Jon Zubiaga. Aktorea

«Niretzat erronka bat izan da bakarrizketari erritmoa eman eta erakargarri egitea»

Euskararen erabileraz zer pentsatua ematen die gazteei 'Buah txabal!' antzezlanak. Unai Iturriagak idatzitako komedia horrekin, ia urtebete daramate herriz herri ironia zabaltzen. Gaur, Gasteizen.

Donostia
2012ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Lagunekin duen lokala da haren unibertso bakarra, han sartuta egoten baita gau eta egun Garikoitz Kortabitarte Beti. Salbuespen modura, herrira aterako da gau batez, eta egundoko ezbeharra gertatuko zaio: sakelako telefonoa galtzea. Tragedia lazgarri horrekin abiatzen da antzezlana.

Nerabe guztien gisa, barne gatazka bat baino gehiago ditu Betik. Tartean, hizkuntzari dagokiona. Etxean euskaraz egiten duen arren, kalean euskaraz egitea ez da haren asmoa. Euskaldun sentitzen da, ordea, gehienetan gazteleraz egin arren.

Jon Zubiaga Osoronek (Arrasate, Gipuzkoa, 1978) antzezten ditu Betiren ibilerak, Buah txabal! antzezlanean. Unai Iturriagak idatzitako komedia ironiko hori apirilean aurkeztu zuten, eta geroztik, gelditu gabe ibili dira lanean. Gaur, Gasteizko Parral tabernan izango da ikusgai, 20:30ean.

Antzezlanak zer azaltzen du?

Bi hari ditu: alde batetik, gaztaroan sortzen diren barne gatazkak eta, bestetik, euskara. Euskaldun izatearen eta euskaraz hitz egitearen tirabira. Protagonista euskalduna da, baina kalean ez du erabiltzen euskara, haren ustez ez delako superra. Antzezlana Arrasateko Euskara Elkarteak egindako eskari baten ondorioa da; eta, noski, kontzientzia hartzeko puntu bat dauka. Ardatza euskararen erabileraren gaineko gogoeta da. Baina zeharka beste gatazka batzuk ere agertzen dira: ligatzea, batik bat.

Zein egitura du antzezlanak?

Oinarrian, lana Betiren bakarrizketa da. Hark sakelako telefonoa galduko du, eta gertaera horretatik abiatuko da bakarrizketa. Halere, ez dio jarraitzen Paramount Comedy-ko ereduari; antzeztutako bakarrizketa bat da.

Zer zailtasun ditu pertsonaia bakarra izateak?

Lehendabiziko aldia izan da oholtza gainean bakarrik egotea tokatu zaidala, eta niretzat erronka bat izan da 40 minutuz bakarrizketari erritmoa ematea eta erakargarri egitea. Baina emaitza nahiko borobila gelditu da, Unai Iturriagaren testua ona zelako eta moldatzeko orduan lantaldea zuzen ibili delako. Oso pozik nago.

Nolako harrera izan du?

Arrakasta izan du. Iaz aurkeztu genuen lana, apirilean, eta pentsatzen genuen ibilbide laburra izango zuela. Baina dagoeneko 30 bat emanaldi egin ditugu. Eta hori asko da, promozio aldetik ez dugulako ezer egin.

Musikaria ere bazara zu. Zuzeneko musikaz gozatzerik ba al dago?

Ez, ez dago zuzeneko musikarik. Hasiera batean, Iturriagak pentsatu zuen aukera horretan, baina Beti hain da kokoloa, ez dauka inolako abileziarik. Sinesgarritasuna galduko zuen. Beraz, ez dago musikarik, baina bai barre egiteko aukera nahikoa.

Umoreaz baliatzen da lana, baina dena al da algara?

Sentimendu gazi-gozoak eragiten ditu nolabait. Betik, bere mozolokeria horretan, zer pentsatu ematen duten gogoetak ere egiten ditu. Modu sinple baina gordinean hitz egiten du, eta hainbat egia botatzen ditu. Batzuetan, barrea moztu egiten da, azpiko errealitateari lekua uzteko.

Ikusle gazteentzat bakarrik al da lana?

Emanaldia berez 14-18 urte bitarteko nerabeentzat pentsatuta dago, baina erantzun ona izan du adin guztietako ikusleen artean. Kontatzen diren istorioak denok bizi izan ditugu noizbait, hurbiletik edo zeharka: egoera unibertsalak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.