Jaiak. Altsasu

Etenik ez duten jaietako egunak

Gaur botako dute Altsasuko jaietako txupinazoa.Asteazkenera arte iraungo dute ekitaldiz betetako jaiek.Udalak eta herri mugimenduak prestatu dute egitaraua

Erraldoiek alaituko dituzte kaleak Altsasuko jaietan. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
2014ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Festa giroan murgilduko da gaur Altsasu (Nafarroa). Bost egunez ez da aspertzeko betarik izango herrian: antzerki emanaldiak, kontzertuak, herri bazkaria, peñen jaitsierak... denetarik antolatu dute Sakanako hiriburuan. Izan ere, bi egitarauek osatuko dituzte jaiak: batetik, udalaren egitarau ofizialak; bestetik, herri mugimenduko eragileek prestatutakoak. Hala, jardueraz beteta egongo dira eguneko 24 orduak.

Gaur, goizean emango diote egunari hasiera: 10:30ean hamaiketakoa egingo dute, gaztetxean. 12:00etan izango da, baina, ekitaldi nagusia, udaletxeko plazan; orduan botako baitute txupinazoa Altsasuko Caritaseko kideek, bertako elikagai bankuan egindako lanarengatik. Buruhandiak, erraldoiak, gaita jotzaileak... plazan egongo dira suziria jaurti bitartean, giroa alaitzeko asmoz.

Arratsaldean, Santo Kristo Otadiakoaren 45. pilota txapelketa jokatuko dute, Burunda pilotalekuan. Eta gaua heltzearekin batera, zezensuzkoak hartuko ditu kaleak, 22:00etan. Egunero-egunero aterako dituzte, umeen gozamenerako.

Bihar, berriz, herri bazkaria izango da eguneko ekitaldi garrantzitsuena. Ioartia plazatxoan batuko dira, bazkaldu, eta, ondoren, kalejiran abiatuko dira herriko txokoetan barrena.

Festa, baita astegunez ere

Baina giroa ez da soilik asteburuan izango; astegunez ere bada zer gozatua. Festa Batzordeko zinegotzi Juan Carlos Orellanok nabarmendu du astegunez «hil» egiten dela herria; horregatik, «ahalegin berezia» egin dute aurten larunbata eta igandea ez ezik, gainontzeko egunak ere «erakargarriak» izan daitezen.

Astea animatzeko gakoa: eskaintza musikal «zabala». Orellanok azpimarratu duenez, musika talde askori deitzea izan da Festa Batzordearen hautua. Era horretan, edozein egunetan jende andana bilduko dela uste du. Besteak beste, Motxila 21, Haize berriak, Revolta eta Arrobe musika taldeak lotu dituzte oholtzara igo daitezen. Orellanoren irudiko, kaleak betetzeko formula egokia izan daiteke kontzertuena: «Musikaren bidez, jendea animatu nahi dugu ateratzera, eta jaiez gozatzera, baina bost egunetan».

Nolanahi, ez dituzte bakarrik musika emanaldiak antolatu. Esaterako, astelehenean playback emanaldia antolatu dute, 17:30ean, Foruen Plazan; asteartean, haurrentzako parkea, goiz osoan, Zumalakarregi plazan; eta, asteazkenean, peñen bazkaria eta antzerkia, Txarlestrup taldearen eskutik, Foruen plazan.

Bost eguneko erritmo frenetikoaren ondoren, asteazkenean bukatuko dira jaiak, baina giroak ez du behera egingo: festei agur esateko, petardo-sortak piztuko dituzte-eta altsasuarrek, udaletxe parean. Ostean, kalejiran abiatuko dira, peñen laguntzaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.