Ihesean ere azkarrena

Matteo Trentinek Vueltako bigarren garaipena eskuratu du Jose Joaquin Rojas esprintean menderatuta. Nicolas Rochek 29 segundoren tartea jan dio Chris Froome liderrari

Ihesean ere azkarrena.
Gorka Intxausti Aranguren.
2017ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Matteo Trentinek (Quick Step) irabazi zuen atzo Espainiako Vueltako hamargarren etapa. Jose Joaquin Rojasekin (Movistar) batera iritsi zen azken esprintera, eta aise garaitu zuen espainiarra. Bera da orain elastiko berdearen jabe. Jaime Roson (Caja Rural) sailkatu zen hirugarren postuan. Sailkapen nagusian, lehengoak daude podiumean, baina Nicolas Roche (BMC) hirugarrenarekiko 29 segundo gutxiagoren aldea dauka orain Chris Froomek (Sky). Azken mendatearen jaitsieran faboritoen taldetik ihes egin eta aurretik helmugaratu baitzen BMCkoa. 37 segundora dago orain.

Etapa oso gogorra izan zen hasieratik, nahiz eta ibilbidea oso laua zen azken kilometroak iritsi arte. Martxan jarri eta berehala hasi ziren txirrindulariak eguneko ihesaldia osatu nahian. Talde askok sartu nahi zuten txirrindulariren bat, eta tentsio uneak bizi izan ziren. Erasoek eragindako erritmoa oso bizia bilakatu zen, eta tropela bera ere zatitzea eragin zuen une batez. Azkenean, helmugarako 70 kilometro falta zirela egin zen eguneko ihesaldia, etapa hasi eta ia bi ordu beranduago.

Berehala zabaldu zuten tartea iheslariek. Denera hamazortzi txirrindulariko taldea zen. Haien artean, besteak beste, Luis Leon Sanchez (Astana), Rojas eta Marc Soler (Movistar), Alessandro de Marchi (BMC), Alexandre Geniez (Ag2r) eta Trentin. Eguneko mendate gogor bakarrean aurrera egin, eta beheranzkoan arriskatuta iritsi ziren azken lau kilometroetara lehen bi sailkatuak. Helmugan argi gelditu zen bietako zein zen azkarrena.

Gaurko etapak zeresan handia eman dezake. Azken 43 kilometroetan alde handiak egin daitezke. Bi mendate izango dituzte, biak lehen mailakoak: Velefique —13,2 km eta %8,6ko pendiza— eta Calar Alto —15,5 eta %5,9—. Eguneko helmuga izango da, eta, batez besteko handirik ez duen arren, oso hasiera gogorra dauka, eta tarteak zabaldu daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.