Osakidetzako iruzur salaketak ikertzen hasi da fiskal nagusia

Sindikatuen salaketa idazkiak jaso eta gero, Carmen Adan fiskalak diligentziak ireki ditu. Elkarrekin Podemosek mozio bat aurkeztu du legebiltzarrean, neurri gehiago hartzeko

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko ekainak 13
Epaitegira iritsi da Osakidetzako oposizioetako iruzurraren gaia. Ikerketa hasi du EAEko fiskal nagusiak, Carmen Adanek. ELA sindikatuak joan den astean igorri zion salaketa idazki bat, eta informazioa bidaltzekoa diote ESK-k eta LABek ere. Hori ikusita diligentziak zabaltzea erabaki duela azaldu dio Adanek berak BERRIAri. Ez du argitu nahi izan zehazki zer urrats egingo dituen orain; adierazi du jasotako datuak «ikertu» egingo dituela, eta gero erabakiko duela zer egin. Beste batzuetan ere iritsi izan dira fiskaltzaren bulegora Osakidetzako lan eskaintzetan iruzur egiten dutela dioten salaketak, baina ezerezean geratu izan dira. Oraingoan, nolanahi ere, badaude berritasun batzuk: zantzu sendoak daude, Osakidetzak berak eten egin ditu prozedura batzuk, eta auziak zalaparta politiko handia sorrarazi du.

Ia bi aste dira oposizioetan irregulartasunak salatu zituztela, eta hiru ikerketa daude martxan. Bat Osakidetzak berak abiarazi du: unibertsitateko aditu bati eskatu dio ikertzeko azterketa guztietako emaitzak, noten artean dauden aldeak logikoak diren ikusteko. Bigarren ikerketa EAEko Arartekoak jarri du martxan, ofizioz, eta aztertuko du Osakidetzak egoki jokatu ote duen oposizioen arloan. Hirugarren ikerketa EAEko fiskal nagusiak abiatu du, sindikatuen salaketak jaso eta gero: delitu zantzurik baden ikertuko du, eta, hala ikustekotan, epaitegiari bidaliko dio salaketa.

Hamahiru mediku espezialitate daude susmopean; sindikatuek ohartarazi dute alde handiak daudela kalifikazioetan, eta filtrazio zantzuak daudela. Hala diote BERRIAk egunotan jasotako lekukotasunek ere: azterketako ariketak aurrez ematen dizkietela zerbitzuburuek hautatutako medikuei; areago, «urteak» daramatzatela hala. Osakidetzak lau espezialitatetako prozedura eten du oraingoz: anestesiologia, kardiologia, kirurgia plastikoa eta angiologia eta kirurgia baskularra.

Hizpide parlamentuan

Azterketetako notetan dauden aldeekin batera, bada beste zantzu pisuzko bat ere: ESK-k eta Elkarrekin Podemosek agiri bana egin zuten notariotzan, kiniela gisako bat, eta asmatu egin zuten anestesiologiako postuak zeintzuek lortuko zituzten. Hain justu ere, informazio hori pasatu zuten sendagileek presioak salatu zituzten herenegun, gutun baten bitartez.

Martxan dauden ikerketez harago, Elkarrekin Podemosek neurri gehiago hartzeko eskatu du. Mozio bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, eta, besteak beste, proposatu du Osakidetzari hilabeteko epea jartzea ikerketa «independente, sakon eta inpartzial» bat aurkezteko, eta falta diren probetan neurri osagarriak hartzea. Gainera, oposizioetan «gardentasuna» ziurtatzeko neurri sorta bat aurkeztera behartu nahi du Jaurlaritza. Halaber, Osasun Sailaren kudeaketa txartzat jotzea nahi du.

Datorren asteko osoko bilkuran izango dute hizpide gaia. EH Bilduk ere aurkeztu du mozio bat, eta proposatu du lantalde bat eratzea Osakidetzako sarbideak nolakoa izan behar duen zehazteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna