Zubietako errauste plantak ia hondakinen erdiak faltan izan ditzake

GHKren datuen arabera, iaz 152.000 tona errefus bildu ziren Gipuzkoan. TMBtik igarota, 109.000 tona irtengo lirateke. GHK-k «gaindimentsionatzea» ukatu du

inaki petxarroman
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Zantzuak baziren, baina pixkanaka datuak ere iristen hasi dira. 2013an, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) atzera bota zuen Zubietako erraustegiaren proiektua, «gaindimentsionatuta» zegoela argudiatuta—lehen proiektu hura urtean 260.000 tona jasotzeko diseinatuta zegoen—. EAJ eta PSE-EEren gobernua ezarri zenean, egoera berrira egokitu zuten, 2016an, eta urtean 200.000 tonako ahalmena izatea erabaki zuten, 100.000 tonako bi labetan banatuta. Oraingoz, baina, Gipuzkoan sortzen diren hiri hondakinekin bakarrik —birziklatze tasa eta hondakinen sortze tasa handitu gabe— Zubietako erraustegiaren bi labeetatik bat hutsik gera liteke.

2016an diputazioak egindako prognosi baten arabera, 167.811 tona izango zituen Zubietako azpiegituretan tratatzeko. Lehenengo, tratamendu mekaniko biologikoko (TMB) plantara sartuko lirateke, eta hortik 120.000 tona aterako lirateke erraustegirako. Horri prognosiak beste 21.576 tona gehitzen dizkio, araztegietako lohietatik. Hau da, guztira, 141.576. Kontua da joan den apirilaren 18an hondakinen zuzentaraua aldatu zutela Europako Parlamentuan, eta, 3. artikuluan egin duten aldaketaren arabera, adierazi dute aurrerantzean lohiak ezin izango direla hiri hondakin gisa hartu. Orain arte zalantza zegoen gai horren inguruan, baina, zuzentarau hori indarrean jartzen denetik —Europan aurrena eta Espainiako Erresuman gero—, GHK-k ezin izango ditu kudeatu Gipuzkoako araztegietako lohiak. Prognosian azaltzen da 45.546 tonako beste kopuru bat, hiri hondakinekin parekagarri diren hondakin industrial, komertzial eta instituzionalei dagokiena (RICIA). Eta, horrez gain, beste 14.000 tona, birziklatze prozesuetatik sortutako errefusekin.

Gauzak horrela, eta kontuan edukita 2017an Gipuzkoan 152.000 tona hondakin bildu zirela nahastuta —hor RICIAk ere zenbatuta daude—, TMBtik pasatu ondoren 109.000 tona inguru aterako lirateke erraustegiko labeetarako. Datu hori GuraSOS plataformak eman zuen, asteazkenean egindako agerraldian. Gipuzkoako Diputazioak, baina, «okertzat» jo du datu hori.

Izan ere, gogorarazi du 152.000 tonako datu horri birziklatze prozesuetatik sortzen diren errefusak gehitu behar zaizkiola. Beraz, diputazioak uste du «betetzen» ari dela prognosian egin zen aurreikuspena, eta hurrengo 35 urteotan erraustegian tratatu beharko den errefus kopurua 155.000 eta 175.000 artekoa izango dela, 25.000 tonako «tarte» batekin. Hortaz, gezurtatu egin du Zubietako erraustegia «gaindimentsionatuta» dagoela.

Kanpoko hondakinak

Duda mahai gainean dago, ea bi labeak kanpoko hondakinekin betetzeko aukera egongo ote den. Izan ere, GHK-k eta erraustegia kudeatuko duen enpresa taldeak —Urbaser multinazional txinatarra buru— sinatutako kontratuaren arabera, hamarkadaz hamarkada are eta tona gehiago erraustuko dira: 160.000 tona 2020an, 170.000 2030ean, 180.000 2040an eta 190.000 2050an.

Diputazioak emandako datuen arabera, iaz hondakinen %49 birziklatu ziren Gipuzkoan, eta Bruselak 2035erako %65 birziklatzeko helburua ezarri du. Beraz, duda da nondik aterako diren Zubietako labeetan behar diren hondakinak. Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak ukatu egin izan du hondakinak kanpotik ekartzeko aukera.

Kontratuak, baina, ez du debekatzen halakorik. Izan ere, obra publikoko kontzesio bat sinatu dute, eta horrek aukera ematen die enpresei errauste planta nahi bezala kudeatzeko, betiere ingurumen baimen bateratuak ezarritako mugen barruan. Agiri horrek ez du mugatzen ez hondakinen jatorria, ez haien izaera ere. Ezberdina litzateke zerbitzu publikoko kontzesio bat sinatu balute, orduan enpresak mugatuta baileudeke GHK-k ematen duen zerbitzua betetzera, hau da, Gipuzkoara eta hiri hondakinetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.