Josu Orbe. Irakaslea

«Erabiltzaileok aktibo izan behar dugu sistema operatiboak euskaratzeko»

Ordenagailu eta beste gailu batzuekin euskaraz lan egiteko giltzarriak azalduko ditu etzi Jon Urbek, Zamudion emango duen hitzaldian. Sarean euskaraz lan egiteko dauden aukerak ezagutaraziko ditu.

2013ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Ordenagailuak, sakelakoak eta tabletak euskaraz nola erabili azalduko du ostegunean Josu Orbek (Bermeo, Bizkaia, 1963), Zamudioko Teknologi Elkartegian (09:30). Komunikazio gailuetan euskarak duen erabileraren eta parean dituen arazoen inguruan hausnartuko du.

Zein helburu du etzi emango duzun hitzaldiak?

Ordenagailu eta aplikazioak euskaraz nola konfigura daitezkeen azaltzea da jardunaldiaren helburu nagusia, eta horrek ematen dituen onurak zeintzuk diren ere jakinaraziko ditugu. Adibidez, deskarga bat egiterakoan, posible da hasieratik euskarazko bertsioaren orrian sartzea, programa hori euskaraz ikusteko. Euskarari ikusgarritasuna eman nahi diogu sarean, webguneetako administratzaileek .eu —euskarazko klabea— ere ezagut dezaten. Euskarazko aplikazioen katalagoak ere erakutsiko ditugu.

Nola ikusten duzu euskararen egoera komunikazioaren eta informazioaren alorrean?

Gaur egun arazoa ez da euskarazko sistemak falta direla. Bereziki software librea erabiltzen badugu, aukera mordoa dugu euskarazko sistema finkatzeko gure gailuetan. Arazo gehien dutenak Macintosh etxeko gailuak dira. Sistema hori ezin da euskaratu, lizentzia kontuak direla eta. Boluntario batzuk itzultzen saiatu ziren bere garaian; sarean jarri zuten, baina Applek berehala kenarazi zuen. Windows sistemak, berriz, aukera du euskaratzeko. Ubuntu, adibidez, guztiz euskaratuta dago. Azken finean, software kontua da, baina baita ezjakintasun kontua ere.

Ia ez gara harritzen tresna bat piztu eta euskara ikusten ez dugunean. Zergatik hori?

Aurreko urteetan bisitatu ditudan eskola eta ikastoletan, D ereduko geletan erdarazko ordenagailuak zeuden, eta horrek harritu egin ninduen. Ez dut hori aldatzeko grinarik ikusten. Hori da arazo nagusietako bat. Dena den, aurrerapauso garrantzitsuak ematen ari gara. Punta-puntako telefono batzuetan, adibidez, badugo konfigurazioa euskaratzeko aukerarik. Bide hori gehiago jorratu behar dugu.

Sistemaren sortzaileak ez dira jabetzen Euskal Herrian euskarak duen erabileraren garrantziaz?

Gai konplexua da. Ekoizleak ez dira euskaldunak —AEBak eta Txina dira ekoizle nagusiak—, eta gu horientzat hondar alea besterik ez gara. Horregatik, oso garrantzitsua da euskara izatea gure nabigaziorako hizkuntza. Enpresa handiek hizkuntza hori erabiltzen dela ikusi, eta sistema euskaratzea aukera bat izan daitekeela pentsatuko dute. Aktibo izatean dago gakoa. Aplikazioaren hedatzaileekin kontaktuan jartzen bagara, eta hori euskaraz jartzeko eskatzen badugu, kontuan hartuko gaituzte. Normalean, proposamen horien aurrean ez dugu arazorik izango. Taldeka lan egiten badugu, pauso hori eman dezakegula esango nuke.

Gailuak euskaratzeko, bilaketak noiz utziko dio ezinbesteko izateari?

Nik goizero dut nire ordenagailu eta telefonoa euskaraz. Erabiltzailearen ardura da, eta berak erabaki behar du goizero euskaraz bizi nahi duen ala ez. Jendeak posible dela jakin behar du. Bilatzen bada, lor daiteke. Baina ohitura kontua da. Hezkuntza da horretan garrantzia duen alorretako bat. Egia da Eskola 2.0 proiektuan ordenagailu guztiak euskaraz daudela gaur egun, baina aurretik ezarritako ordenagailu guztiak gazteleraz daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.