Denboralearen kalteak handiak dira Bizkaiko Enkarterrin

Bizkaiko Aldundiak ez die kaltetuei kobratuko suhiltzaileen lana.

Alkateak dio Zallako egoera 1983koa baino larriagoa izan dela.

Nafarroan alertari eutsi diote
Herritar batzuk etxea garbitzen, Zallan (Bizkaia), larunbatean.
Herritar batzuk etxea garbitzen, Zallan (Bizkaia), larunbatean. L. TEJIDO / EFE

Gotzon Hermosilla -

2015eko otsailak 3
Apurka-apurka, onera itzuli da egoera asteburuko denboralea igaro ostean, eta, horrekin batera, balantzea egiteko unea iritsi da. Bizkaian, Enkarterri izan da eskualderik kaltetuena. Bizkaiko suhiltzaileak galtzak bete lan aritu ziren asteburu osoan Bizkaiko herri ugaritan, baina dei gehienak Zallatik, Gueñestik eta Balmasedatik jaso zituzten.

Zallako alkate Javier Portillok adierazitakoaren arabera, «azken berrogei urteko astebururik latzena» izan da aurrekoa, eta kalteak 1983ko urioletakoak baino handiagoak izan dira.

Cadagua ibaia Aranguren auzoan hasi zen gainezka egiten, eta hango biztanleak izan dira kaltetuenak: «Hori ez da berria, eta uste dut zerbait egiteko sasoia iritsi dela», esan du Portillok.

Hiru irteera orduko

Bizkaiko Aldundiko suhiltzaileek 116 irteera egin behar izan zituzten asteburuan, hau da, hiru irteera orduko, Lehendakaritza diputatu Unai Rementeriak adierazi duenez. Irteera horietako 37tan, garaje, lonja eta antzekoetatik ura ateratzen aritu ziren suhiltzaileak. Gurutze Gorria ere lanpeturik ibili zen asteburu osoan, eta 158 lagun artatu zituen Bizkaian.

Rementeriak iragarri du kaltetuei ez dietela kobratuko suhiltzaileen lanaren gastua, eta aukerak aztertzen ari dira kalteak izan dituzten lokalen jabeak zenbait zerga ordaintzetik salbuesteko.

Nafarroan ere, egoera bere onera bueltatzen ari zen apurka-apurka, baina atzo, euria hain ugari egin ez bazuen ere, Ebro ibaia oso handituta zetorren hainbat herritan, Fontellasen eta Ribaforadan esaterako, aurreko egunetan botatako euri eta elurraren ondorioz. Horrek behartu zuen Nafarroako Gobernua alerta egoera mantentzera Ebroko arroko zenbait gunetan. Iruñetik Madrilerako N-113 errepidea moztuta egon zen Castejonen; hori izan zen arazo nagusia Nafarroako errepideetan.

Atzo argindarra itzuli zen Zaraitzuko herrietara, baina oraindik arazoak zeuden Erro eta Aezkoako hamabost herritan, eta 1.800 etxebizitza, denda eta abar argindarrik gabe zeuden.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna