Baiona, Iruñea eta Donostia, bizikletarekin

Ederbidea aurkeztu dute, hiru hiriburuak lotuko dituen bidegorri proiektua. Diren bideak konpontzeaz gain, 90 kilometroko ibilbidea egokituko dute 2019. urterako

Ekhi Erremundegi Beloki -

2016ko irailak 8
Baiona, Iruñea eta Donostia bizikletaz lotzen ahalko dira 2019tik aitzina. Hori da atzo Baionan aurkeztu zuten Ederbidea proiektuaren helburua. Nafarroa, Gipuzkoa eta Pirinio Atlantikoetako 12 bazkide elkartu dira, «bizikletaren erabilera sustatzeko». Interreg Poctefa Europako programaren laguntza du proiektuak, eta %65 Europako Batasunak finantzatuko du aldi berean; 9,45 milioi euroko aurrekontua izanen du. Gaur egun diren bizikleta errepideen segurtasuna bermatzeko obrak egin eta falta diren zatiak egitea izanen da proiektuaren ardatz nagusia.

Denera, 240 kilometro ditu Lapurdi, Nafarroa eta Gipuzkoa batzen dituen bizikleta ibilbideak. Ederbideak, gaur egun falta diren 90 kilometroak egokituko ditu. Hala, Miarritzen, Bidarten, Donibane Lohitzunen eta Hendaian, Lapurdiko 14 kilometro egokituko dituzte Pirinio Atlantikoetako departamendua eta herriko etxeen artean; Gipuzkoan, Irun eta Hondarribian eginen dituzte obrak (2,5 kilometro denera); Nafarroan, Bidasoa eta Plazaolako bide berdeak lotuko dituzte Beratik Iruñeraino (42,5 kilometro inguru), eta Irurtzun eta Iruñea arteko bidea ere egokituko dute (25 kilometro inguru). Hiru helburu nagusi azpimarratu dituzte sustatzaileek: kutsadura isuriak murriztea, zirkulazioa arintzea eta biztanleen osasuna hobetzea.

Mugaz gaindiko lankidetza «proiektu estrategiko» gisa aurkeztu dute instituzioetako ordezkariek. «Mugaz gaindiko harremanak indartu eta lankidetzan aritzeko anbizioa dugu», adierazi zuen Florence Lasserre Pirinio Atlantikoetako kontseilariak. «Proiektu konkretuak behar dira; hori eskatzen digu jendarteak», Marisol Garmendia Gipuzkoako Foru Aldundiko mugikortasun sailburuaren hitzetan.

Bizikleta sustatzeko

Ederbidea proiektuak ez ditu soilik bizikletentzako bideak egokituko; izan ere, «publiko ezberdinetarako sentsibilizazio ekintza pedagogikoak» iragarri zituzten atzoko aurkezpenean. Esparru horretan lanean ari diren teknikarientzat eta politikarientzat prestakuntza tailerrak antolatuko dituzte, besteak beste, eta gida berezien argitalpena eta mugaz gaindiko «jardunaldi eta trukeak» antolatzea ere aurreikusi dute. «Lurraldeko herritarrentzat pentsatua den proiektu bat da. Mezu argi bat helarazi nahi diegu: bizikleta haientzat ere bada. Erosketak egitera edo lanera joateko, haurrak eskolara eramateko… bizikleta erabil dezakete», azaldu zuen Lasserrek.

Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko presidenteordearen hitzetan, «mugikortasuna» da helburu nagusia. Herritarrengan gogoeta bultzatu nahiko luke: «Nola mugitzen gara? Zer ohitura ditugu? Bizikleta autoarekin konparatzen badugu, denek dakigu zer abantaila daukan, bereziki ingurumenari begira. Badakigu gure energia gastu osoan garraioa %40 dela; pixkanaka-pixkanaka ohitura berriak sartu behar ditugu».

Eguneroko bizitzan herritarrak bizikleta erabiltzera bultzatu nahi dituzte Ederbidean proiektuarekin, bizikleta eta garraio publikoa batera erabiltzera bultzatuz. Hala, txirrindulariek bizikleten ibilbidearen, ordutegiaren eta alokairu zerbitzuaren informazio «hobea» izanen dutela adierazi dute egitasmoaren bultzatzaileek. Bizikletentzako aparkalekuak ere jarriko dituzte hiri sarreretan, hiriko joan-etorrietan bizikletaren erabilera «errazteko».

Garraio intermodala

Hiriguneetako sarreretan eta autobideetan egunero gertatzen diren auto ilarek ederki erakusten dute mugikortasuna erronka nagusietako bat dela. Bizikletentzako bideez gain, zer egin daitekeen galdetuta, euroeskualdeari begira jarri da Aierdi: «Laster sartuko gara berriz euroeskualdean, eta espero dugu, kide berri gisa, mugikortasunaren inguruko eztabaida hauek guziak mahai gainean jartzea».

Gipuzkoako Foru Aldundia, gehienez ere, autobusez ardura daitekeela oroitarazi zuen Garmendiak. Halere, «aurrerapausoak» daudela uste du; besteak beste, Topoa hobetzeko Eusko Jaurlaritza egiten ari den obrei, edo Hego Lapurdi Hirigune elkargoan abian ematekoa duten Hegobus autobus zerbitzu berriari esker. Ederbide eta antzeko proiektuak ere beharrezkoa direla azpimarratu zuen.

Garraio mota askotarikoak bateratzean sinesten du Lasserrek. «Konbentzituta nago intermodalitateak konponduko duela. Bizikleta hartu etxetik, eta hiriarteko garraioa hartzera joan daiteke, handik hurbileko trenera, eta gero beste garraio bat hartzera joateko adibidez. Konbentzituta nago halako konponbidea landu behar dugula; ez dugu modurik leku guzietan hiriarteko garraioa jartzeko, eta, bestela ere, ez da desiragarria: autobusak hutsik garraiatzea kostu handiegia da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna