Saltoki handiei mugak jartzeko proposamena tramitatuko du oposizioak

EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk bidea irekiko dute Merkataritza Jardueraren Legea aldatzeko. Euskaldendak elkarteak beren aurka egitea egotzi dio Jaurlaritzari

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko oposizioak gehiengo alternatiboa eratuko du saltoki handiei buruzko eztabaida behartzeko. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk Merkataritza Legea aldatzeko proposamen bat tramitatuko dute. Euskaldendak merkatari txikien elkarteak eskatutako urratsa da. Hiru alderdien artean, gehiengo osoa dute ganberan.

Hain zuzen ere, legearen 13. artikulua egokitzea litzateke azken helburua. Testu horrek finkatzen du nolako baldintzak bete behar diren saltoki handiak ezartzeko. Gaur egun, LPS lurralde plan sektorial baten arabera arautuko direla aurreikusten du. Dendari elkarte horren irudiko, legeak berak adierazi beharko lituzke LPS horretan agertuko diren betebeharrak. Oposizioa bat dator horretan.

Arazoak 2015ean hasi ziren. Ordura arteko plan sektoriala bertan behera utzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenaren epai batek. Epaileek ontzat jo zituzten Donostiako Garbera eta Basauriko Bilbondo saltoki handiek jarritako salaketak, eta legez kanpokotzat jo zituen merkataritza gune handi gehiago eraikitzeko edo daudenak handitzeko planak jarritako mugak. Auzitegiak adierazi zuen ez zela posible saltoki handiak mugatzea txikien mesederako. Hala ere, epaiak zehaztu zuen interes orokorrean oinarritutako mugak izan daitezkeela legezkoak, hala nola ingurumenari eta lurralde antolakuntzari lotutakoak.

Epaia betetzeko, Jaurlaritzak baliorik gabe utzi zuen LPSan jarritako muga, hots, saltoki handiek gehienez ere 25.000 metro koadro izatea. Gaia bideratzeko beste plan bat egingo zuela agindu zuen gobernuak, baina behin eta berriro atzeratu da. Bitartean, abagunea baliatu, eta ugaritu egin dira merkataritza guneak eraiki edo handitzeko eskaerak.

Dendari txikien ordezkariak bereziki kezkatuta daude Gipuzkoan gertatzen ari denarekin. Donostian martxan daude Garbera, Ilunbe eta Belartza 2 proiektuak. Usurbilen, Urbil zabaltzeko egitasmoa. Hondarribian, Zaldunborda proiektua dago. Denak baimenduta, 200.000 metro koadro gehiago izango lituzkete saltoki handiek herrialdean, Dendartean Gipuzkoako elkarteak egindako kalkuluen arabera. Gaur egun, 180.000 metro koadro daude eraikita. Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiei, EAJri eta PSE-EEri, hirigintzako kalifikazio aldaketak «azkartzea» egotzi diete, proiektu horien mesederako.

Euskaldendak elkartean, aipatutako artikulua egokitzeko lege zirriborroa prestatu dute. Ziurtatu dute argudio juridiko «sendoak» bildu dituztela. Asmoa litzateke 2004. urtean lortutako adostasuna lortzea berriz —2015ean epaileek bertan behera utzi zutena—, «beharrezkoak diren mugak jartzeko», betiere Europako Batasuneko legedia urratu gabe. «Posible da, eta legezkoa», ziurtatu du Bittor Lizarribar elkarteko presidenteak, oposizioko ordezkariek lagunduta atzo Gasteizen egindako agerraldian.

Aldaketa eztabaidatzeko prozesuak hilabete batzuk iraun dezake. Hori jakinda, tramitea egiten den bitartean lizentzia berrientzako baimenak «eteteko» eskatu dute merkatari txikien ordezkariek. Beste LPS bat indarrean ez egotea, salatu dutenez, halako proiektuen zabalpen «bereizi gabea» errazten ari da.

LPS berrirako lehen gidalerro batzuk argitaratu zituen Eusko Jaurlaritzak joan den urtarrilean. Horietan, saltoki handi berrien debekuari eusteko borondatea adierazi zuen, baina atea ireki zion eraikita dauden merkataritza guneak handitzeko aukerari. Martxoaren 31ra arteko epea hasi zen orduan, alegazioak aurkezteko. Behin betiko dokumentua behin eta berriro atzeratzeak susmo txarrak zabaldu ditu sektorean. Saltoki handien mesederako egituratuko den beldur dira.

Agindu berriak, kalterako

Saltoki handiak baimentzeari buruzko desadostasunak ez dira sektoreak Jaurlaritzarekin irekia duen fronte bakarra. Euskaldendak elkarteak salatu du merkataritza sustatzeko programen agindu «guztiak» ari dela aldatzen aurten Urkulluren gobernua. Lizarribarrek ohartarazi dumerkatari txikien elkarteak galtzen ateratzen direla aldaketa horien ondorioz. «Laburbilduz, molestatu egiten ditugu», haren hitzetan.

Zuzenketen bidez merkataritza programa horietako batzuk indartzea izan zen PPk aurtengo aurrekontuei oniritzia emateko jarri zituen baldintzetako bat. Orduan hitzartutakoari traizioa egiten ari zaiola uste dute orain, elkarteak laguntza ildo batzuk kudeatzetik kanpo utzi nahi dituztelako, eta bestelako eragile batzuekin lehia zuzenean jarri dituztelako. Alor horretan ere oposizioko alderdien babesa izango dute, eta legez besteko ekinaldi baten bidez exijituko dute aurrekontuetan agertzen dena betetzea.

Lizarribar sinetsita dago kritikoak izateagatik «eraso egin» dietela. «Argia da asoziazionismoari kalte egiteko asmoa», salatu du, eta uste du sektorea «kontrolatzea» dela helburu «argia».

Merkatarien kexak, besteak beste, hauek dira: Euskaldendak konfederazioko kide izateagatik dendariek zituzten laguntzak gutxitzea, eta merkataritza bulego teknikoen kudeaketa aldatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.