Ia erabakita utzi du Vuelta

Lopezek irabazi du 11. etapa, aldapan gora indartsuena izanda. Froomek tarte ia erabakigarria atera die aurkariei

Ia erabakita utzi du Vuelta.
Gorka Intxausti Aranguren.
2017ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Asko falta da oraindik, baina Chris Froomeren (Sky) ia aurkari denek galdu dituzte Espainiako Vuelta irabazteko zituzten aukera gehienak. Atzoko etapako bi mendateetan Skyk eta Bahrainek jarritako erritmoak atzean utzi zituen liderraren aurkari ia guztiak. Calar Altoko astronomia behatokirako igoera ez zen, berez, hain gogorra, baina Velefiqueko mendateko nekea igarri egin zuten faboritoek.

Miguel Angel Lopez (Astana) izan zen denen artean indartsuena. Faboritoei azken bi kilometroen barruan eraso egin, eta bakarrik iritsita jaso zituen besoak helmugan. Haren atzetik iritsi ziren Froome, Vincenzo Nibali (Bahrain) eta Wilco Kelderman (Sunweb). Sasoiko dagoela erakutsi zuen italiarrak, eta nagusiko bigarren postura jauzi egin du: 1.19ra dago. Beste guztiek galdu zuten denbora. Nicolas Roche (BMC) berehala gelditu zen atzean, eta 4.17 galdu zituen. Lehenengo hamarretatik atzera dago sailkapen nagusian. Bigarren postuan zegoen Esteban Chavesek (Orica) 1.59 galdu zituen Froomeren aldean, eta hirugarren postuan dago orain. Fabio Aru (Astana) Froome baino 1.26 geroago helmugaratu zen, eta, Pello Bilbaok egin zion lanagatik izan ez balitz, gehiago galduko zukeen. Hala ere, sailkapen nagusiaren aukerak ihes egin dio, 2. 57ra baitago orain.

David de la Cruzek (Quick Step) ere denbora galdu zuen liderraren aldean, baina pozik egoteko moduko lana egin zuen. Azken mendatean faboritoen taldeko erritmoa estutzen hasi zirenean gurpila zulatu, eta atzetik aurrera egin zuen. Hamargarren iritsi zen, 1.14ra.

Gaurko etapari dagokionez, eta aurtengo joerari jarraiki, ihesaldia helmugaratuko denaren usaina dauka. Bi mendate igaro beharko dituzte: Leon —lehen mailakoa: 17,4 kilometro eta %4,9ko pendiza— eta Torcal —bigarren mailakoa: 7,6 eta %7—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.