Liberatu guztiak feminismoan trebatuko ditu LABek bi urtez

Sindikatuak Eskola Feminista jarri du martxan, Emaginekin batera. Eguneroko jardunei ez ezik, estrategia sindikalari ere genero ikuspegia txertatu nahi diote
LABeko eta Emagineko ordezkariak, atzo, Eskola Feministarako hitzarmena sinatzen.
LABeko eta Emagineko ordezkariak, atzo, Eskola Feministarako hitzarmena sinatzen. BERRIA

Maite Asensio Lozano

2017ko urriak 12
Eskola Feministaren proiektua martxan jarri du LAB sindikatuak. Praktika feministetan sakontzeko baliabideak eskaini nahi dizkie bere kideei, eta ildo horretan urrats kualitatibo bat egitea erabaki du: liberatu guztiak feminismoan trebatuko ditu. Ia bi urte iraungo du formakuntza prozesuak, 2019ko ekainera arte. Mugarri bat izango dela uste du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak: «Eskolak trebatu egingo gaitu, baina analisirako eta gogoetarako espazio bat ere izango da; kontzientzia harraraziko diguten elementu berriak emango dizkigu». Eguneroko jardunean ez ezik, sindikatuaren egituran eta estrategian ere genero ikuspegia txertatu nahi dute hala.

Aranburuk nabarmendu du sindikatua «aitzindaria» izan dela «urrats feminista» batzuk egiten, baina maiatzeko kongresuan erabaki zutela beste mugarri bat ezartzea: «Sindikatu feminista bat garela aldarrikatzen dugu; lan asko dago egiteko, ordea, praktika feministak edukitzeko». Gogora ekarri du azken urteetan garrantzi handia eman diotela sindikatuan andreak sartzeari, «baina presentzia hutsak ez du bermatzen aurreraurratsak egitea eredu feminista baterantz».

Arazoaren oinarrian dago sindikatuek sorreratik izan duten egitura androzentrikoa: «Lan mundu klasikoko beharrei erantzuteko sortu zen LAB, eta emakumeak eredu maskulino horretan sartu ginen». Begirada feminista txertatzeak, beraz, sindikatuaren egitekoari buruzko ikuspegia eraldatzea ekarriko du. Kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazkaz mintzatu da Aranburu: «Eredu kapitalista heteropatriarkal honetan bizitza duina ezinezkoa dela esaten dugu, zaintza lanek aitortu gabe eta emakumeen bizkar jarraitzen dutelako, lan harremanak etengabe prekarizatzen ari direlako, zerbitzu publikoak merkantilizatzen ari direlako... Hortik ateratzen du plusbalioa kapitalak».

Egunerokoan ere bai

Hortaz, bizitza erdigunean jartzeko leloa bere egin nahi dute: «Hori guztia kontuan hartuko duen ekintza sindikala egitera goaz, eta ez soilik une honetan lan merkatuan dauden langileen beharretan zentratua». Eta begiradan ez ezik, egunerokoan ere egin beharko dituzte aldaketak: «Nahi gabe barneratu ditugun estereotipoetan, funtzionamenduan, denbora antolatzeko moduetan, agintean, iruditerian...».

Emagin dokumentazio eta ikerketa zentro feministak kudeatuko du trebakuntza prozesua —atzo sinatu zuten hitzarmena—. Formakuntza saioez gain, mintegiak ere egiteko asmoa dute, eskualdeko gaiei lotuta batik bat. Sindikatuko liberatu guztiek parte hartu beharko dute eskolan, taldeetan antolatuta. «Nork bere burua euskalduntzat duenean euskaraz jardun behar duen bezala, bere burua feministatzat duen pertsona edo talde batek halako praktikak abiatu behar ditu. Ez da bakoitzaren kontzientziaren edo gogoaren araberakoa izango: sindikatuko kide garen denok barneratu behar dugu».

Kanpora begira, emakumezko langileentzat «erreferente» izan nahi du LABek, eta, barrura begira, sindikatuko andreen ahalduntzea indartu eta gizonak «feminismoz busti». Jakitun dira ez dutela egun batetik bestera lortuko: «Prozesu bat izango da, bakarka zein kolektiboan egin beharrekoa, bi mailatako konpromisoak hartzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna