Josu Trueba Leiva. Ruido Photoko kidea

«Kubako irudia hausten duten pertsonen ikuspuntua jakin nahi nuen»

Kubako punk mugimendua aztertzen ibili da azken urteotan Josu Trueba. 2010ean '¡Kuidado ke muerden!' ikastaroa antolatu zuen Habanan. Han ateratako irudiak ikusgai jarri ditu orain.

¡Kuidado ke muerden! erakusketan ikus daitekeen argazkietako bat. RUIDO PHOTO.
Donostia
2013ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Lau urte daramatza Josu Truebak (Galdakao, Bizkaia, 1981) punk mugimendua gertutik aztertzen. Horren ondorio da kaleratu berri duen Al son del Punk liburua. Bertan, punkiekin ateratako argazkiak eta Ruido Photo kolektiboarekin batera egindako ¡Kuidado ke muerden! ikastaroaren irudiak erakusten ditu. Azken horiek asteartera arte ikusgai daude Intxaurrondoko kultur etxean (Donostia).

Nolatan bururatu zitzaizun Habanarako bidaia egitea?

Hasieran ez nekien oso ongi zer egin. Erreportaje bat hasi nahi nuen, Kubako heavy mugimenduaren inguruan. Zeus bandako kide Dionisio Arcerekin elkartu nintzen, eta ideia kontatu nionean, disko bat eman, eta 'zuk hau erakutsi nahi duzu' esan zidan. Diskoa begiratu, eta punk talde bat zela ikusi nuen. Harrituta begiratu nion, ez nuelako pentsatzen Kuban punkiak zeudenik. Hori komunikabideek saltzen digutenaren eta herrialdeak berak erakusten digunaren ondorioa da. Kuba munduko lekurik ospetsuenetako bat da argazkigintzan, baina apenas ikusi dugun hango punkien irudirik.

Nolakoak dira Kubako punkiak?

Punkiari berdin zaio zein sistema dagoen boterean. Sistemaren akatsak kritikatzen ditu. Berdin zaie sistema komunista edo kapitalista izan. Kuban egon den akatsetako bat da sistemaren aurka dagoena AEBetako aliatu gisa aurkeztu dutela. Oso azaleko diskurtsoa da hori. Ezin esan daiteke Kubako punki kritikoak AEBetako sistemaren alde daudenik. Orain, badirudi, aurrerapausoak ematen ari direla horren inguruan.

2010ean punkiekin ikastaro parte hartzaile bat antolatu zenuen. Zer- nolako esperientzia izan zen?

Ruido Photoko kide Pau Collekin batera gai hori sakonago aztertu nahi nuen. Haiekin bizi nintzen, egunerokotasuna erakusteko. Punkiak ez ezik pertsona arruntak ere bazirela erakutsi nahi nuen —abokatuak, mekanikariak, informatikariak…—, baina sakontasun gehiago falta zitzaidan. Sakontasun hori hizkuntza bisualean oinarritutako ikastaro batean lortu genuen. Argazkien bidez, haien bizitza eta egunerokotasuna kontatu ziguten.Kubako irudia hausten duten pertsonen ikuspuntua jakin nahi nuen.

Zein galdera egin zizkizuten ikastaroan?

Kubako Iraultzak duen gauza baliotsuenetako bat hezkuntza da. Kubatarra oso jantzia da, baita artistikoki ere. Komunikatzeko tresna bat eman, eta lehen saioan izugarrizko argazkiak ateratzen dituztela ikusten duzunean, hizkuntza bisuala oso ongi kontrolatzen dutela jabetzen zara. Tresna besterik ez zaie falta. Guk teknika erakutsiko geniela uste zuten, baina argi utzi genien ez zela teknika ikastaro bat, hizkuntza ikastaro bat baizik. Argazkilari bilakatu genituen denbora baterako.

Kubaren inguruko erakusketa asko daude gaur egun. Zein berezitasun du zureak?

Berezitasuna da nire argazkiak ez direla. Punkiek ateratako argazkiak dira erakusketako bereizgarri nagusia. Kontatzen ez diren gaiak jorratzen ditut, batetik, eta salatu beharreko kontuak erakusten ditut, bestetik. Ez dut uste orain arte horrelako zerbait ikusi dugunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.