Korsika. Macronen bisita

Aldrebestu egin zaio bidaia Macroni

Larunbateko manifestazio arrakastatsuari alderdikide korsikarrekiko ika-mikak gehitu zaizkio, gaurko bisitaren atarian. Simeoni eta Talamonirekin elkartuko da

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, iragan urtarrilaren 22an, Versaillesen. THIBAULT CAMUS / EFE.
ander perez zala
Ajaccio
2018ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Iritsi da eguna: Emmanuel Macron Frantziako presidentea Korsikara iritsiko da gaur goizean, kargua hartu zuenetik lehenengoz. Bi hitzordu garrantzitsu ditu. Goizean, Claude Erignac prefetari egingo dioten omenaldian izango da, eta, arratsaldean, uhartean gehien espero duten argazkian: Gilles Simeoni Korsikako presidentearekin eta Jean-Guy Talamoni legebiltzarreko presidentearekin elkartuko da, nazionalisten aldarrikapen historikoen inguruan duen iritzia emateko, eta negoziazioak abiatuko ote dituen jakinarazteko.

Erignacen hilketaren 20. urteurrenaren harira izanen da Macron Mediterraneoko irla horretan, baina azken egunotan aldrebestu egin zaio bisita, gehienbat bi gertakarirengatik. Batetik, nazionalistek deituriko larunbateko manifestazio arrakastatsuagatik, presio handiagoa jarri baitu Frantziako presidentearengan, gaurko eta biharko hitzorduei begira. Bestetik, ostiral gauean Korsikako Legebiltzarrean bozkatu zuten ebazpenarengatik —gaur arratsaldean bere esku izango du—. Ezustekoa bozketan izan zen, Anda Per Dumaneko sei diputatuek Macronen diputatuek Simeonik aurkeztutako testuaren alde bozkatu baitzuten. Eliseoan eta Frantziako presidentearen LREM Errepublika Martxan alderdian haserrea eragin du erabaki horrek, Korsikarako bidaiaren bezperan.

Nazionalistek gehiengo osoa duten arren, sei diputatuek ere testuaren alde bozkatu zuten. Ebazpenak Frantziako presidentearieskatzen dio «abia dezala Korsikako ordezkari hautatuekin elkarrizketa bat, baldintzarik gabekoa eta gairik baztertu gabe»; sar dezala Korsika hitza konstituzioan; presoak hurbildu ditzala uhartera, eta ondoren amnistia eztabaidatzeko aukera zabal dezala; eta berriz abia ditzala fiskalitateari buruzko eztabaidak. Alegia, nazionalisten aldarrikapen historikoei babesa eman zieten sei diputatu horiek.

Jean-Charles Orsucci talde parlamentarioko presidente eta Bonifaccio hiriko alkateak argudiatu du «gehiengo nazionalistak» onartu egin zituela bere taldearen zuzenketak, eta horrek eman zuela aukera «dokumentu komun batentzat» bozkatzeko. Ordea, LREM alderdiaren zuzendaritzan ez dute begi onez ikusi erabakia: «Sei diputatuek ez dute bozkatu LREMren jarrerarekin bat. Ez dira nahastu; nahi duten boza eman dezakete», ziurtatu zuen Christophe Castagner alderdiko presidenteak.

Eliseoan ere ez dute begi onez hartu erabakia, eta Macronek bertan behera utzi du egunotako bisita baliatuz Bonifacciora egitekoa zuen bidaia.

Diskurtso nagusia, gaur

Urtarrilaren 22tik 24ra izan ziren Parisen Simeoni eta Talamoni, eta ez ziren esperotako erantzunekin itzuli Korsikara. Horren ondorio izan zen larunbateko indar erakustaldia, esaterako. Egoera blokeatuta dagoelakoan, bi buruzagi nazionalistek behin eta berrizziurtatu dute Frantziako presidentea dela egoera desblokea dezakeen bakarra.

Horregatik, ikusmin handia sortu du Macronek bihar Bastianemango duen diskurtsoak. Han jakinaraziko du zein den bere iritzia Korsikako auzian, eta argituko du, jendaurrean, prest ote dagoen Simeonirekin eta Talamonirekin negoziatzeko. Edouard Philippe lehen ministroak eta Jacqueline Gourault Barne ministroaren alboko ministro eta gobernuaren negoziatzaileak atea ireki zioten soilik Korsika hitza konstituzioan sartzeari; gainontzeko aldarrikapenek etorkizun zaila izango dute, batez ere amnistiak eta hizkuntzaren koofizialtasunak.Presoen hurbiltzeaz ere aritzeko prest agertu dira, kasuak banan-banan aztertuta; zortzi preso politiko daude egun Frantziako kartzeletan, horietatik zazpi Paris inguruan, eta azkena, Yvan Colonna, Arlesen, Frantzia hegoaldean. Gainontzeko hirurak Bastia (Korsika) kanpoaldeko espetxe batean daude.

Macronek kanpainan esan zuen Frantzia «indartsua» dela barruan dituen berezitasunak onartzeko. Eta deszentralizazioaren alde agertu da. Hori izan zen haren proposamenetako bat kanpainan, eta presidente denetik ere baieztatu du proiektu hori aurrera eramateko nahia. Ikusteko dago ea Korsikaren kasuan noraino iristeko prest dagoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.