Giza laguntza iritsi da Irakeko Amerli hirira, jihadistak bidali ondoren

«Gizateriaren aurkako krimenak» egitea egotzi dio NBEk Estatu Islamikoari, eta misio bat bidaliko du salaketak ikertzeko.

Alemaniak armak salduko dizkie kurduei
Peshmerga kurduak, Amerli hiriaren inguruko posizio batean, herenegun.
Peshmerga kurduak, Amerli hiriaren inguruko posizio batean, herenegun. STR / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko irailak 2
Irakeko armadak, milizia xiitek eta Kurdistango peshmerga indarrek IS Estatu Islamikoaren aurka hasitako kontraerasoan lehenbiziko garaipen handia lortu zuten iragan asteburuan, Irak ipar-ekialdeko Amerli hiriko setioari bukaera emanda. «Egoera bere onera itzultzen ari da, baina pixkanaka», adierazi zion atzo Ali al-Bayati Turkmenak Salbatzeko Fundazioko zuzendariak Associated Press agentziari. Al-Bayatik jakinarazi duenez, atzo Irakeko Gobernuak bidalitako elikagaiak, ura eta botikak jaso zituzten herritarrek, 11 aste iraun duen setioa hasi zenetik lehenbiziko aldiz. NBE Nazio Batuen Erakundeak ISri leporatu dio «gizateriaren aurkako krimenak» egitea. NBEren arabera, joan den hilean Iraken gutxienez 1.420 lagun hil ziren «terrorismo eta indarkeria ekintzetan». Horietako %90 zibilak ziren.

«Amerliko bataila urrezko garaipen bat izan da Irakeko segurtasun indarrentzat», adierazi du Qassim al-Atta armadaren bozeramaileak telebista publikoan. Irakeko Gobernuak ere hiri hori berreskuratzearen garrantzia nabarmendu du, eta, horren adierazle, Nuri al-Maliki jarduneko lehen ministroa bera Amerlin izan zen atzo. Al-Atta bozeramaile militarraren arabera, orain armadaren helburu nagusia iparraldeko Salahaddine probintzia osoa berreskuratzea da. «Milaka soldadu bilduko ditugu Amerlin, Tikriteraino [probintziako hiribururaino] joateko».

Asteburuko garaipenak sortutako abagunea lehenbailehen baliatu dute armadak, peshmergek eta miliziano xiitek, eta Sulaiman Bek hiria atzo kontrolpean hartzea lortu zuten, Xallal Abdul-Baban gobernuko ordezkariak jakinarazi duenez. IraqiNews.com webgunearen arabera, gobernuko «terrorismoaren aurkako iturriek» adierazi dute Sulaiman Beken hil dituzten ISko kideen artean, 23 txetxeniarrak direla.

AEBen aire erasoak

Irakeko eta Kurdistango indarrek Amerli berreskuratu aitzinetik, AEBetako hegazkinek bonbardaketak egin zituzten ISren aurka. «Amerikaren hegazkinik gabe ezinezkoa zatekeen», adierazi dio Amerlin borrokatu duen peshmerga batek Reuters agentziari. The New York Times egunkariaren arabera, AEBek eta Iranek lehenbiziko aldiz elkarrekin jardun dute militarki, abiazioarekin Washingtonek eta Iraken babesten dituen milizien bidez Iranek. Etxe Zuriak, ordea, ukatu egin du erasoak lurreko indarrekin koordinatu zituenik. Barack Obama AEBetako presidenteak atzo jakinarazi zizkion Kongresuari Iraken hasitako misioaren xehetasunak. Amerliko operazioari dagokionez, Obamak erran du giza laguntza helarazteko misio bati emaniko babesa izan zela.

Alemaniak ere militarki lagunduko ditu ISren aurka borrokan ari diren indarrak. Zehazki, Kurdistango Eskualde Autonomoari armak salduko dizkio. Kontserbadoreen eta sozialdemokraten gobernuko koalizioak hartutako erabakia izan da; beharrik ez bazuen ere, parlamentuari galdetu dio erabaki horren berri, eta babes zabala jaso du —Die Linke eta Berdeak agertu dira aurka—. «Genozidio arriskua» izan da Berlinek erabakia justifikatzeko erabilitako argudioetako bat.

Izan ere, ISk gutxiengo etniko eta erlijiosoak jazarri ditu Iraken eta Sirian, eta kurduen, kristauen eta abarren aurkako sarraskiak salatu dira. Amerlin bertan arrisku hori zegoela erran zuten zenbait gobernuk, biztanle gehienak turkmen xiitak baitira. NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak erabaki du Irakera lehenbailehen misio bat bidaltzea, ISri egotzitako krimenak ikertzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna