Musika ondarea zaintzeagatik

Eresbilek jaso du Ibilbideari Elkar saria, euskal musika bildu, landu, gorde eta zabaltzeagatik. Jakinek jaso du, berriz, estreinako Proiektuari Elkar saria

Jon Bagues Eresbileko zuzendaria, Joxe Mari Sors Elkar fundazioko lehendakaria eta Jon Jaka idazkaria, atzo, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, sari banaketan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Gorka Erostarbe Leunda.
Andoain
2017ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
«Eresbilek lan handia egin du urte luzez euskal musika bilatu eta jasotzen, gure ondare gisa gal ez dadin, eta garrantzi handiagoa duena, hurrengo belaunaldietara ere irits dadin. Musika ondarea ikertu, bildu, kontserbatu eta jakitera ematea du helburu, bereziki euskal konpositoreen lanak». Honela aitortu du Elkar fundazioak Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak urteetan egindako lana, eta horregatik saritu du II. Ibilbideari Elkar sariarekin —Gerediaga Elkarteak jaso zuen iaz estreinakoz saria— .

Eresbilek musika ekoizpenak kontserbatzen ditu, euskarri guztietan —testuak, ikus-entzunezkoak edo ikonografikoak—. Jon Bagues Eresbileko zuzendariak jaso zuen saria, atzo, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa) egindako ekitaldian. Joxe Mari Sors Elkar fundazioko lehendakariak eman zion Gotzon Huegun eskultoreak diseinaturiko garaikurra. «Eresbileko fundazioaren, lankideen, lankide ohien eta Jose Luis Ansorena sortzailearen partetik» eskerrak eman zituen Baguesek, eta 1974an sortu zenetik Eresbilek egindako lana ekarri zuen akordura: «Eskuidatzietan zegoen musika ondarea bilatzea, jasotzea, eta zabaltzea izan zen lehen kezka. Horregatik joan den mendeetako euskal musikagileen funtsak berreskuratzen saiatu gara».

Egun, konpositoreen 180 funts inguru biltzen ditu Eresbilek, baina baita bestelako ehunka dokumentu ere: partitura eskuidatziak (17.000), inprimatutako partiturak (54.000), monografiak (17.000), aldizkariak (1.700), soinuzko grabazioak (101.000), ikus-entzunezko dokumentuak (1.900), programen bildumak (1.172), kartelen bildumak (1.254), argazkiak (10.700) eta dokumentazioa (15.500). Urteetan egindako lan hori guztia «saritu, aitortu eta eskertu» du Elkarrek, Joxe Mari Sors fundazioko presidenteak nabarmendu zuenez: «Balio handia du euskal kultura bildu eta transmititzeko egiten den lan orok, eta Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak euskal musikarekin egiten duenak ere halaxe du».

«Elkar etxeak eta Eresbilek euren ibilbidean sarri egin dute topo», Baguesek gogoratu zuenez. «Iparraldean esaten dioten penser la musique, musika hausnartzea edo musikaz letren bidez aritzeak, badu bere garrantzia. Euskal musikagileek asmatzen duten musika aurkeztu, sakondu, bere inguramenak aztertu... guzti hori beharrezkoa da musikarien lanak zabaltzeko. Eta bide honetan ziur gara Eresbil eta Elkarlanean erakundeak aurrerantzean aurrerantzean bide zabala eta oparoa eduki dezaketela».

Eta bide berri horretan zer egin ere, garbi samar du Baguesek: «Bai antzinako musika jaso, bai gaurko musika babestu; herri musika, zein hiritar musika, beti euskal musikari eta musikagileen lana zabaltzen saiatuz. Egun teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerak landuz, Euskal Herritik at publiko zabal eta ugariena bilatuz».

Urtero emango da hemendik aurrera ere Ibilbideari Elkar saria, eta bi urtez behin, aldiz, egitasmo edo ekimen jakin bat saritzen duen Proiektuari Elkarsaria (10.000 euro). Aurtengoa, Jakin taldeak eskuratu du, XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa proiektuagatik, hain zuzen ere, Elkar fundazioak duela aste batzuk jakinarazi zuen moduan. 1960ko hamarkadatik gaur egunera arte, Euskal Herriko pentsamenduaren eta kulturaren garapenean berebiziko garrantzia duten hainbat euskal autoreren lana berreskuratzea, transmititzea eta dibulgatzea da proiektuaren helburua eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi izan da aukeratutako lehen autorea.

Lorea Agirre Jakineko zuzendariak eta Joan Mari Torrealdai zuzendari ohiak jaso zuten saria. Txillardegiren obra guztia digitalizatuta dutela gogorarazi zuen Agirrek: «Hilabete bateko epean jarriko dugu kontsultatu nahi duen guztiaren eskura Txillardegiren obra. Ondoren, obra hori guztia hainbat liburukitan ere emango dugu, tematikoki sailkatuta eta horren osagarri ikus-entzunezkoak ere egin nahi ditugu, bereziki belaunaldi gazteagoen artean Txillardegiren pentsamendua zabaldu ahal izateko». Agirrek nabarmendu zuenez, orain artean Txillardegiren eta beste hainbat euskal autoreren pentsamendu eta obra «etenekin» transmititu izan da belaunaldiz-belaunaldi, «zatika, inoiz ez modu natural eta osoan».

Pello Ramirez txelo jotzailearen musikaz hasi eta amaitu zen sari banaketaren ekitaldia, erakundeetako, euskalgintzako eta kulturgintzako hainbat ordezkariren aurrean. Han ziren, aipatuez gain, eta besteak beste, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Jose Luis Ansorena Eresbilen sortzailea, Martxelo Otamendi BERRIA egunkariko zuzendaria, eta Iñaki Soto Gara egunkariko zuzendaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.