Lan osasunean inbertituta lehiakortasuna hobetzen dela dio Urkulluk

Osalanen arabera, 25 urtetik hona lanean hildako beharginen kopurua erdira jaitsi da. LABek salatu du lanean jatorria duten gaixotasun asko ezkutatu egiten direla

Osalanek 25 urte bete dituela eta, hainbat ordezkari politikok parte hartu dute ospakizunean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Larunbatean Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko eguna izango da, eta eragile sindikal zein erakundeak gaiaren inguruan hitz egiten hasiak dira dagoeneko. Atzo Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari egokitu zitzaion txanda, ekitaldia egin baitzuen 25 urte bete dituela ospatzeko. Agintari politiko eta eragile sozial eta sindikalen aurrean, besteak beste, azken mende laurdenean erakundeak lortu dituen aurrerapausoez hitz egin zuen Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburuak. Urte hauetan guztietan laneko istripuetan hildako beharginen kopurua erdira jaitsi izana goraipatu zuen San Josek. «Hala ere, ezin gara gustura egon, lanean hildako langile bakoitza gizarte moduan porrot bat delako».

Gaixo agiria eragin duten istripuek ere nabarmen egin dute behera denbora tarte horretan, istripuen %84 ziren lehen, eta %43ra jaitsi da. Horretaz gainera, 25 urtean 150.000 lan istripu ikertu ditu Osalanek, 40.000 aholkularitza kontsulta egin, 80.000 bisita enpresetara, eta amiantoa kentzeko 3.000 plan. Jarduera horiekin guztiekin, Osalanek prebentzio lana lehenetsi duela azaldu zuen San Josek, «hasiera batean, istripuak ikertzen zirelako, eta, orain, horiek prebenitzeko» lan egiten dela adieraziz.

Ildo hori berretsi nahi izan zuen Iñigo Urkullu lehendakariak hitza hartu zuenean: «Kontuan hartu behar da osasunean egiten den inbertsioa enpresen lehiakortasunerako positiboa dela; pertsonen ongizateak lan giro osasuntsua eskatzen du, eta, lanean gustura egonez gero, horrek lehiakortasunean eragin positiboa duelako».

Amiantoaren 1.500 hildako

LABek ere hitz egin zuen atzo lan osasunaren egunaren inguruan, ohar bidez izan bazen ere. Bertan azaldu zuten gaixo agiria eragin duten gaixotasunen kopurua %25,9 igo zela 2017an, eta estatistikek gaixotasun profesionalak ezkutatzen dituztela zioen sindikatuak. «Munduan sortzen diren gaixotasunen %10-20 artean lanari lotutakoak dira». LABen arabera, 1993an Osalan martxan jarri zenetik, Euskal Herrian 1.494 pertsona hil dira amiantoaren eraginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.