egitea duela helburu, ez besterik. «Grebek eraginkorrak izan behar dute; ezin dira helburu bat izan, bere horretan». ELAk, aldiz, kritikatu du iragan astean sinatu zituzten akordioek «murrizketa neurriak» betikotzen dituztela.

Nolabait ere, indar erakustaldia egin nahi dute sindikatuek, gaurko egunez behintzat. ELAk, Steilasek eta LABek manifestazio bateratua egingo dute, Gasteizen. Eguerdian hasiko da, Eusko Legebiltzarraren inguruan, hirigunean, eta Eusko Jaurlaritzan amaituko da, Lakua auzoan. Bihar hiru hiriburuetan izango dira manifestazioak, 12:00etatik aurrera.

Hortik aurrera, zehazteko dago sindikatuek ezarritako mobilizazio egutegiak zer jarraipen izango duen. Sektorekako grebetara deitua zuten, apiriletik ekainera, baita sektore guztien beste greba batera ere, ekainaren 12rako.

«Muturreko» neurria

Eusko Jaurlaritza sindikatuen mobilizazioen kontra mintzatu da. Josu Erkorekaren iritziz, «muturreko neurria» da, eta gaineratu du «seguruenik arrazoirik gabekoa» dela. «Garrantzitsutzat» jo ditu iragan astean Haurreskolen eta garbiketa eta sukaldearen sektoreetan lorturiko akordioak. Negoziazioaren alde apustu egitea galdegin die sindikatuei, akordioak lortzeko. Esan du «erantzukizunez» eta «errealismoz» jokatu behar dutela. «Negoziazio mahaia irekita dago, eta gobernua negoziazioetan aurrera egitearen aldekoa da».

Bada, sindikatuek mahai gainean jarri dituzten aldarrikapenak 2017ko martxoaren 22an jarri zituztenak dira, hein handi batean, 2008a baino lehen zegoen egoerara itzultzeko: 2.000 langile gehiago kontratatu; behin-behinean lan egiten dutenen kopurua %6ra urritu; ikasgelako haur kopurua %10 gutxitu; ordezkapenak lehen egunetik egin, Haur Hezkuntzatik goragoko etapetan —HHn dagoeneko lehen egunetik egiten dira ordezpenak—; erosteko ahalmena berreskuratu; eta erretiroak lagundu eta erraztu.

Gaur egun, irakasleei dagokien negoziazio mahaia dago blokeatuen; langile gehien ordezkatzen duena, hain zuzen. Azkenengoz urtarrilaren 26an batzartu ziren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna