Jule Goikoetxea. Zientzia Politikoen irakaslea

«Zeozer gaizki egiten ari gara independentziaren diskurtsoarekin hemen»

Kataluniako eta Eskoziako independentzia mugimenduak Euskal Herriko egoerarekin parekatuko ditu gaur Goikoetxea ikerlariak Pasaian; hemengo arazoak eta egin beharreko urratsak azalduko ditu.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2014ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Jule Goikoetxeak (Donostia, 1981) Zientzia Politikoak irakasten ditu EHUn. Eskozia, Katalunia; aberria maitatzetik estatua eraikitzera. Eta gu? hitzaldia emango du gaur, 12:00etan, Pasai Antxoko Luzuriaga eraikinean (Gipuzkoa). Elkarrizketa honen bertsio luzea, Berria.info-n.

Urkullu lehendakariak «burujabetza partekatu»baten alde egin zuen Aberri Egunean. Zer deritzozu ideia horri?

Zientzia Politikoetan asko erabiltzen dugu kontzeptu hori, baina, Urkulluk erabiltzen duen moduan, seriotasun falta handiarekin darabilela iruditzen zait. Burujabetza partekatuaz ari direnean ez dute esaten zer, zeren bidez edo norekin partekatuko den burujabetza. Nork erabakiko du norekin partekatuko duen burujabetza? Ez dute esaten. Izan ere, estatu batek bakarrik parteka dezake burujabetza beste batekin, bakarrik estatu batek daukalako burujabetza.

Zer deritzezu Jesus EgigurenPSE-EEko presidenteak aurkeztu berri dituen planteamenduei?

Elkartzen badituzu Egiguren, Otegi eta Ibarretxe bat, ziur asko iritsiko lirateke adostera herrialde honetako gehienek onartuko luketen plan batera. Baina Egiguren bakarrik hartuta... Haren estrategia oso ona da, independentzia inoiz ez lortzeko.

Eskozian eta Katalunian konpondua dute, nolabait ere, lurraldetasunaren korapiloa.

Nire ustez, ona litzateke mobilizatzen hastea EAEn independentziaren alde. Ez helburua hori delako, baizik eta estatua ez baduzu estu hartzen «gu bagoaz» esanez ez dizulako inoiz emango. Arazo larri bat dugu: XIX. mendeko Euskal Herriko mapa sartua dugu, eta horrekin ezin gara askorik mugitu. Independentzia lortu duten nazioek normalean ez dute inoiz lortu nazio osoaren independentzia.

Kataluniako mugimendu independentistaren eredua behetik gorakoa bada, eta Eskoziakoa goitik beherakoa, nondik norakoa beharko luke Euskal Herrikoak?

Euskal Herrikoak goitik beherakoa eta behetik gorakoa beharko luke, oso txikiak garelako. Eliteen edo alderdien lidergoa garrantzitsua da —Eskoziako SNPk egin duen moduan— txikia zarenean, eta gu gutxi gara, eta zatituta gaude. Bestalde, Katalunian bezala, gizarteak eliteak edo alderdiak kontrolatu behar ditu, bestela horiek nahi dutena egingo dutelako.Bakarrik utziz gero, eliteen arteko hitzarmena egingo lukete, historian sarri egin den bezala. Halakoa izan zen trantsizioa.

Datozen urteetarako bide orria?

Oso zaila da gaur ezer aurreikustea, ez dakigulako zer gertatuko den EBrekin edo Kataluniarekin. Baina oso argi ditut hasteko eman behar diren ezinbesteko pausoak: gizartea mobilizatzeko mekanismoak martxan jarri behar dira. Gure Esku Dago eta Independentistak mugimenduak dira adibideak. Horrez gain, diskurtsoa landu behar da. Arazo bat dugu independentziaren diskurtsoarekin. %60 abertzale dauzkan herrialde batean bakarrik %36 badaude independentziaren alde, zeozer gaizki egiten ari da, teknikoki. Alderdi batek ere ez du diskurtsoa landua jendea konbentzitzeko independentzia ezinbestekoa dela hemen demokrazia lortzeko. Independentziaren eta demokraziaren arteko lotura oso gizarteratua dute Eskozian eta Katalunian. Herritar xumeek independentzia ongizatearekin lotzen dute hor. Hori bada mobilizaziorako mekanismo ezinbesteko bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.