Ane Zabala. Aktorea

«Gu ikustera datozenak ere protagonista bihurtu nahi ditugu lan honetan»

'Zortzi begi, lau dimentsioko komedia' izango da gaur Larrabetzuko gazte egunean, 16:00etan, plazan. Barrea eragiteko prest etorriko dira Ane Zabala eta Galder Perez betaurrekoz betetako kaxarekin.

Ane Zabala eta Galder Perez, Zortzi begi, lau dimentsioko komedia antzezlanean. Z / BERRIA.
2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Gilkitxaro antzerki taldeko kide da Ane Zabala (Bilbo, 1975), eta hamabost urte daramatza antzerki munduan, eta aitortu du urduritasuna ez duela galdu. Larrabetzun (Bizkaia) izango da gaur.

Zortzi begi eta lau dimentsioko komedia izenburua nondik dator?

Antzezlanean bi pertsonaia dira, eta otorrinolaringologoak dira. Entzumenaren inguruko sinposio bat ematera joango dira, eta konturatuko dira entzuleak izan beharrean ikus-entzuleak dituztela aurrean. Hortik abiatuta, burutazio pilo bat etortzen zaizkie ikusmenaren inguruan; ikusmena, begirada, begiak, begiratzeko modua... Bata bestearen burutazioek, bata bestearen atzetik jarrita dator antzezlana. Horregatik da zortzi begi. Lau dimentsiotan ikusteko betaurreko bereziak daudelako eta zortzi begik mundua hobeto ikusten dutelako bik, lauk edo 2000k baino. Azkenean, bi pertsonaia horiek ordubetean kontatzen digutena, betaurrekoak aldatuz eta hainbat kontu kontatuz, aniztasuna da. Aniztasunean dagoela gakoa.

Jendeak parte hartzea eskatzen duzue?

Bai. Hasiera-hasieratik konturatzen direnez entzuleak izan beharrean ikus-entzuleak dituztela, ikuslearen aurreko laugarren pareta hori apurtu egiten dugu, etaesketx batzuetan ikuslearen parte hartze aktiboa jaso nahi dugu.

Eta publikoak zer jarrera hartzen du?

Oso jarrera ona. Parte hartze aktibo hori ez da batere txarra, eta jendea gustura sartzen da. Bi pertsonaia horiek ikuslearen bloga ere sortu dute. Galder Perezek eta biok ez dugu protagonista bakarrak izan nahi. Gu ikustera datozenak ere protagonista bihurtu nahi ditugu lan honetan, eta horretarako sortu dugu bloga. Horretan gure ikusleak daude. Horrela, modu berri batez ikusteko aukera daukagu, bai guk eta bai ikusleak.

Beste antzezlan batzuk ere egin dituzue: Honolulu, leku bat eta Mirande kabareta. Oraingoak badu antzik?

Azken biak dira aipatu dituzunak, eta erlazioa dute. Honolulu, leku bat antzezlanetik hasitako ibilbidea jarraitzen dugu, eta laugarren pareta hori apurtzearena eta publikoaren parte hartzearena asko egiten genuen Mirande kabareta-n. Bertan ikasi genuena lan berri honetan sartu dugu. Eszenan, Galder Perez eta ni gaude bakarrik berriro ere.

Asko ibiltzen duzue umorea, ezta?

Bai, komedia absurdo bat da, puntu batzuetan hausnartzeko aukera ematen duena. Puntu zirikatzaileak badaude, eta ikusleak hori hausnartzea espero dugu. Guk uste dugu publikoak barre egiteko gogoa duela, nahiz eta kontu serioen inguruan berba egin. Horregatik da komedia, ondo pasatzeko, baina esandakoari buruz gogoeta egitea ere nahi dugu.

Ikusleak betaurrekoak eramatea gomendagarria da?

Bai. Hobeto ikusiko dute, eta hobeto ulertuko dute mundua begiratzeko hainbat modu daudela eta, horretarako, betaurrekoak aldatzea egokia izan daitekeela. Bi pertsonaiak antzezlan osoan 50 betaurreko pare baino gehiago erabiltzen dituzte, eta betaurreko pare bakoitzak pertsonaia bat ordezkatzen du, istorio bat kontatuz.

Zer da antzerkia zuretzat?

Bizitzeko modu bat; zoritxarrez, Euskal Herrian ezin dugu ogibide moduan izan, baina plazer bat da beste pertsonaia bat sortzea, hor sartzea eta zerbait kontatzea. Plazera da jendea ikustea entzuteko prest dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.