Lan hitzarmena gaurkotu barik daukate beharginen %65ek EAEn

Urtarriletik urrira, 242 itun berri bakarrik sinatu dira, horien ia herenak Madrilen. Confebask «oso baikor» dago, euskal itunak lehenestea adostu dezaketelakoan

Jon Fernandez.
2016ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Negoziazio kolektiboaren blokeoaren argazkia erakutsi du, beste behin, LHK Lan Harremanen Kontseiluko azken txostenak. Urrira arteko datuak bildu ditu, eta, zenbaketaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beharginen %65ek ez dauzkate gaurkotuta lan hitzarmenak, 356.873 langilek guztira.

Horien arteko ia 110.000 langilek iraungita daukate lan baldintzak zehazten dituen lan ituna (langileen %19,9). Beste ia 248.000 beharginek, ostera, lan hitzarmenaren indarraldia luzatuta daukate, gaurkotzeko esperoan. Bakarrik langileen %35ek dauzkate gaurkotuta lan baldintzak (193.264 langile), eta 2016rako adostu duten batez besteko soldata igoera %1,01 da.

Urte hasierako datuekin konparatuz gero, 54.391 langile gehiago daude lan hitzarmena eguneratuta. Horrek esan nahi du lan hitzarmen berriak sinatu dituztela, zehazki 242 azken hamar hilabeteetan. Halere, interesgarria da jakitea non sinatu diren lan itun horiek, hitzarmen berrien ia herenak (%31,4) Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eragina duten estatu eremukoak baitira. Joan den urrian, esaterako, hamazazpi lan itun sinatu zituzten, eta horietatik sei estatalak dira.

Pausoa, ez konponbidea

ELA sindikatuaren ustez, herenegun Bilbon egindako bileraren berritasuna, hain zuzen, Confebasken jarrera aldaketan dago: «Orain prest agertu da euskal hitzarmenen eta Espainiakoen artean hemengoei emateko lehentasuna». Izan ere, eguaztenean patronala, ELA, LAB, CCOO eta UGT bildu ziren, EAEko lan itunak lehenesteko akordioa lortzeko asmoz, eta urtarrilaren 10ean egingo dute hurrengo bilera.

Roberto Larrañaga Confebaskeko burua «oso baikor» agertu da, ituna lortzeko aukera dagoelakoan. «Jartze hutsa arrakasta da», gaineratu du Iñaki Garcinuño Cebek Bizkaiko patronaleko presidenteak. Halere, ohartarazi du egiturazko akordio hori lortzeak ez lukeela automatikoki ezer konponduko: «Akordioaren ostean itun sektorialak sinatzen ez badira, etxea teilatutik eraikitzen hasiko gara».

Ideia bera azpimarratu du Joseba Villarreal ELAko negoziazio kolektiborako arduradunak ere. «Pauso bat da, baina ez luke eragingo sektoreetako negoziazioak bata bestearen atzetik konpontzea. Hori gertatuko da sektorez sektore, baldin eta patronalak lan itunetako edukiak aldatzen baditu».

Era berean, Villarrealek argitu du ELA herenegun bilerara joan izanak ez duela esan nahi bere egin duenik uztailaren 22ko Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko ituna. Ordukoan, Confebaskek, Jaurlaritzak eta CCOOk eta UGTk adostu zuten eragin mugatuko itunak orokortzea.

Euskadiko CCOOren arabera, berriz, uztaileko akordio hark eragin du ELAk eta LABek jarrera aldatzea: «Euskadiko panorama soziosindikala mugiarazi du. Uztailaren 22ko akordioak kontraesan batzuk sortu ditu erakunde batzuetan, eta ezin izan dituzte kontraesan horiek gainditu». Gezurretan aritzea leporatu dio, gainera, ELAri, esanez 2013ko akordio ahaleginean Confebaskek ez zuela ituna sinatzeko baldintzatzat jarri bake soziala bermatzea. Bestalde, lan itunak berritzearen ardura Jaurlaritzarena ere badela azpimarratu du sindikatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.