Muturrerako bidea hartu du Netanyahuk

Martxoaren 17an egingo dituzte Israelgo Legebiltzarrerako hauteskundeak.

Joera nazionalista nabarmeneko gobernu bat osatzeko aukera dute eskuineko indarrek

Xabin Makazaga -

2014ko abenduak 4
Yair Lapid eta Tzipi Livni ministro moderatuak bazkide gogaikarri bihurtu zitzaizkiolako desegin du Benjamin Netanyahu lehen ministroak Israelgo koalizio gobernua, eta parlamentuak atzo ezarri zuen hauteskunde aurreratuen eguna: martxoak 17. Yesh Atid eta Hatnua alderdietako buruzagiei gobernua barrutik zulatzea egotzi zien Netanyahuk, eta hurrengo gobernurako bazkide erosoagoak bilatu nahi ditu.

Gobernua desegitearekin bat Israelen argitaratu duten lehen inkestaren arabera, Likud (22) eta Juduen Etxea (17) izango lirateke gehien bozkaturiko alderdiak, eta Israelen historiako gobernu nazionalistena osatzeko moduan izango lirateke eskuineko indarrak, Yisrael Beitenurekin eta Shas eta Tora Judaismo Batua alderdi ultraortodoxoekin.

Gazaren kontrako erasoaz gero, lehendik ere zaila zen harremana erabat gaiztotu dute Jerusalem ekialdean eta Zisjordanian gero eta kolonia gehiago eraikitzeko planei nahiz Israel «herri juduaren estatu» izendatzeko proposamenari Lapidek eta Livnik egindako kritikek. Eskuin muturra baretzeko premia ere ikusi du Netanyahuk, Tel Avivek arabiarren kontrako neurriak gogortzearekin bat aspaldian ugaritu egin baitira juduen kontrako erasoak Jerusalemen. Erlijio gerra baten traza hartu du gatazkak, Meskiten Zelaigunea ixteko erabakiak erakutsi zuen gisan, eta, palestinarrekin bi estatuen irtenbidea negoziatzeko aukera ere urrundu egin denez, asko hoztu dira Netanyahuren eta AEBen arteko harremanak ere.

Kolapso egoera horretan, eta Israel gobernatzeko berezko zailtasuna aintzat hartuta —hamahiru talde daude 120 eserlekuko ganberan, eta Yesh Atid da handiena, 19 diputaturekin, Likud-Beitenu koalizioaren 31 ordezkariez landa—, muturrerako bidea hartzea erabaki du Netanyahuk. Inkestek, behintzat, bide hori erakusten diote. Izan ere, lehen ministroaren Likud alderdiak, Naftali Benneten Juduen Etxeak eta Avigdor Liebermanen Yisrael Beitenuk ez dute eztabaida handirik izango okupazio politika gogortzeko neurriekin edo Israel «herri juduaren estatu» izendatzearekin. Eta, aritmetikak hala eskatuz gero, ez lukete zailtasun handirik izango aurreko gobernutik kanpo utzitako alderdi ultraortodoxoei atea irekitzeko.

Hautsi berri den koalizio gobernua Gazaren kontrako Hegi babesgarria operazioarekin hasi zen zartatzen; eta Hamasek urak beren erroetara bideratu nahi izan ditu, Sami Abu Zuhri bozeramaileak esan baitu Israelgo hauteskundeak aurreratzea «Netanyahuk Gazan jasandako porrotaren» eta «erresistentziaren garaipenaren» erakusle dela. Izan ere, suziriak Tel Aviv hiriraino jaurti eta Israel hegoalde osoa jopuntuan izan zuten ekintzaile palestinarrek 50 egunez, eta Israelgo ekonomiak kalte handiak izan zituen. Baina Israelgo armadaren bonbardaketek 2.200 palestinar inguru hil zituzten, eta hondamendia eragin zuten Gazan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna