Kexak kalean; Urkullu eta Barcina, Kongresuan

Felipe VI.a Espainiako errege berriaren koroatzean izango dira bi agintariak.Manifestazioak antolatu dituzte gaurko, Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Juan Carlos Borboikoa, atzo, abdikazioa sinatzera zihoala. ALBERTO MARTIN / EFE.
Erredakzioa
2014ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Monarkiaren aurka eta Euskal Herriko zein Espainiako errepubliken alde mobilizazioak iragarri dituzte gaur arratsalderako Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Felipe VI. a Espainiako errege berriaren koroatzearekin batera egingo dira protestak kalean. Izan ere, atzo utzi zuen koroa Juan Carlos Borboikoak, eta gaur hartuko du semeak haren lekua, Espainiako Kongresuan egingo den ekitaldi batean. Han izango dira Yolanda Barcina Nafarroako lehendakaria eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzakoa. Urkulluk, baina, kongresuko ekitaldian parte hartuko du soilik. Lehendakariaz gain, EAJko diputatuak ere han izango dira, ez ordea Amaiurrekoak eta Geroa Baikoa.

Estatuaren ordezkaria EAEn

Urkulluk azaldu duenez, Espainiako erregearen koroatzera joateak ez du «menpekotasuna» adierazten, eta esan du hori egiten duela«kortesiagatik», errespetu instituzionalagatik. Hala, azaldu du «euskal herritar guztien lehendakaria» den aldetik bera dela Euskal Autonomia Erkidegoan «[Espainiako] Estatuaren ordezkaria», eta horregatik parte hartzen duela koroatze ekitaldian. Horrekin batera, gaineratu du berak ez duela bat egiten Espainiaren gaur egungo «estatu ereduarekin», «beste bat» nahi duela, eta espero duela Felipe VI.arekin batera «gai hori» noizbait landu ahal izatea.

Lehendakariaren hitz neurtuekin batera, baina kritikoago, agertu dira haren alderdikide batzuk. Jokin Bildarratz senatariak, adibidez, ezbaian jarri du errege berriaren zilegitasuna, eta indar politiko guztiek adostutako eta herritarrek berretsitako Espainiako Konstituzioaren erreforma eta «estatu eredu berri bat» galdegin ditu. Aitor Esteban diputatuak ere errege berriari eskatu dio aintzat hartzeko «lurralde batzuen sentsibilitate nazionala». Era berean, Juan Carlos errege ohiaren hil arteko ukiezintasun juridikoa bermatze aldera Espainiako Gobernua urgentziaz prestatzen ari den lege erreforma kritikatu du. Bihar tramitatuko du gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.