Ezin izanen dute euskara ofizial izendatu

Paueko Administrazio Auzitegiak gibelera bota du Uztaritzeko Udalak euskara ofizial izendatzeko hartutako erabakia.

Bi astera jakinaraziko dituzte deliberoaren argudioak
Uztaritzeko Herriko Etxearen erabakiaren aldeko elkarretaratzea egin zuten uztailean.
Uztaritzeko Herriko Etxearen erabakiaren aldeko elkarretaratzea egin zuten uztailean. BOB EDME

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2015eko urtarrilak 28
Espero zitekeena berretsi du Paueko Administrazio Auzitegiak: epaileak aurka egin, eta Uztaritzeko Herriko Etxeak gibelera bota beharko du euskara ofizial egiteko erabakia. Hori dela eta, udalak ezin izanen du euskara frantsesaren hein berean ezarri. Edo ez, behintzat, ofizialki. Hala jakinarazi zuen atzo Maite Haran-ek, Uztaritzeko Herriko Etxeko axuantak: «Hartu genuen erabakia deuseztatu egin dute».

Epaileak eman du, beraz, deliberoa, baina hori ebazteko hartu dituen argudioak ezin izanen dituzte jakin hemendik hamabortz egunera bitarte —gutun bidez igorri beharko lizkiokete herriko etxeari—. Horien zain dira, hain zuzen, udaleko kideak. Honela azaldu du Haranek: «Bagenekien deliberoa aurkakoa izanen zela, baina argudioak zaizkigu bereziki interesatzen». Behin gutuna jasota, orduan erabakiko dute zer erantzun eman, eta zer bide hartu euskarari dagokionez ere. Hala eta guziz ere, euskararen aldeko urratsak egiten jarraituko dutela argi du Bruno Karrere auzapezak: «Guk ideia berarekin segituko dugu».

Epaileak ez du argudiorik jakinarazi, baina hilaren 13an Pauen (Okzitania) eginiko auzian jadanik ikus zitezkeen deliberoaren zenbait aztarna. Izan ere, epaiketan behin eta berriro entzun zen arrazoibide bera: Frantziako Konstituzioak frantsesa duela errepublikako hizkuntza bakartzat, eta euskara ofizial eginez gero frantsesa baztertuko litzatekeela. Defentsak salatu zuenez, Uztaritzeko Herriko Etxeak ez du sekula frantsesa alde batera utzi nahi izan: euskarari maila bera eman nahi zion, baina ez gehiago.

Frantziako Konstituzioaren bigarren artikuluan oinarritzen zen prefetak egindako salaketa. Honela dio: «Frantsesa da errepublikaren hizkuntza». Defentsaren abokatuak, ordea, salatu zuen konstituzioak baduela bertze atal bat hizkuntza gutxituak babesten dituena: 75.1 artikulua. «Eskualdeko hizkuntzak» Frantziaren ondarearen parte direla dio 2008an gehituriko testuak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna