Lesakara bidean jarri da Nafarroa Oinez

2017ko Nafarroa Oinez antolatzen hasi da Tantirumairu ikastola, 'Bikin bat in' lelopean. 2016ko bestaren balorazio «ezin hobea» egin dute Viana eta Lodosako ikastolek

Lesakako Tantirumairu ikastolako kideak, aurkezpen ekitaldian. IÑIGO URIZ / ARP.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2016ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Zubi lana. Hori izanen da heldu den urteko Nafarroa Oinez bestaren ardatz nagusietako bat: belaunaldien arteko zubi lana, Nafarroa Garaiko eta Behereko herritarren artekoa, euskara batua eta euskalkien artekoa... Kontzeptu horien inguruan ondu dute leloa ere: Bikin bat in. Birekin bat egin edo birekin batean, Bortzirietako ahozko euskaran. Bi, bat eginik, finean. Viana eta Lodosako ikastolei lekukoa hartuta, atzo aurkeztu zuten 2017ko besta Lesakako Tantirumairu ikastolako arduradunek.

Nafarroako Ikastolen Elkarteko egoitzan eginiko aurkezpen ekitaldian, Lesakan sortutako ilusioa nabarmendu zuen Tantirumairuko zuzendari Aitor Iratzokik: «Tamainan txikia da gure ikastola, baina ilusioan hagitz handia dela sumatu dugu, Nafarroa Oinez antolatzeko ardura gurea izanen zela jakin genuenetik; horregatik, jaso dugun babesa nabarmendu behar dugu». Ez da lehen aldia izanen, ordea, 1988an ere antolatu baitzuten Nafarroako ikastolen besta, Euskarari eutsi, euskaraz hezi lelopean.

Gaur egun, dena den, Tantirumairu ez da garai bateko ikastetxe xumea: 113 ikasle, 16 langile eta 100 bat bazkide ditu, eta, Amaia Lasheras ikastolako lehendakariak nabarmendu zuenez, «eraikinak ez du behar adina lekurik». Hortaz, zenbait premia betetzeko baliatuko dute datorren urteko jaialdia: «Jangela handiagoa, laborategi bat, ikasgelak, zuzendaritza bulegoa, tutoretza gela eta guraso elkartearentzako bulegoa». Egungo ikastolak, ordea, ez du handitzerik onartzen; beraz, beste egoitza bat eraikiko dute. «Egoitza berriak Haur Hezkuntzako ziklo osoa, jangela eta psikomotrizitate gela hartuko ditu».

Atzoko agerraldian, 2017ko Nafarroa Oinez-en logotipo berria ere aurkeztu zuten Tantirumairuko arduradunek. Ikastolaren atarian dagoen intxaurrondoaren bi hosto irudikatzen ditu, eta Eloy Lopez, Irantzu Pastor eta Iraia Etxabide ikasle ohiek sortu dute.

2016ko balorazio ona

Aurkezpenaren aurretik, aurtengo Nafarroa Oinez-en balorazioa egin zuten Lodosako Ibaialde ikastolako zuzendari Iñigo Telleriak eta Vianako Erentzun ikastolako buru Maite Oterok. Telleriak adierazi zuen «erronka handia» izan arren gainditu egin dutela, eta Oterok «jendearen babesa» nabarmendu zuen: «Laguntzaile, boluntario eta lagun ugarik tiratu dute sokatik urte osoan eta festaren egunean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.