Iker Lauroba. Musikaria

«Hari eta haize sekzioak grabatzen ari gara, kantek horrela eskatzen zigutelako»

Bi urte grabatzen eman ondoren, mikrofono lana bukatzen ari da Lauroba taldea egunotan. Hurrengo diskoaren kantak nolakoak izango diren jakiteko aukera emango dute gaur Donostian.

JUANJO GARCIA.
Edu Lartzanguren.
2014ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Iker Lauroba (Donostia, 1975) Lauroba taldeko ahotsa da. Irutxuloko Hitza-ren aldeko kontzertu akustikoan parte hartuko du gaur, 20:00etan, Donostiako Udal Liburutegi Nagusiko ekitaldi aretoan (Parte Zaharreko San Jeronimo kaleko sotoan). Oholtzan izango dira On taldeko Ekhi Vegas eta Itsaso Gutierrez.

Diskoa prestatzen ari zara. Zein fasetan dago?

Musika ia guztia grabatuta dago; gauzatxo batzuk besterik ez dira falta. Kontua da disko biribil samarra egiten ari garela: betiko bateria, baxu, gitarra, teklatu eta ahotsaz aparte, hari sekzio bat grabatzen ari gara, eta haize sekzio bat. Abestiren batean, haize tresnak, gitarratxoren bat eta ahotsak grabatzea falta zaigu, eta, gero, nahasketa guztia. Fredi Pelaezen estudioan ari gara, haren tarte libretan. Poliki ari gara, baina udazkenean kaleratu nahi dugu.

Harkaitz Canok egin dizkizue kanta guztietako hitzak. Disko kontzeptuala izango dela esan nahi du horrek?

Ez. Gaia ezberdina da abesti batetik bestera. Abestiak eman nizkion, eta nahi zuenari buruz idazteko esan nion. Aurreko diskoan [Iglu bat basamortuan (Elkar, 2012)], bi kantatarako hitzak egin zizkigun. Orduan, kantak abeslariok erabiltzen dugun zentzurik gabeko sasi-ingeles horretan bidali nizkion. Berak paperean idatzi, eta silaba horien gainean sortu zituen euskarazko hitzak. Oraingoan, disko osoko hitzak sortzea proposatu nion, eta horretan aritzeko gogo handia zuela esan zidan. Izugarria da haren lana: ez da soilik silabetara egokitzen; gainera, nik pasarte luze bat a batekin bukatzen banuen, berak ere a batekin amaitzen zuen.

Eta horrek ez du jokatzen hitzetan esaten denaren kaltetan?

Hori da harrigarriena. Batzuetan bertso egitura irregularra dute kantek. Silaba kopuru askotarikoak daude, eta horri guztiari zentzua ematen dio. Ikusiko duzue diskoa ateratzen denean. Izugarria da lan egiteko modua, eta izugarria da emaitza.

Zergatik erabili hari eta haize tresnak diskoan, jakinda gero asko zailtzen duela zuzenekoan ematea?

Hasieran, ez genuen asmo hori. Baina, osatu ahala, kantek eskatu egiten ziguten. Eta ez genuen ohiko sintetizadoreekin egin nahi, benetako gauza bat egin nahi genuelako. Akustikoak ematen ditudanean, bi txelo jotzaile eramaten ditut. Talde gaztea bildu dugu, 15-22 urte artekoak, eta gogoa nuen haiei grabazio batean parte hartzeko aukera emateko.

Plazaratu ondoren, zuzenean arituko zara. Zein formatutan joko duzu?

Nahiko nuke talde batekin jo, batez ere diskoa nola geratzen ari den ikusita. Baina badakit zaila dela Euskal Herriko zirkuituan sartzea estilo lasaiko musika. Dena den, aurrerantzean leku txikietan ere jotzeko asmoa dut, eta, horietan, bakarka edo txelo batekin joko nuke.

Gaurkoan, Eneko Sierra saxofonista, Leire Berasaluze abeslaria eta Karina Carmona txelo jotzailea izango dituzu lagun. Akustikoa izango da, baina anplifikazioarekin edo gabe?

Bakarrik joko dudan kantetan saiatuko naiz anplifikaziorik gabe jotzen, lekua kobazulo antzekoa dela eta akustika ona duela baliatuta. Baina txeloa eta saxoa sartzen direnean, agian anplifikatu beharko ditut gitarra edo ahotsa. Diskoan abestiak apainduago daude, baina balioko du ideia bat egiteko. Lekuak sekulako xarma du, eta kontzertua berezia izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.