Juan Luis Zabala. Idazlea

«Gaztetxeek ez dute lehen adina talka sortzen, onarpen handiagoa dute gizartean»

'Galdu arte' nobelaren inguruan solastuko da gaur Zabala. 80ko hamarkadan euskal literaturak gaztetxeekin eta punkarekin izan zuen harremana azalduko du, baita nobela idazteko prozesua ere.

BERRIA.
Maite Alustiza.
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
80ko hamarkadari begira jarrita daude Durangoko Zilar astean (Bizkaia). Juan Luis Zabala idazleak Punka eta literatura 80ko hamarkadan hitzaldia eskainiko du gaur, berak idatzitako Galdu artefikziozko nobelan oinarrituta. Azkoitiko gaztetxean girotutako nobela da, eta hamaika konturen inguruan jardungo du Zabalak udal liburutegian, 10:00etan.

Nola bizi izan zenuen zuk Azkoitiko gaztetxearen mugimendua?

Gazte garaian lagunarteko ilusioa zen gaztetxea sortzea, gizartea hobetzeko lan egitea... Ilusioa zegoen, baina baita kezka eta beldurra ere, mugimenduak gizartean sortzen zuen talkarekin. Herri txiki bat izanda denek ezagutzen genuen elkar, eta gaztetxekoa izateak estigma edo etiketa bat jartzea suposatzen zuen, eta horrek nolabait kezka eta ezinegona sortzen zuen. Oroitzapen onak ditut, inguruan tokatu zitzaidan mugimendua, eta hori izan zen nire lagunartea garai hartan.

Zer-nolako tokia zuen euskal literaturak garai hartako gaztetxeetan?

Hasieran ez zegoen inolako harremanik.Gaztetxeen inguruan sortu zen mugimenduak ez zeukan zerikusirik hizkuntzarekin, ezta literaturarekin ere. Musikarekin lotuagoa zegoen, eta talde batzuek euskararen alde egin zuten. Baina ordurako bazeuden idazle batzuk punka ezagutzen eta jarraitzen zutenak, eta idazle horien inguruan mugimendu bat sortu zen. Punka izan gabe, punketik ere bazeukan mugimendu hark. Hautsi egiten zuen ordura arteko egiturekin, errebeldia zegoen, eta hori dena euskararekin lotuta.

Nola islatu duzu liburuan garai hartako gazteen borroka?

Liburuan askotariko pertsonaiak azaltzen dira, baina protagonismoa hartzen duena Xepe da. Berak islatzen du garai hartako gazte askoren izateko modua. Momentuan barrutik ateratzen zaiona egiten du, nahiz eta jakin galtzen aterako dela. Ez du planteatzen estrategiarik garaipena lortzeko; inguratzen duen guztiaren aurka dago, eta horren kontra zuzenean doa. Galdu arte izenburuak kontraste hori markatzen du: estrategiarik gabeko borroka, espontaneoa, eta aldi berean etorkizunik gabekoa.

Azkoitia inguruko gaztetxeetan egon al zen mugimendurik?

Nik ezagutu nituenetan nahiko antzekoa izan zen. Azaleko ezaugarri batzuetan ezberdinak izan ziren, baina orokorrean zegoen giroa hori zen. Bazeuden bestelako gaztetxe batzuk ere, ezker abertzalearekin zuzenago lotuta zeudenak, baina gehienetan Azkoitikoan zegoen giroa zegoen. Guk ingurukoekin izan genuen harreman gehien: Oñati, Andoain, Tolosa, Azpeitia, Lasarte...

Nola ikusten duzu gaur egun gaztetxeetan dagoen mugimendua?

Gaur egun gaztetxeek ez dute gizartean halako talkarik sortzen, gizarte barruan txertatuago daude, eta onarpen handiagoa daukate. Denborarekin integratzen joan dira. Azkoitiko gaztetxea okupatu zen garaian talka handia egon zen gure gurasoen eta gure belaunaldiaren artean. Gurasoen belaunaldia gizarte itxi, katoliko eta askatasun gutxiko batean bizi zen, eta guk askatasunaren esparrua denera ireki nahi genuen. Zuritik beltzera edo beltzetik zurira pasatzea bezala izan zen. Berriak ziren janzteko moduak, ondo pasatzeko moduak, harremanak izateko moduak, drogak, musika, erlijio ikuspegia... Erabateko aldaketa bultzatu nahi zen gaztetxeetatik, eta horrek gaztetxeen aurkako erreakzio bat ere sortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.