Vazquez, inoiz baino babes zabalagoarekin

Uruguaiko presidente izango da berriz Vazquez, bozen %53,5 jasota.

Ekonomia bide onetik doa, baina hezkuntza sistema hobetzea izango du erronka nagusia
Vazquez garaipena ospatzen. Atzealdean, Raul Sendic, haren presidenteordea izango dena.
Vazquez garaipena ospatzen. Atzealdean, Raul Sendic, haren presidenteordea izango dena. IVAN FRANCO / EFE

Adrian Garcia -

2014ko abenduak 2
Ezustekorik ez da izan Uruguain, eta lehen itzuliko emaitzek iragarri eta ondorengo inkestek berretsi moduan, Frente Amplioko (FA) hautagai Tabare Vazquez nagusitu da presidentetzako bigarren itzulian. Tarte handiarekin, gainera; 12,5 puntu, hain justu. Bozen %53,5 jaso ditu ezkerreko koalizioko presidentegaiak. Zentro eskuineko Alderdi Nazionaleko Luis Lacalle Pou boto-emaileen %41ek babestu dute. 1996an hauteskunde sistema aldatu zutenetik presidente batek jasotako babesik handiena erdietsi du: 1.206.105 boto, haren aurkariak baino 300.000 gehiago.

Aste honetan iragarriko du Vazquezek gobernuaren osaera, nahiz eta dagoeneko aurreratu Danilo Astori egungo presidenteordea Ekonomia ministro izango dela. Jose Mujica alderdikidearen eskutik jasoko du aginte makila hurrengo urteko martxoaren 1ean. 2010eko rolak ordezkatuko dituzte, orduan Vazquezen testigantza hartu baitzuen Mujicak. Konstituzioak bi legealdi jarraian egitea debekatzen du. 2020. urtera arte presidente sozialdemokrata izango du Uruguaik, hamabost urtez jarraian.

Orain 34 urteko gertakari bati erreferentzia egin dio Vazquezek ospakizunetan. Izan ere, 1980ko azaroaren 30ean militarrek eta eskuinak proposatutako konstituzio erreformaren inguruko erreferendumean ezezkoa nagusitu zen. Presidente hautatuaren esanetan, orduan bezala, igandean herritarrek demokrazia aukeratu zuten. «Uruguaitarrok baietz esan diogu askatasun eta eskubide gehiago izateari, demokrazia hobetzeari eta garapen ekonomiko, sozial eta kulturalari». Herritarrei galdegin die laguntzeko, eta bidean eginiko okerrak jakinarazteko. «Zuekin nahi dugu gobernatu. Gida gaitzazue. Ez gaitzazue bakarrik utzi».

Hezkuntza, zintzilik

Lagungarri izango zaio parlamentuko bi ganberetako FAren gehiengoa hitzemandako programa goitik behera betetzeko. Herrialdeko azpiegiturak hobetzea —batez ere portuak eta trenbideak— eta zaintzen sistema nazional bat sortzea izan dira kanpainaren bi ardatzak. Halaber, segurtasuna bermatu nahi du, eta bost urtean lapurretak %30 jaisteko konpromisoa hartu.

Baina hezkuntzaren ingurukoa izango da, ziurrenik, haren buruhausterik handiena. Mujicaren porrotik esanguratsuena izan da, hark hala onartuta. 2012ko PISA azterketan, Uruguaik 2003. urtetik jasotako emaitza kaskarrenak lortu zituen. Vazquezek hezkuntza indartzeko neurri sorta proposatu du; besteak beste, beka programa zabaltzea eta Hezkuntza Ministerioaren aginpidea sendotzea.

Mujicaren neurri eztabaidatsu bat ere kudeatu beharko du hurrengo presidenteak. Harrabots handia eragin du AEBetako Guantanamo basetik bost preso hartzeko erabakiak, AEBekiko mendekotasuna erakusten duelakoan.

Horrez gain, FAko barne borrokak baretzen lan izango du. Ezkerreko alderdi askok osatzen dute koalizioa, baina Vazquez ez dago horietako inorekin bereziki identifikaturik. Urte asko eman ditu alderdiko buruzagitzatik kanpo, ez horrek ez dio batere lagunduko. Iraganean ere trabak jarritako sektoreei gailendu beharko zaie. Dagoeneko izan ditu lehen ika-mikak alderdikideekin, norekin eta Mujicarekin. Presidente kargua uztean, senatari gisa jarraituko du.

Izan ere, lanbidez onkologoa da Vazquez, eta ezaguna da tabako enpresa handien aurka abiatutako gurutzadagatik. Horregatik, ez dator bat Mujicak orain gutxi onartutako marihuana arautzen duen legearekin. «Sinesgaitza da kalamua botiketan salgai egotea».

Halere, herrialdea egoera onean dela hartuko du agintea Vazquezek, FAren azken hamar urteetako lorpenak nabarmenak baitira, oposizioko hautagai Lacalle Pouk berak onartzeraino. 2002ko banku sistemak eragindako krisia irauli du herrialdeak FAren gobernupean, eta milioi bat biztanle txirotasunetik atera dira. Ekonomia osasuntsu bat kudeatuko du Vazquezek; inoizko langabe tasarik apalena du herrialdeak (%6,7), eta Uruguaiko buruko BPG tasa Latinoamerikako handiena da. Hein handi batean, Vazquez beraren kudeaketaren ondorioz. Bestalde, Mujicaren energia berriztagarrien alde eginiko apustuak elektrizitatea merkatzea lortu du. Hori gutxi balitz bezala, apenas entzun diren ustelkeria kasuak haren agintaldian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna