Hiri zabal baten alde, kolore guztiak

Gora Gasteiz ekinbideak hiri irekia eskatu du, «hiritarren ongizatearekin zerikusirik ez duten interesei» aurre egiteko.Apirilaren 18an mobilizazio bat egingo duela iragarri du

Gora Gasteiz ekinbidearen aurkezpenaren une bat. RAUL BOGAJO / ARGAZKI.
Jon Rejado.
Gasteiz
2014ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Gora Gasteiz ekinbideak bidea hasi du. Hiri eredu «justu eta solidario» baten alde lan egiten duten elkarte eta gizabanakoak elkartu dira, eta, jadanik, aurrera begira jarri dira. Atzo eman zuten lehen pausoa, Aldabe gizarte etxeko areto nagusian. Dozenaka pertsona ezagun eta hainbat elkartetako eragile bildu zen, «hiri positibo» baten aldeko konpromisoa agertzeko.

Gaur egungo hiria «bizikidetzaren emaitza» dela nabarmendu du Gora Gasteiz ekinbideak sorrera manifestuan. Besteak beste, nazioarteko lankidetzarako aurrekontuen %0,7 baliatu zuen Euskal Herriko lehen udaletako bat izan zela gogorarazi dute, eta ezaguna dela borroka sozialen alde egiteagatik, baita energia nuklearren aurka ere.

Urteetan landutako hiri eredu hori zalantzan jarri dela nabarmendu dute sinatzaileek. Zuzenean aipatu ez arren, Javier Maroto alkateak eta PPk abiarazitako kanpainaren helburuak salatu dituzte, eta «talde interesak» bultzatuta bizikidetza aztoratu dutela gaineratu. «Interes horiek beren esku duten boterea erabiltzen dute gure hiria bazterketara, arrazakeriara eta norgehiagoka sozialera bideratzeko».

Testuinguru horretan, hiriko hamaika elkarte eta gizabanakok indarrak batu dituzte, baztertzailea ez den hiri eredu baten alde lan egiteko. «Hiri solidarioa behar dugu, bere inguruarekin harremanean dagoen hiri plurala». Hiri horren alde lan egiteko kolore guztiak beharrezkoak direla berretsi dute aurkezpenean.

Ekinbidean elkartu diren eragileak lan egiten hasi dira ahal beste kolore eta iritzi bateratzeko, eta bizikidetzan oinarritutako hiri ereduaren alde lan egiteko. Lan horretan lehen mugarria finkatu dute 2015eko apirilaren 18an. Egun horretan, nahi duten hiri eredua «ikusarazteko eta praktikan jartzeko» mobilizazio bat egingo dute.

Aurkezpenean egondakoek ez ezik, sektore askotako pertsona eta eragileek babesa eman diote jada manifestuari, eta hala egiteko galdegin diete Gasteizko hiritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.