Koroatze Jaiak Urduñan

Tradizioak festetan uztartuz

Urduñako koroatze jaien barruan, bola jokoen txapelketa egingo dute asteburuan. Bestelako ekitaldi anitzekin ere osatuko dute jaietako egitaraua, bihar arte

Urduñako bolatokian txapelketa egingo dute asteburu honetan. GUILLERMO PAUL.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2017ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Iraileko lehen asteburua izanik, koroatze jaiak ospatzen ari dira Urduñan (Bizkaia). Ez dira otxomaioak bezain ezagunak, baina, hala ere, festa girorik ez da faltako. Atzo hasi ziren, eta bihar arte aukera egongo da hainbat ekintzatan parte hartzeko. Egitarauaren barruan, urteroko ohiturari jarraituz, koroatze jaietako IX. Bola Txapelketa antolatu du Urduña Txolope Bolatoki kirol elkarteak.

Aiaraldeko eskualdean (Araba), tradizio handia dute bola txapelketek, eta Urduña Arratia-Nerbioi (Bizkaia) eskualdean badago ere, ohitura horri eusten dio herriak. Halaber, Arabako herria balitz bezala parte hartzen du txapelketetan. Iraileko jaietan ez ezik, Gabonetan, San Inazio egunaren inguruan eta, nola ez, otxomaioetan ere antolatzen dituzte bola txapelketak. Batez beste, 55 pertsona inguru batzen dira lehiako. Iragan maiatzean, aldiz, otxomaioen barruan, bertako zein inguruko herrietako 75 pertsonak parte hartu zuten. Horrez gain, urtean behin lurralde mailako txapelketa antolatzen dute. Bertan, parte hartzaile bakoitzak botaldi bakarra izaten du, eta emakumezkoen mailan lehen hiru sailkatuek eta gizonezkoetan lehen hamabostek Euskadiko Txapelketa jokatzeko aukera izaten dute.

30 bazkide federatu ditu Urduña Txolope Bolatoki kirol elkarteak. 2008. urteko urri aldera sortu zuten. Guillermo Paul elkarteko kidearen esanetan, elkarte federatu bat izateko erakundeen eskakizunak areagotu egin dira azken urteetan, eta, ondorioz, zuzendaritza osatu beharra izan zuten. 1980ko hamarkadan jada txapelketak egiten ziren Urduñako bolatokian, baina ez zuten elkarte ofizialik. «Garai haietan ez zegoen estatutuak zorrotz bete beharrik, ezta gaur egungo eskakizunik ere». Bitartekarien laguntzaz moldatzen ziren egutegiak antolatzeko eta kontu administratiboetarako. Egun, aldiz, elkarte ofiziala diren heinean, haiek egin behar izaten dute hori guztia, eta, horrez gain, ordezkari bat dute kirol bereko elkarteek osatzen duten federazioan.

Etorkizunera begira

«Ordu asko entrenatu beharra dago». Paulen esanetan, entrenatzean datza bola nola jaurti ikasteko eta efektu bereziak lortu ahal izateko gakoa. Duela zenbait urte, bigarren postua lortu zuen Paulek Euskadiko txapelketan: «Lehiaketa hartarako, sei orduz entrenatzen nintzen larunbatetan». Hala ere, azpimarratu du horrek ez duela bermerik ematen, jendea asko entrenatzen baita. Horregatik, une polit bat igarotzeko helburuz joaten da Paul bolatokira: «Lagunekin entretenitzeko beste modu bat izan daiteke».

Umetatik bizi izan du bere inguruan hain ezagun den bola jokoa Paulek, eta ez litzaioke atsegin izango desagertuko balitz.Etorkizunera begira, bola jokoak gazteak erakarri arren, gainontzeko kirol lokalak bezala, bolatokietan etorkizuna konplexua izango dela uste du. Era berean, ezinezko ikusten du telebistan iragarriz ezagun egin diren kirolekin lehiatzea: futbolarekin, besteak beste. Are gehiago erakundeek esku hartzen ez baldin badute. Horregatik, kirol guztiak kontuan izatea eskatzen du. Eta,hedabideen lana ere ezinbestekotzat du bertako kirolak sustatzeko. Kontuak kontu, jaietako egitarauaren bola jokoak presentzia izango du aurten ere. Gaur eta bihar arratsaldean egongo da aukera jokoaz gozatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.