Emakume musikagileak lehen lerrora

Bihar hasiko da 46. Musikaste, Errenterian. Andreek idatzitako obra bat emango da, gutxienez, saio guztietan, eta haien lanekin soilik osatutako bi kontzertu egingo dituzte
Julen Mendoza Errenteriako alkatea, Arantxa Arzamendi Andra Mari abesbatzako ordezkaria, eta Jon Bagues Eresbileko zuzendaria atzo, Errenterian, Musikasteren aurkezpenean.
Julen Mendoza Errenteriako alkatea, Arantxa Arzamendi Andra Mari abesbatzako ordezkaria, eta Jon Bagues Eresbileko zuzendaria atzo, Errenterian, Musikasteren aurkezpenean. JON URBE / FOKU

Ainhoa Sarasola -

2018ko maiatzak 17
Iaz hil zen Maria Luisa Ozaita konpositorea (Barakaldo, Bizkaia, 1939), Emakumeak Musikan Elkarteko sortzaileetarikoa ez ezik, elkarteko ohorezko lehendakari ere izandakoa. Harekin harreman handia zuten Eresbileko arduradunek, Jon Bagues zuzendariaren hitzetan. Eta Musikasteren programazioan andrazko musikagileen lanik ez zegoela ikusten zuen aldiro, Ozaitak kargu hartzeko dei egiten ziola ere kontatu du. «Aipamen txiki bat egin genion iaz Ozaitari, baina orduan pentsatu genuen Musikaste sendoago bat eskaini behar geniela emakume konpositoreei». Ideia horrekin osatu dute Euskal Musikaren 46. Astearen egitaraua. Bihar hasi eta hilaren 26ra bitarte, andre musikagileen lanak izango dira protagonista Errenterian (Gipuzkoa).

Programazioa osatzeko, antolatzaileek beren buruari erronka bat jarri ziotela azaldu du Baguesek: aurkeztuko zituzten musikagileen erdiak baino gehiago emakumeak izatea. «Eta lortu dugu, ozta-ozta, baina lortu dugu». Ez zaiela erraza egin ere aitortu du, zenbait generotan andreek idatzitako partitura gutxi ezagutzen direlako, esaterako, musika erlijiosoan nahiz txistuarentzat edo musika bandentzat sortutakoetan. Halakoak ere badira, azkenean, egitarauan. Era berean, emakumeek idatzitako obrekin soilik osatutako bi kontzertu ere egingo dituzte: musika garaikidekoa lehena, eta XIX. eta XX. mendeetako musikarena bestea. Guztira, 25 andre konpositoreren lanak interpretatuko dituzte musikariek; horietatik, hamalau egileren kasuan, lehen aldiz entzungo dira haien obrak Musikasten.

Jazzarekin hasiko da astea, Donostiako eta Gasteizko kontserbatorioetako Big Band-ek bihar Niessen kulturgunean emango duten kontzertuarekin. Hartan ere entzun ahalko da andreek idatzitako lanik, atzerrikoak kasu horretan. Etzi, berriz, Quatuor Europa laukoteak Ozaitaren bi lanekin ekingo dio Madalena ermitan egingo duen kontzertuari, eta Teresa Catalan, Zuriñe Fernandez Gerenabarrena eta Beatriz Arzamendiren obrak emango dituzte ondoren. Igandean, Jasokundeko Andra Mariaren elizan, Raul del Toro organista eta ikertzaileak Marie-Bernadette Dufourceren eta Aita Donostiaren zenbait lan interpretatuko ditu 10:30ean. Ondoren, mezan, hainbat ordena erlijiosotako hainbat andrek —Ignacia Olaizola, Mercedes Boyer, Eladia Garate eta Sabina Iriondo, tartean— sortutako piezak joko ditu Torok, Andra Mari abesbatzak lagunduta. Txistu emanaldia izango da ostean herriko plazan —Arantza Troncoso, Kontxi Labandibar eta Sofia Larrauriren obrak emango dituzte, besteak beste—, eta Errenteriako musika bandarena jarraian, Foru plazan. Margarita Lorenzo de Reizabalen American Souvenir lanaren hainbat zati joko dituzte, besteak beste, azken horretan; emakume batek bandarako idatzia eta Eresbilen sartu den lehen partitura da Lorenzo de Reizabalena.

Urteurrenak gogoan

Hurrengo astean, Emakume musikagileen ahotsa Euskal Herrian izeneko programa entzun ahalko da ostiralez, hilak 25, Niessenen. Hori izango da andreek sortutako obrekin soilik osatutako bigarren kontzertua. Emma Chaconek, Julie Adrienne Karrikaburuk, Emiliana Zubeldiak, Anita Idiartbordek eta Maria Luisa Ozaitak idatzitako lanak interpretatuko dituzte Eugenia Boix sopranoak, Estitxu Oraa biolontxelistak eta Susana Garcia de Salazar pianistak.

Egun berean, Fatimako parrokian, aurten mende erdia beteko duten hiru abesbatza omenduko dituzte: Araba abesbatza, Loiolako San Juan Bautista abesbatza eta Zangozako Nora abesbatza. Kontzertu berean abestuko du Errenteriako Landarbaso abesbatzak ere.

Beste urteurren bat ere gogoan izango dute leku berean hurrengo egunean, EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Andra Mari abesbatzak emango duten Musikasteren amaierako kontzertuan. Manuel Sagasti musikaria omenduko dute bere heriotzaren bigarren mendeurrenean, haren Requiem-a interpretatuta. EOSeko zuzendari Robert Treviñok hautatu du lan hori, baita emanaldian entzungai izango diren Rodrigo A. de Santiago, Ramon Usandizaga eta Beltran Pagolaren beste hainbat pieza ere. Maria Eugenia Luc konpositorearen Jing obrarekin hasiko da kontzertua, eta, ondoren, Ozaita omenduko dute haren Siciliana obra emanez.

Musikasteko emanaldi nagusiak bihar abiatuko badira ere, asteon jada hasiak dira kontzertu pedagogikoak egiten, 8 eta 12 urte bitarteko ikasleentzat, Aupa Quartet taldearen eskutik. Beste lako jarduerak ere izango dira jaialdiak iraun bitartean.

Egitarau osoa ikusteko, jo webgune honetara:

www.eresbil.com/sites/musikaste2018/eu/

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna