Siria, Estatu Islamikoaren aurka indarrak batzeko prest

«Terrorismoaren kontrako borroka koordinatzea» eskaini dio Damaskok nazioarteari.

Berlinek eta Londresek zail ikusten dute Al-Assadi laguntzea
Siriako Atzerri ministro Walid al-Mualem, atzoko agerraldian.
Siriako Atzerri ministro Walid al-Mualem, atzoko agerraldian. YOUSSEF BADAWI / EFE

Xabin Makazaga -

2014ko abuztuak 26
Estatu Islamikoaren kontrako borrokan Ekialde Hurbileko eragileak eta nazioartea egiten ari diren ahaleginak bateratu, eta elkarlanean aritzeko prest agertu da Siriako Gobernua. Baxar al-Assad «terrorismoari aurre egiteko lankidetza proposamen oro» aztertzeko prest dagoela azaldu zuen atzo Walid al-Mualem Siriako Atzerri ministroak, eta, beren lurraldeari dagokionez, borroka hori koordinatzeko prest daudela erantsi zuen. Baina argi utzi du Damaskoren oniritzirik gabe erasotzat hartuko luketela Siriako lurrak bonbardatzea.

Al-Mualemek nabarmendu du NBEren Segurtasun Kontseiluak abuztuaren 15ean onartutako ebazpena, 2170 zenbakiduna, bat datorrela Siriak defenditu izan duen ildoarekin: esan du NBEren ebazpenak proposatzen duen elkarlana, «berandu» onartua izanagatik, baliagarria izan daitekeela Estatu Islamikoari, Al Nursa fronteari eta Sirian nahiz Iraken borrokan ari diren beste «talde terroristei» aurre egiteko.

Siriaren eta Iraken lurralde burujabetzaren errespetutik abiatuta, NBEk estatu kide guztiei egin zien deia «Al-Qaedarekin lotutako taldeen finantzaketa bideak eten», ekintzaileen mugimenduak kontrolatu eta horiek auzibidean jartzeko. Al-Mualemek talde horien eragina inguruko herrialdeetara hedatzeko arriskuaz ohartarazi du, eta, arrazoi horrexegatik, Turkiari bere atzerri politika aztertzeko aholkatu dio, «terrorismoak ez baitu mugarik errespetatzen».

Halaber, Siriako Atzerri ministroak gogorarazi du NBEren ebazpena estatu kide guztiek bete behar dutela, eta nabarmendu du «bonbardaketekin soilik» ez dutela garaituko Estatu Islamikoa.

Damaskok James Foley kazetari estatubatuarraren hilketa erabat gaitzesten duela azaldu du Al-Mualemek —Estatu Islamikoak bahituta zeukan, eta ekintzaile batek lepoa moztu zion—, baina bere buruari galdera ere egin dio: Mendebaldeko ezein estatuk zergatik ez dituen gaitzetsi Estatu Islamikoak Siriako armadaren eta herritar zibilen kontra egindako eraso ugariak.

Siriako Gobernuak hiru urte darama Mendebaldeak babestutako oposizioko matxino talde armatuekin borrokan, baina, muturreko talde jihadistek indarra hartu dutelarik, Al-Assaden kontra ari diren indarrekin ere borroka gogorrak izan dituzte. Estatu Islamikoak egoera irauli egin du, Siria eta Irak artean mendean hartu baitu lurralde eremu zabal bat, eta asteburuan Tabaqako aireportuaren kontrola eskuratu zuen; Al-Raqa probintzian Al-Assaden tropek zuten azken indargunea zen aireportu militar hori.

NBEk atzo jakinarazi zuenez, Estatu Islamikoak azken hiru asteetan mila bat lagun hil ditu Iraken, beste 2.500 inguru bahitu, eta adingabeak errekrutatzen ari da giza ezkutu gisa baliatzeko.

AEBek eta Europako Batasuneko estatu gehienek Estatu Islamikoa azken urteetan ezagutu diren arrisku larrienekotzat daukate. Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak «mehatxu globaltzat» jo du, atzo bertan, Le Figaro egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean: «Bere gaitasun, metodo eta helburuengatik, aurrez ezagututako eta gaur egungo beste talde terroristak baino arriskutsuagoa da». Erantsi du «ilusio bat» dela Estatu Islamikoaren eragin esparrua Siria eta Irakera mugatuko dela uste izatea.

Frantziak, Alemaniak eta Mendebaldeko hainbat estatuk peshmerga indar kurduei armak helaraztea erabaki dute, Iraken menpeko lurraldeetan Estatu Islamikoa geldiarazten laguntzeko. Berlinek gatazka guneetara armak ez bidaltzea zeukan irizpidetzat, baina Frank-Walter Steinmeier Atzerri ministroak egoera «salbuespenekoa» dela argudiatu zuen atzo. Onartu zuen «ukaezina» dela kurduen esku utzitako armak etorkizunean beste gatazka batzuetan erabiltzeko arriskua, baina «arduraz» jokatu dutela azpimarratu zuen: «Beste aldera begiratu al genezakeen? Kontraesanen gainetik, atzerri politika pragmatikoa egin behar dugu».

Siriak egin duen elkarlanerako eskaintzaren inguruan, berriz, Alemaniako Atzerri Ministerioko bozeramaile Martin Schaeferrek esan du lankidetza hori «oso zail» ikusten dutela: «Al-Assad presidentearen erregimenak bidegabekeria ikaragarriak egin ditu hiru urte eta erdiko gerra zibilean. Ia 200.000 lagun hil dira. Nik ez dut oheratu nahi txarren artean hobeagoxea bide denarekin».

Antzera mintzatu zen aurreko astean Erresuma Batuko Atzerri ministro Philip Hammond: nabarmendu zuen aurkari beraren kontra borrokan aritzeagatik gobernuek ez dutela zertan «aliatu» bihurtu.

«Ez da mehatxu zuzen bat»

AEBetan ugariak izan dira asteotan Estatu Islamikoa Irailaren 11z geroztiko arrisku larrientzat jo dutenak. Martin Dempsey jeneralak talde jihadistaren ahalak nabarmendu zituen iragan astean, baina atzo zehaztu zuen ez dela «mehatxu zuzen bat» AEBentzat eta Europarentzat. CIAko zuzendari ohi Michael Morellek, baina, atzo esan zuen epe ertain batean «Irailaren 11koaren gisako eraso bat» egiteko moduan ikusten duela Estatu Islamikoa: «Hemendik hiru urtera begira, kezka eragin behar liguke». 2010 eta 2013 artean CIAko zuzendariorde izan zen Morell, eta agentziako buru ere bai trantsizio aldi labur batean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna