Memoriarako bide orria, zehaztu gabe

Hiru hilabete dira Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza Lantaldea bildu ez dela. Ez dute lan metodologia adostu, baina elkarguneak bilatzen saiatuko dira
EH Bilduko Julen Arzuaga eta Jone Goirizelaia, Josu Elespe ETAren biktima agurtzen, iazko irailaren 27an.
EH Bilduko Julen Arzuaga eta Jone Goirizelaia, Josu Elespe ETAren biktima agurtzen, iazko irailaren 27an. J. R. / ARP.

Edurne Begiristain -

2018ko urtarrilak 17
Aurrera egiteko bide orria finkatu gabe duelarik, geldirik dago Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza Lantaldea. Hiru hilabete igaro dira azken bilera egin zuenetik —azaroaren 15ean amaitutzat jo zituen biktimen agerraldiak—, eta ordutik ez da berriro bildu. Gainera, ez dute zehaztu noiz batzartuko den berriro. Urtarrilean legebiltzarrean ez da jarduerarik, eta, hartara, otsailera arte ez da espero lantaldeak bilerarik egitea. Agenda aztertzen ari da Ana Oregi lantaldeko presidentea, otsailean hitzordu bat zehazteko.

Bilera eguna finkatzeaz harago, bestelako kezka dute Memoria Lantaldean lanean ari diren alderdiak: ez dira ados jartzen hemendik aurrera egin beharreko urratsen gainean. Lan egutegia eta metodologia finkatu gabe izanda, memoriari eta bizikidetzari buruzko eztabaida ez aurrera ez atzera dago.

Duela urtebete osatu zen Memoria eta Bizikidetza Lantaldea. Absentziekin eratu ere. Izan ere, PPk uko egin zion foro horretan parte hartzeari, helburuen artean ez zegoelako «ETAren terrorismoari» zilegitasuna kentzea. PPkoak gabe hasi ziren lanean EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE, xede argi batekin: legedia amaitu aurretik ahalik eta «adostasun zabalena» lortzea memoriari eta bizikidetzari eragiten dieten gaien inguruan. Lau lehentasun ezarri zituen lantaldeak bere sorreran: biktimak, memoria, espetxe politika eta bizikidetza, eta giza eskubideak. Ordena horretan, eta arlo batzuk beste batzuk gainezarri gabe jorratzea adostu zuten taldeek.

Biktimena izan da alderdiek udazkenetik landutako esparrua. Askotariko giza eskubideen urraketen biktimei ireki dizkiete ateak, eta haien lekukotzak entzun dituzte, ateak itxita. Besteak beste, ETAren, GALen, sakabanaketaren eta torturaren hamabi biktimaren testigantzak jaso dituzte. Biktimak entzunda, ondorioak lantzeko garaia iritsi zaie. Haatik, hori nola eta noiz egin ez dute argi. BERRIAk jakin duenez, «zatituta» daude alderdiak. Atal bakoitzari dagozkion ondorioak dokumentu banatan biltzearen aldekoak dira EAJ eta Elkarrekin Podemos, eta atal guztiak amaitzen direnean testu bakar bat lantzearen aldekoak, berriz, EH Bildu eta PSE. Azken bi talde horiek uste dute ondorioak amaierarako utzita, memoriaren eta bizikidetzaren inguruko «ikuspegi orokorragoa» ematea lortuko dela.

Konplizitateak lantzen

Lan metodologiari buruzko zalantzak hurrengo bileran argitzea espero dute alderdiek, eta diskrezioz lan egiten jarraitzea da haien asmoa. Hasieratik horrela aritu dira, eta hemendik aurrera ere lantaldearen bilerek komunikabideei itxita jarraituko dute. Hori da «konfiantza giroa» eta «konplizitateak josteko» modu bakarra, taldeek diotenez.

Orain arteko bidea nahi baino geldoago egin badute ere, memoria eta bizikidetzaren inguruan ados jartzeko aukera badagoela diote. Azken aldian, EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSEk erakutsi dute gutxieneko akordioak lortzeko prest daudela, besteak beste, presoen inguruan. Memoria Lantaldean ere «sintonia ona» dute hainbat esparrutan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna