Foro Sozialak emakumeen oinazea aitortu nahi du ekitaldi baten bidez

Bilbon egingo da, urriaren 8an, eta 'Emakumeen egia aitortu. Nik sinesten dizut' izango du izenburu. Indarkeria jasan duten andreen lekukotzak jasoko dituzte
Teresa Toda, Jone Goirizelaia, Mari Luz Esteban eta Saioa Iraola, atzo, Bilbon.
Teresa Toda, Jone Goirizelaia, Mari Luz Esteban eta Saioa Iraola, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Gotzon Hermosilla -

2017ko irailak 30
Begien bistakoa da euskal gatazka deiturikoak bortxazko adierazpide ugari eta askotarikoak izan dituela azken 50 urtean, eta horiek irekitako zauriak orbaintzea dela aurrera begirako zeregin garrantzitsuetako bat bakegintzaren alorrean. Baina hori ez da izan azken hamarkadetan euskal herritarrek pairaturiko indarkeria bakarra. Biolentzia matxista, esaterako, bereziki larria da, ekartzen dituen ondorio latzengatik eta «egiturazkoa» delako. Gainera, indarkeriak «gurutzatu» egiten dira: maiz, indarkeria politikoa pairatzen duena emakumezkoa baldin bada, biolentzia horrek jite sexista agerikoa hartu ohi du.

Bi ideia horiek daude Foro Sozial Iraunkorraren Gogoetabidean taldearen hausnarketen oinarrian. Foro Sozialean genero ikuspegia lantzen duen taldea da Gogoetabidean, eta, orain, azken hamarkadetan euskal emakumeek pairatutako askotariko indarkeria horiek ikusarazi eta haiei sinesgarritasuna emateko, ekitaldi bat antolatu du urriaren 8rako. Emakumeen egia aitortu. Nik sinesten dizut da ekitaldiaren goiburua, eta Bilbon egingo dute.

Foro Sozialeko kide Teresa Todak eta Gogoetabidean taldean aritzen diren Mari Luz Estebanek, Jone Goirizelaiak eta Saioa Iraolak aurkeztu dute urriaren 8ko ekitaldia. Esan dutenez, euskal gatazkaren inguruko indarkeria adierazpenak askotan beste biolentzia mota batzuekin gurutzatu dira, eta, bereziki, emakumeen aurkako bortizkeria sexistarekin. «Biolentzia politikoaren altzoan ere jasan dugu emakumeok indarkeria sexista», azaldu dute. Eta, gainera, biolentzia politikoaren zenbait adierazpide desagertu dira, baina indarkeria matxistak ez du etenik: «Emakumeen aurkako biolentziak lehen mailako arazo politiko izaten jarraitzen du».

Horregatik egingo dute urriaren 8ko ekitaldia. Horren xedea da «azken 50 urteetan indarkeria matxistaren aldaerak bizi izan dituzten emakumeak elkartzea», eta indarkeria horien «aitortzan» urratsak egitea: «Oinarrizkoa da jendartean dauden askotariko indarkeriak aitortzea, eta ez soilik euskal gatazka deiturikoarenak». Emakumeen arteko elkartasuna sustatzea ere bada ekitaldiaren beste helburuetako bat.

Sinesgarritasuna eman

Foro Sozialeko kideek azaldu dutenez, askotan, bortxakeria pairatu duten emakumeen testigantzari ez diote sinesgarritasunik eman. Beraz, hori ere izango da Bilboko ekitaldiko xedeetako bat. Horregatik erantsi dute Nik sinesten dizut esaldia ekitaldiaren izenburuari.

Askotariko indarkeriak jasan dituzten emakumeek parte hartuko dute ekitaldian: harreman sexu-afektiboen baitako indarkeria, laneko sexu jazarpena, tortura sexista, indarkeria lesbofoboa eta bestelako biolentziak pairatu dituzten emakumeak, ETAren biktima izateagatik eraso sexistak jasandakoak, preso izandako andrazkoak, emakume errefuxiatuak eta beste izango dira jardunaldian.

Ekitaldia 12:00etan hasiko da, eta Bilboko Solokoetxe auzoko lorategian dagoen musika eskolan egingo dute. Lekuak badu esangura sinbolikoa: han egon zen frankismoaren garaian emakumeen kartzela, «sufrimendua, tortura eta eskubideen urraketa oinarri izan zituen tokia», alegia. Lehenengo ekitaldi hau egin ostean, helburu berarekin, herri eta auzoetan antzeko ekitaldiak antolatzea ez dute baztertzen.

Foro Sozialeko kideek gogora ekarri dute laster sei urte beteko direla Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia egin eta ETAk jarduera armatua behin betiko alboratu zuenetik. Halaber, gogorarazi dute Foro Soziala armagabetze, desmobilizazio eta gizarteratze prozesu bat bultzatzen ari dela. «Bakearen eraikuntza kolektiboan» egiten ari diren lan horretan, emakumeek pairatutako biolentzia matxistaren askotariko adierazpenak «jasotzea, entzutea eta aitortzea» ezinbesteko urratsa dela deritzote.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna