Plaza berria du euskal antzerki berritzaileenak

Zurrunbilo jaialdia egingo dute lehen aldiz, Gasteizen, ekainaren 13tik 19ra. Euskaraz eta Euskal Herrian egindako produkzio garaikideak erakusteko lekua izango da

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2016ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Gabezia baten eta ziurtasun baten arteko bidegurutzetik atera da Zurrunbilo, heldu den astean Gasteizen abiatuko den arte eszenikoen jaialdi berria. Gabezia bat, alde batetik, euskarazko antzerki garaikidea erakusteko eta bultzatzeko espazio falta dagoelako. Ziurtasun bat, bestetik, Euskal Herrian egiten den antzerki berritzaileak publikoarentzat erakargarria izateko nahikoa kalitate duen ustean oinarrituta.

Baratza aretoaren eta bertan lanean ari den Parasite kolektiboaren gogoeta bati zor zaio ekinaldia. «Baratzan egin izan dugu programazioa euskaraz, baina ikusten genuen zaila zela gaztelerazko emanaldiekin bezainbeste jende biltzea. Estrategikoa iruditu zitzaigun jaialdia egitea, sarbidea errazteko euskaraz egiten diren arte eszenikoetara», zehaztu du Unai Lopez de Armentia Baratzako arduradun eta jaialdiaren sustatzaileak.

Ez da bakarrik Arabako hiriburuak falta duen zerbait. Euskal Herrian ere proposamen apurtzaile eta berritzaileenei lekua egingo dien programazio bat eskaintzea ere badute asmoa. Sorkuntza garaikideari, bertan egindako produkzioari eta kulturari lehentasuna emango dion ekinaldia da. «Euskal Herriak kalitatezko antzerkia ekoizten duela uste dugu, eta hiritarrek ikus dezaten antolatu dugu jaialdi hau», azaldu du Marina Suarez antzezle eta antolatzaileak.

Tailerrak, errezitalak, sorkuntza prozesuan dauden piezak, umorea eta musika tartekatuko ditu bere lehen urtean. Programazioa prestatzen ari zela etorri zitzaion burura zurrunbiloaren ideia Lopez de Armentiari, eta izen hori jartzea erabaki zuen. Bada Dut taldearen Zurrunbilo abestiari eginiko keinu bat ere. Urtero errepikatzeko gogoz ere egin dute aurten lehen urratsa.

Ekainaren 13an jarriko dira martxan jaialdiari lotutako ekintzak. Egun horretan hasiko da bost egun iraungo duen antzerki tailerra, Ander Lipus aktorearen gidaritzapean. Aktorearen dantza mekanikoa eta poetikoa izenburua jarri diote, eta antzezleak behar dituen teknika ezberdinetan sakontzeko helburua du: besteak beste, arnasa, oreka, indarra, adierazpena, espazioa, jauzia eta halako kodeen interpretazioa landuko dute hogei orduko ikastaro trinkoan. Izena emateak ehun euro balio du, eta %20ko beherapena dute Baratzako eta TAE eszena-arte tailerreko bazkideek.

Emanaldiak, 15etik

Emanaldian ekainaren 15ean hasiko dira. Egun horretan, sorkuntza prozesuan dauden bost pieza labur aurkeztuko dituzte egileek, Oihaneder euskararen etxean. Doako emanaldia izango da, espazio horretan egingo diren guztiak bezala.

Ekainaren 17 eta 18rako, saio bikoitza antolatu dute Zurrunbilokoek. Lehen egunean, Oh My God taldearen Zer duzu, Amy? eramango dute taulara Oihanederren, arratsaldeko zortzietan. Bigarren emanaldia gaueko hamarretan izango da, Baratza aretoan, eta Anodino Teatroaren Zerura eroria izango da ikusgai, kapitalismoari umore beltzaren begietatik so egiten dion pieza.

Hurrengo eguna Metrokoadroka konpainiaren Mr Señora errezitalarekin hasiko dute, Oier Guillan antzezleak plazaratu duen izen bereko liburuan oinarrituta. Ondoren, Bihotz salataria Edgar Allan Poe idazlearen obra ezagunaren bertsioa aurkeztuko du Atx Teatroak. Baratza aretoan izango dira biak, arratsaldeko zortzietan eta gaueko hamarretan.

Azken saioa igandean egingo dute, Baratza aretoan halaber. Tripak taldearen Aitaren larrua aurkeztuko dute. Baratzako laborategiak sortu eta garatu duen proiektua da Tripak. Antzerki obra esperimental deigarria agindu dute.

Baratzako saioen sarrerak zazpi euroan jarriko dituzte salgai. Bada egun osoko bonua ere, hamar euroren truke, eta jaialdi osorako bonua ere bai, 22 euroan. Zurrunbilo jaialdiaren lehen aldiari agur esateko festa antolatu dute ekainaren 19rako, iganderako. 20:30etik aurrera izango da, Gora tabernan, eta Joseba Irazoki musikariaren emanaldia izango da han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.