Garestiago daude hitzak Frantzian

'Charlie Hebdo'-ren aurkako atentatuaren ostean 54 prozedura judizial zabaldu dituzte 'terrorismoaren gorazarreagatik'.

Erasoa bere gain hartu du Yemengo Al-Qaedak

Samara Velte -

2015eko urtarrilak 15
Charlie Hebdo-z geroztik, garestiago daude hitzak Frantzian. Justizia Ministerioak jakinarazi duenez, 54 prozedura judizial baino gehiago zabaldu dituzte azken egunotan «terrorismoari apologia» egitea egotzita. Asko gertakari arrunt samarrak dira, baina zigor eskaera gogorrak egin dituzte. Kasu larrienean, lau urteko espetxe zigorra ipini diote alkoholemia egin nahi ez zuen gidari bati, Poliziari oldartu eta joan den asteko atentatuari buruzko iruzkinak egin zituelako.

Erasoa gertatu eta astebetera, «mendekuaren» erantzukizuna bere gain hartu du Al-Qaedaren Yemengo adarrak, Arabiar Penintsulako Al-Qaedak. Nasser bin Ali al-Ansi eledunak eman ditu azalpenak, hamabi minutuko bideo batean: «Alak aukeratutako profetari [Mahomari] irain» egin ziotenen aurkako ekintza izan zen, eta «aukeratutako heroiek», Said eta Cherif Kouachi anaiek, behar bezala erantzun zioten erakundeak egindako «deiari».

Bideoan, azken urteotako hainbat gertakari nabarmenen irudiekin osatutako muntatze bat ikus daiteke Al-Ansiren atzean: Mahomaren karikaturengatik egindako protestak, New Yorkeko Dorre Bikien aurkako atentatua, nazioarteko tropen erasoak Afrikan... Oraingo egoera «mugarritzat» jo du Al-Qaedak Mendebaldearekiko gatazkan: «Apostasiaren buruzagiak shock egoeran daude, eta elkartu egin dira, euren ahultasunari aurre egiteko». «Baina zauriak ez dira oraindik sendatu Parisen, New Yorken, Washingtonen, Londresen eta Espainian», erantsi du.

Atentatua sufritu osteko lehenbiziko zenbakia argitaratu du astekariak, eta berehala harrotu ditu hautsak: azalean Mahoma ageri da berriz, negarrez eta Charlie naiz dioen kartelari eusten. «Dena barkatuta dago», dio titulu nagusiak.

«Charlie naiz»; lelo hori mundu osoan hedatu da joan den astebetean. Frantziako eta Mendebaldeko gobernuek bere egin dute astekariko langileekiko elkartasun keinu behar zuena, eta adierazpen askatasunaren sinbolo bihurtu dute. Atzo, aldizkariaren zenbaki berria besapean zuela ikusi zuten Manuel Valls Frantziako lehen ministroa Eliseotik ateratzen. Datorren astean aurkeztuko dizkio Ministroen Kontseiluari atentatuaz geroztik hedatutako «mehatxu terrorista globalari» aurre egiteko proposatutako segurtasun neurriak.

Vallsek iradoki du nondik joko duten gobernuaren politikek. Aurrez aipatutako 54 auzi judizialez gain, beste 69 ere zabaldu dituzte denetariko arrazoiak direla medio: meskiten eta kultuko lekuen aurkako erasoengatik, musulmanen aurkako irainengatik, segurtasun indarren aurkako arau-hausteengatik edo ziber-erasoengatik. Dieudonne M'Bala umoregilea ere atxilo eraman dute, Facebookeko bere orriko argitalpen batean oinarrituta: «Niri dagokidanez, Charlie Couilbaly sentitzen naiz», idatzi zuen igandean, aldizkari satirikoaren eta joan den asteko erasoetan nahastutako jihadista baten izenak batuta.

Musulmanen erantzuna

Charlie Hebdo-ren zenbaki berriarekin, eztabaida ere barreiatu da munduan. Islamaren eledun entzutetsuenek berehala kritikatu dute argitalpena. EIk «ergela» dela adierazi du, eta Al-Azhar instituzio sunitak jaramonik ez egiteko eskatu die fededunei, Mahomaren figura «handiegia eta ederregia delako karikatura immoral batzuekin irainduta sentitzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna