Katalunia. Gobernu osaketa

«Orain» ez ditu kontseilariak ordezkatuko

Torrak eskatu dio Madrili argitu dezala zein arazo juridiko dauden gobernua osatzeko. 155.ak indarrean segitzen badu Rajoyren kontuak ez onartzeko esan dio JxCk EAJri

Igor Susaeta.
2018ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Sokatiran jarraitzen dute Kataluniako Gobernuak eta Espainiakoak. Quim Torra Generalitateko presidente berriaren planen arabera, gobernu berriko kontseilariak gaur ziren kargua hartzekoak, baina «bideragarritasun arazoak» argudiatuta, Espainiako Gobernuak ez du argitaratu DOGC Generalitateko Aldizkari Ofizialean kontseilarien izendapenerako dekretua. Egitekotan, beraz, kargua hartzea ez litzateke ofiziala izango. Kataluniako prozesu subiranistaren harira espetxeraturiko edo erbesteraturiko politikaririk ez du nahi Madrilek gobernuan. Dena den, Torrak ez du, «orain» behintzat, Jordi Turull, Josep Rull, Antoni Comin eta Lluis Puig kontseilari izendatuak ordezkatzeko asmorik. Horixe nabarmendu zuen, atzo, Kataluniako RAC1 irratian egin zioten elkarrizketan.

Espainiako Gobernuak esana dauka dekretua aztertzen ari dela, eta, Torrak atzo adierazi zuenez, Victor Cullell Kataluniako Gobernuko idazkariak gutun bat bidali dio Espainiako Gobernuari, eta eskatu argitu dezala zeintzuk diren kontseilarien izendapenerako arazo juridikoak. Zenbait juristek azken egunetan adierazi dutenez, izendapenerako dekretua ez kaleratzea legearen kontrakoa da; edo gutxienez, irregularra behintzat.

Paraleloki, 2018ko Espainiako aurrekontu proiektua bozkatzekoak dira gaur Espainiako Kongresuan, eta EAJren botoak ezinbestekoak dira horiek onartzeko. PPrekin negoziatu du horiek babestea, baina duela hilabete batzuk baldintza bat jarri zioten jeltzaleek Alderdi Popularrari: Katalunian 155. artikulua indargabetzea. EAJren zuzendaritzak herenegun gogorarazi zuen hori «lehentasuna» dela. Halere, oraindik ere indarrean jarraitzen du artikuluak. Hori dela eta, Gemma Geis JxC Junts Per Catalunyako diputatuak EAJri atzo esan zion ez ditzala Mariano Rajoy Espainiako presidentearen kontuak onartu «155.ak indarrean jarraitzen duen bitartean».

Eta Torrak elkarrizketa eskatu dio, berriro, Rajoyri. «Gobernua osatutakoan hartuko nauela, hitz egingo dugula ziur nago». Eta tentsioa baretzeko eskaera ere egin dio Espainiako presidenteari: «Orain ez gaude ez urriaren 27an, ez urriaren 28an; gauza asko gertatu dira». Kataluniako presidenteak dekretua ez kaleratzearen ondorioak izan zituen gogoan, eta «politikaren judizializazioa» salatu zuen. Bide batez, atzoko elkarrizketan keinu bat egin zien bozkatzaile subiranistei, eta azpimarratu independentziarako bidean «beste momentu bat bilatzeko unea» dela oraingoa.

Jakinarazi zuen, gainera, Kataluniako Gobernuak gaur gutun bat bidaliko diela «Europako Batasuneko buruzagi guztiei» eta EFTA Europako Merkataritza Librerako Elkartekoei, eta azaldu «zer gertatzen ari den», eta «Kataluniako krisiaz jabetu daitezen».

Comukoak, subiranistekin

Espainiako Gobernuak 155.aren ezarpenaren bidez bertan behera utzitako Kataluniako Gobernua berrezartzeko ahaleginean, Torrak kontseilari izendatu ditu Rull eta Turull. Biak kartzelan daude martxoaren 23tik, eta Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileari eskatu zioten eman ziezaiela baimena kargua hartzera joateko. Magistratuak, halere, baimena ukatu die berriro, argudiatuz delitua egiteko arriskua areagotu dela.

Horren harira, eta dekretua argitaratuta dagoen ala ez gorabehera, JxCk eta CUPek adierazi dute Torrak izendatutako kontseilariek gaur kargua hartu beharko luketela, haien eskubide zibil eta politikoak indarrean daudelako. Catalunya en Comukoek ere bat egin dute indar subiranistek adierazitakoarekin, nahiz eta nabarmendu nahiago dutela «gobernu eraginkor bat».

Kataluniako presidente berria gaur zen legebiltzarrean, osoko bilkura batean, gobernu berria eta gobernu plana aurkeztekoa. Ez dirudi, ordea, hala izango denik. Zenbait komunikabidek iturri parlamentarioak aipatuta diotenez, ostiralean izan daiteke saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.