Ixabel Etxeberria. Irakaslea eta doktorea

«Antzerkigintza soziala da, hurbila eta indartsua; bizia eman dio Euskal Herriari»

'Antzerki identitarioaren paradigmak' izeneko tesia aurkeztu eta lau urtera, Piarres Larzabalen antzerkigintzaren zehaztapenak azalduko ditu: «Bazterreko literatura, hizkuntza gutxitu batean, baina indartsua».
GAIZKA IROZ

Josu Fernandez -

2012ko uztailak 3
Ixabel Etxeberria (Urruña, Lapurdi, 1960) EHA Euskal Herriaren Alde alderdiko zuzendaria da, irakaslea eta doktorea.

Bihar, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean emango du hitzaldia Etxeberriak, 19:00etan; Ikerketa euskaraz antzerkigintzan lelopean antolatutako hiru jardunaldietan lehena izango da.

Zerk bultzatu zintuen Piarres Larzabalen antzerkigintza aztertzera?

Antzergintzak beti erakarri nau, eta gertutik ezagutzeko gogoa nuen. Larzabalen antzerkia ikusia nuen. Jakin nahi nuen zertan oinarritzen zen horrelako arrakasta lortzeko, oso mugatua zen publiko baten aitzinean.

Nolakoa da Larzabalen antzerkigintza? Zer ezaugarri ditu?

Euskal antzerkigintzaren tradizioan oinarritutako antzerkigintza zabala da. Zabalkundea ekarri dio Larzabalek. Zapalduen alde egiten duen antzerkigintza bat da. Antzerkigintza soziala, mezu batzuen alde egiten duena.

Zer da antzerki identitarioa?

Euskal nortasuna definitzen eta erakusten duen antzerkigintza mota da.

«Bazterreko literatura» moduan definitu izan duzu sarri. Zer esan nahi duzu horrekin?

Frantziako Estatuan kokatutakoa da Larzabalen antzerkigintza, eta Ipar Euskal Herrian goi mailako literatura frantsesa izan da. Horren ondoan bizitzen saiatu da: hizkuntza gutxitua, ezezaguna, baztertua, diru laguntza gabekoa, profesionaltasunik gabekoa... baina oso azkarra, sustraitua, publikoarengandik oso hurbila, izugarrizko indarra duena eta oso azpimararagarria, beti bestea aipatzen zelarik.

Gaur egun zer eragin izan duela uste duzu?

Larzabalek idatzitakoak entzuten eta ulertzen ditugu oraindik, eta hori garrantzitsua da euskal nortasunari bizirik iraunarazteko eta ezagutarazteko lanean ari garenontzat .

Zer eman dio Larzabalek euskarari, euskal kulturari edota Euskal Herriari?

Bizia, bizitasuna. Oso egoera larrian zen garaian, ahal bezala bizi zen; gerla ondotik, euskal kultura dena sakabanatua... Alderantziz, Larzabalek ekoizpen ikaragarria eman zion, kopuruan eta kalitatean. Garai txarrak pasarazteko indarra eman dio.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna