Jon Sarasua. Bertsolari eta soziologoa

«Modernotasuna emozio larregiz bilatu zuen Lete eta Txillardegiren belaunaldiak»

Xabier Leteren bilakaera interpretatzeko, kantaldiaren eta hitzaldiaren arteko emanaldi bat egingo du sortzaileak gaur Aretxabaletan. Ikuskizun xumea eta intimoa izango dela ohartarazi du.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Jon Sarasua (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1966) bertsolari eta soziologoa da, eta irakasle dabil Mondragon Unibertsitatean. Leteaz kantuberbetan; Xabierri buruzko interpretaziño bat hitzaldi-kantaldia egingo du gaur, 18:30ean, Aretxabaletako Arkupe kultur etxean. Aitor Ziardegi piano jotzaileak lagunduko dio emanaldian.

Hau zer da, hitzaldia ala kantaldia?

Hibridoa izango da: kantaldi komentatua edo hitzaldi kantatua, biak. Horregatik deitu diot Leterekin kantuberbetan. Xabier Leteren heriotzaren urteurrena izan zen abenduaren 4an, eta neure herrian hori gogoratzeko ekitaldi bat egiteko ideia sortu zitzaidan. Ez da kantu ikuskizun sofistikatua izango, inola ere ez, baizik eta familian eginiko ekitaldi intimoa, Leteren interpretazio pertsonala egiteko. Areto txikian 40 bat lagun elkartzea da asmoa, gauza xume eta goxoa, lehen ere egin dizkiotelako omenaldi handiak. Dozena bat kanta izango dira, eta, haria, Xabierren ibilibidea, bilakaera eta ekarpenen inguruko interpretazioa.

Nola aukeratu dituzu kantak?

Ez ditut ezagunenak aukeratu, baizik eta Leteren ibilbidea kontatzeko esanguratsuenak. Gizaberea-rekin hasi, eta Heriotzaren begiak kantarekin amaitu.

Mezu existentzialistenak, beraz?

Ez pentsa, Maitasunez hil ere abestuko dut. Hasierako poesia sozial eta existentzialistatik bigarren aroan poesia barnekoi eta espiritualtasunaren bila Letek egindako bidea nabarmenduko dut. Bigarren aroan ez du kantu askorik, eta, beraz,poema pare bat errezitatuko dut.

Halako ekitaldiak egin asmo dituzu edo Lete delako arituko zara?

Lete delako. Txikitatik baldintzatu eta elikatu du geure belaunaldiaren imajinarioa bere poema eta kantekin. Azken urteetan, harremana ere izan nuen harekin, eta zorra nuela sentitzen nuen.

Zelako harremana izan zenuen?

Harreman poetikoa izan da hein handi batean. Bukaeran bai, Eskoriatzara etorri eta elkarrekin egon ginen pare bat aldiz. Bazkari baterako ere gelditu ginen, baina egin gabe geratu zen hori. Xabierren benetakotasuna nabarmenduko dut. Ideologien gainetik eta garaiko galderei erantzuna eman beharrean, bere egiaren bila joan zen, eta benetakotasunaren lekukotasuna utzi zigun, gauzak egiteko moldean. Nabarmentzeko beste gauza hitzaren indarra da. Esan-indarra deitu izan diogu horri bertsogintzan. Euskararen esan-indar horren erreferentzia bat zen bertsolariontzat eta beste askorentzat.

Txillardegi ere joan da asteburuan. Belaunaldi baten balantzea egiten hasteko garaia heldu da?

Biak dira belaunaldi baten erakusgarriak. Geure aurrekoak gogoratzea sen onekoa da, eta norberak ahal duen moduan egiten du. Nondik gatozen ikusi behar dugu. Aurrekoarekin mozteko joera handia izan zuen Lete eta Txillardegiren belaunaldiak. Niri ez zait ateratzen hori. Haien eta aurrekoen sustraiak ezagutu eta ohoretu behar ditugu.

Haiek modernotasunaren bila joan izana kritikatzen ari zara?

Etapa bakoitzak bere obsesioak, aziertoak eta akatsak ditu. Belaunaldi honek modernotasuna, beharbada, emozio larregiz bilatu zuen, eta horren ondorio dira geure hainbat lorpen eta porrot. Halere, ez dut uste hori kritikatzekoa denik, baizik eta datu jakingarria eta interesgarria, hurrengo pausoa modu osoagoan emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.