Albistea entzun

Herritar ospetsuari aintza

'Pierra Lhande' pastorala emango dute etzi eta abuztuaren 2an Zalgize-Doneztebeko eta Iruriko herritarrek.

Funtsezko arauak errespetaturik, hainbat berrikuntza izanen dira
<em>Pierra Lhande</em> pastoralaren mustraka nagusiko une bat.
Pierra Lhande pastoralaren mustraka nagusiko une bat. ALLANDE SOKARROS Tamaina handiagoan ikusi

Allande Sokarros -

2015eko uztailak 24 - Zalgize-Doneztebe

Pastoraleko aktore andana oholtza altzealdean eta ateko gortina gibelean sartzeko zain, taulada gainean berriz beste joko egile batzuek dihardutelarik... holakorik mustraka nagusi batean baino ezin daiteke ikus. Sei hilabete dirauen trebaldi luze baten azkenburuko entsegua da mustraka berezi hau. Aktoreek orduan dituzte lehen aldiz soinean probatzen pastoraleko jantziak, aurretik egitearekin andeatzeko arriskuak baitira. Lan handia da zinez ehun bat aktorerentzako arropen egitea; batzuek, gainerat, bat baino gehiago daukate. Pastoral bat paratzen du(t)en herri(eta)ko emakume andana da aldi oro lan berezi horretaz arduratzen, jantzien diseinua asmatzeaz aspaldiko urtetan arduratzen den Erramun Garzia Zabalegi Errenterriako jostunaren gidaritzapean.

Igande honetan —uztailaren 26an— eta hurrengoan —agorrilaren 2an—, Iruri eta Zalgize-Doneztebe herri auzokoek agertuko duten Pierra Lhande pastoralaren prestakuntzan jardun du, beste behin ere, Erramun Gartziak. Mustraka nagusiaren ekitaldi berezi hau ere harena da , oholtza gibelaldean su ta ke ari delarik batari zein besteari laguntzen, dela zaia bat daraman emakume baten janzkera txukuntzen, dela gizonezko bati burnu izeneko burukoa atontzen...

Mustraka nagusiak balio du, halaber, gerta daitezkeen huts egiten zuzentzeko, ez soilik aktoreen jokoan jazo daitezkeenak, bai teknikaren aldekoak ere, gaur egungo pastoraletan puntako tresneriak erabiltzen baitira, soinuztatzearen arloan bereziki. Azken saialdi honetan dira ardi saldoa eta astoa taulada gainera etorrarazten, eta hori ez da txantxetako eginbeharra, batez ere kabala horiek ehunka ikusliarren artean pasarazi behar direlarik.

Zuberoako pastoralak edo trajeriak —hau da aspaldiko herri antzerki honen izen zaharragoa— azken berrogei urteotan izan duen benetako urrezko aroarekin eraberritze asko eta asko ezagutu ditu, hainbat ataletan. Eta hori funtsezko arauak ukituak izan gabe... zeren eta horiek errespetatu ezean, ez bailitzateke pastorala izaten ahal. Funtsezko arau hauek dira: bi gizataldek —aspaldiko denboretatik Kiristiak eta Türkak deituak direnak— behar dutela buruz buru egon; ikusgarriak behar duela beti sarrera batek —entrada eta lehen perediküa— historia kontakizun batek —Jelkaldiak— eta irteera batek —sortida eta azken peredikua— osatua izan. Ukitu ezineko kontuetan beti, Jelkaldietan ematen diren bertsetak deklamatu behar dira, eta lehen eta azken peredikuak, berriz, melopeia moduan kantatu. Ontsalaz, pastoral bateko heroiak —sujetak— hil egin behar du azken jelkaldian, eta hilik bezala behar dute eraman... Baina arau horri saihesteak egin zaizkio behin eta berriro!

Eraberritzeak aurten ere

Funtsezko arau hauek betetzen diren ber, pastoralak aldaketa edo eraberritze mota anitz onartzen ditu... eta ez dira gutxi izan azken urteetan! Dudarik batere gabe, ezaugarri honek dio ziur aski iraunkortasuna eta arrakasta bermatzen. Pierra Lhande pastoralean ere berrikuntzarik nabaritu dute ikusliarrek, adituenek behintzat bai. Hala, jelkaldi batean edo bestean, joko egileen gurutzatze bereziak hauteman daitezke, baita guduka batean makilen erabiltzeko era ezohikoren bat ere. Ballet batean, berriz, hiru dantza moten lerrokatzea gozatuko dute ikusliarrek, horrekin hauteman daitekeelarik zelako lana egiten duten aktore eta trebatzaileek. Oholtza zolan, ate urdin, zuri eta gorriak irekitzen eta hesten dituzten teatre-andereen jantzieran ere aldaketarik sumatu dezake jendeak, arropa koloretsuz... baita txapel batez ere duntuak direlarik! Aintzat hartu behar baita langile isil eta xume hauek ere pastoral bateko aktore behar-beharrezkoak direla.

Ezaugarri horien berri emateaz gain, ez da komeni pastorala bat aurretik gehiegi zehaztea. Ezen, pastoral bat, bizitzeko, gozatzeko eta bakoitzak bere ikusmoldea ateratzeko egina dago. Horretarako, goiz partetik joatea komeni da, egun osoko egitaraua baliatuz.

@ Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: http://pierralhande-pastorala.com

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandia, astelehen iluntzean, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltza aretoan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Gaur konta daitezkeen kantuak

Olatz Enzunza Mallona

Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandia askotariko gaiez solasean aritu dira 'Huntaz eta hartaz' emanaldian, elkarrekin izandako bizipenak ardatz hartuta. Astelehen iluntzean hasita, bihar arte egingo dituzte saioak, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltza aretoan. Agortuta daude sarrera guztiak.

Maria Schneider, 2019an, Donostiako Jazzadiaren aurkezpen batean. ©Gorka Rubio / Foku

Maria Schneider eta Brad Mehldau Gasteizko Jazzaldian izango dira

Mikel Lizarralde

Uztailaren 3tik 8ra egingo den 46. jaialdirako baieztatu dituzten lehenengo bi artistak dira.

Eneko Barberena idazlea, <em>Suak erreko ez balu</em> eleberria eskuan, Oñatin (Gipuzkoa). ©JON URBE / FOKU

Mendizale kiskalien beltza

Uxue Rey Gorraiz

'Suak erreko ez balu' nobela argitaratu du Eneko Barberenak, Txalapartarekin. (H)ilbeltza sormen beka irabazita eman du. Istorioak Aezkoan izaniko mendi sute bat du abiapuntu

Irene Larrañaga, <em>Insuladas</em> erakusketaren egilea, Donostiako Aquariumeko Nautilius aretoan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

'Insuladas', irla diren emakumeak

Miren Mujika Telleria

Bakarrik bizi diren andreak dira Irene Larrañagaren ‘Insuladas’ erakusketako protagonista.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.